Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Zestoako Musika Bandak behin betiko zuzendaria izendatzeko abiatu zuen hautaketa prozesua amaitu da, eta hainbat hilabeteren ostean, Beñat Etxabe izendatu dute bandaren zuzendari. Kepa Martinez de Albeniz izan da postu horretan aritu den azken zuzendaria eta hamasei urte egin zituen hark bandaren gidaritzapean. Ordutik, Beñat Etxabe bandakideak hartu zuen ardura behin-behinean.
Hautaketa prozesua ekainaren amaieran hasi zuten, eta sei hilabete iraun ditu. Atzo, hilaren 29an, Musika Bandako kideek egindako bozketaren ondoren, Beñat Etxabe herritarra aukeratu dute behin betiko zuzendari. Guztira hiru zuzendarik hartu dute parte prozesuan: Iñigo Cearsolo, Urtzi Iriondo eta Beñat Etxabe bera.
Prozesuaren barruan, hautagaiek zortzi entsegu eta kontzertu baten zuzendaritza hartu behar izan dute. Iñigo Cearsolok, Santa Zezilia eguneko kontzertua zuzendu zuen, eta Urtzi Iriondok, berriz, pasa berri den Gabonetako Kontzertua. Beñat Etxabek, aurretik behin-behineko zuzendari lanak eginda zituenez, ez zuen proba hori egin beharrik izan.