Bejondeigula, Urola!

Ez da erraza hitz egokiak topatzea. IKARAGARRIA, KOLOSALA… eta hala ere motz gelditzen gara.
HERRI HARROAK gara, eta HARRO gaude gure HERRIEZ. Bihotz-bihotzez, ESKERRIK ASKO!

Oraindik emozioak pil-pilean ditugu, eta ez dugu guztiz asimilatu atzokoa; hala ere, garbi duguna zera da: MUNDIALAK ZARETE, MUNDIALAK GARA! Zorion eta esker mezuak jasotzen ari garen honetan, bueltan eman nahi dizkizuegu. Zorionak eta eskerrik asko Urolako herritarroi, KORRIKAREN olatu erraldoia osatu duzuelako. Zorionak Korrika batzordeetan buru-belarri aritu zaretenoi, zuen laguntzarik gabe ez litzatekeelako posible izango atzoko ZORAKERIA ZORAGARRIA . Eta gertatu zen, zuei esker gertatu ere! Eskerrik asko modu batean edo bestean 23.KORRIKAN parte hartu duzuen guztioi.

Bestalde, eskerrik asko AEK-ko ikasleoi Euskal Herria euskalduntzen laguntzeagatik, eta eskerrik asko azken egunetan gurekin izan duzuen pazientziagatik. ONENAK ZARETE!

Guztion artean lortuko dugu Euskal Herri euskalduna. Horretarako, ordea lanean jarraitu beharko dugu, HARRO. Oldarraldi guztiei aurre egiteko indarra beharko dugu; denon indarrak batu eta hortzak erakustea dagokigu orain.

Segi dezagun HARRO dagoen HERRIA izaten. HARRO gaudela erakusten, baina EZ KONFORME.

 

Urolako AEK




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide