Albisteak

Bertsio gauarekin emango diote hasiera gaztetxeko urtemugari

Bihar, ostirala emango diote hasiera gaztetxeko 33. urtemugari. Bertsio gauarekin zabalduko dute egitaraua. Iluntzeko 22:00etan hasita, hamaika talde igoko dira gaztetxeko oholtzara, eta era guztietako doinuak entzuteko aukera izango da. Igandean, berriz, “Gaztetxeko urteak oroituz” izenburupean argazki erakusketa egingo dute eta ondoren, luntx-tertulia izango da.

Apirilaren 12an, 18an eta 25ean berriz, santakutzetako prestaketekin hasiko dira. Hilaren 15ean umeen eguna izango da eta eskulan tailerra eta Iago magoaren ikuskizuna antolatu dute egun horretarako. 16an Erresistentzia Kutxa Nazionalaren aldeko jaialdia ospatuko dute eta egun osokoan ekintzak izango dira: pala txapelketa, elkartasun argazkia, bertso bazkaria eta amaitzeko, DJ gaua. Asanbladako kideek jakinarazi dute bazkarirako txartelak eskura daitezkeela Portale tabernan.

Hilaren 23an izango da egun handia: urtemugako festa egingo dute. Eguerdian manifestazio izango da Indarrak biderkatzeko gaztetzea zentrora lemapean, eta ondoren, triki-poteoa egingo dute herriko kaleetan zehar. Eguerdian, bazkaria egingo dute eta ondoren, Raimundo el Canasteroren kontzertua izango da arkupetan. Arratsaldean, berriz, txarangak kalejira egingo du plazatik gaztetxera eta eguna amaitzeko, Display, Bake Faltsua eta eta Rodeo taldeek kontzertu bana eskainiko dute. Amaitutakoan, DJ HGSk emanaldia eskainiko du. Urtemugako ospakizunak hilaren 28an amaituko dituzte, santakutzetako entseguarekin eta pintxo-potearekin.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide