Albisteak

[BERTSIO LUZEA] Xuban Albizu, Akoatik mundura

Akoako Akoabarrena baserrian jaioa, 22 urte ditu Xuban Albizuk, eta LEINNen (Lidergoa, Ekintzailetza eta Berrikuntza) graduatua da. Haurra zenean eskolako txangoak gorroto bazituen ere, bidaiatzea bere bizimodu bilakatu du. Abenturazalea eta gazte ekintzailea, bidaiei lotutako enpresa propioa sortu zuen duela bi urte, eta, egun, finantzen kudeaketaren inguruko masterra ari da gauzatzen Napolin, Italian. Oso gaztea izan arren, azken urteetan makina bat herrialde ezagutzeko aukera izan du akoarrak. Animatzen al zara etxetik bada ere bere kontakizun eta esperientziei esker munduan zehar bidaiatzera?

Gaztea zara, baina Akoabarrena atzean utzi eta munduko txoko ugari ezagutzeko aukera izan duzu. Betidanik izan al duzu bidaiatzeko grina?

Txikia nintzenean, ez nintzen joaten eskolatik gaua igarotzera egin ohi ziren irteeretara. Beldurra ematen zidan, eta ez nuen joan nahi izaten. Eskola ibiltarietan ere ez nuen parte hartu. Batxilergoko bigarren mailan Europatik zehar ikaskideekin egin genuen bidaia izan zen nire abentura honen nolabaiteko abiapuntua. Gehiegi gustatu, eta leku gehiago ezagutzeko nahia piztu zitzaidan. Geroztik, ikasketei zein bidaia pertsonalei esker munduan zehar ibiltzeko aukera izan dut.

Batxilergoko bidaia amaitu ostean, LEINN (Lidergoa, Ekintzailetza eta Berrikuntza) ikasketei ekin zenien Mondragon Unibertsitatean. Zer dela-eta aukeratu zenuen gradu hau?

Nik, berez, Marketineko Gradua ikasi nahi nuen, Bilbon. Batxilergoan geundela graduaren nondik norakoak hobeto ezagutzeko ate irekietara joan nintzen, eta ez zitzaidan gehiegi gustatu ikusi nuena. Ez nekien zer egin, zer ikasi… Buruari buelta ugari eman nizkion, eta urte sabatikoa hartzea ere pentsatu nuen Australiara joan eta ingelesa ikasteko. Ikastetxeko orientatzailearekin eta familiarekin denbora luzez hitz egiten aritu nintzen, eta, halako batean, nire ikaskide batek esan zidan Mondragon Unibertsitateak eskaintzen zuen LEINN graduko ate irekietara zihoala. Ni ere animatu, eta ikustera joan nintzen. Gustatu egin zitzaidan, eta, nahiz eta hasiera batean graduak zer eskainiko zidan ondo ez jakin, hau ikastera sartu nintzen.

 

Zerk bultzatu zintuen ikasketekin jarraitzera urte sabatikoa hartu eta Australiara joan beharrean?

Momentu hartan hemendik norabait joatea zen nire nahia, Zestoatik irtetea. Baina iruditzen zitzaidan urte sabatikoa hartuko banu oso gogorra egingo zitzaidala itzuleran berriz ikasketei heltzea. Beraz, gradu honek alde batetik Zestoatik irteteko aukera ematen zidan, eta, bestetik, gainera, munduko leku ezberdinak ezagutu nitzakeen. Nolabait esateko, bilatzen ari nintzen hori eskaintzen zidan. Beti nahi izan dut enpresen administrazioarekin lotura zuen zerbaitetan aritu, baina ohiko Marketin edota Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduak darabilten metodologia ez zitzaidan gustatu. Gradu hau besteekiko ezberdina zela ikusten nuen. Metodologia finlandiarra du oinarri, “learning by doing”, hau da, eginez ikastea. Alderdi praktikoa gehiago lantzeko aukera ematen zidan, eta, bestalde, urte bakoitzean hilabete batzuez bidaiatzeko aukera ere bai. Hori izan zen nire erabakiaren zergatia.

Graduari esker, Finlandian, Txinan, Estatu Batuetan edota Indian egoteko aukera izan duzu. Zertan aritu zara herrialde hauetan guztietan?

Lehendabiziko mailan, Finlandian egon nintzen hiru hilabetez gutxi gora behera; San Frantzisko eta inguruak ezagutu nituen bigarrenean, eta Txinan eta Indian bina hilabete igaro nituen graduko hirugarren urtean. Herrialde hauek guztiak ezagutu eta turismoa egiteko aukera izan dut, baina graduan zehar lortu beharreko helburu batzuk erdiestea zen nire helburu, eta lan egitea bidaia hauetan guztietan. Graduan, proiektuak egiten ditugu, eta, herrialde hauetara bidaiatu aurretik, bertako zenbait enpresarekin harremanetan jarri behar nuen, bisitak eta proiektuak ixteko. Bigarren urtean, San Frantziskon, Silicon Valley bisitatu nuen, munduko enpresa teknologiko garrantzitsuenen bihotza, guztiok ulertzeko. Facebook, Instagram… Hainbat enpresa indartsu ikusteko aukera izan nuen, eta bertako jendearekin kontaktuan jarri proiektuak aurrera eramateko. Txinan ere berdin… Bidaia hauen guztien helburua zera da: munduko hainbat lekutan proiektu bat eta bestea aurrera eramaten jakiteko kontaktu sare bat sortzea. Turismoa bai, baina, bereziki, lanean aritu naiz bidaia hauetan.

Zeure kabuz ere makina bat bidaia egin dituzu.

Bai, egia da nire kabuz ere bidaia asko egin ditudala. Azken lau urte hauetan 40 herrialde baino gehiagotan egoteko aukera izan dut. Ikaskideekin Finlandian nengoela, Turku hirian bizi nintzen. Furgoneta bat alokatu, eta Laponiara joan ginen, Zirkulu Polar Artikora. 16 orduz gidatu genuen, eta hiru gau igaro genituen han, txabola batean, elurretan, ezerezaren erdian. Aurora borealak ikusteko zortea izan nuen, orain arte ikusi dudan gauza berezienetariko bat. Handik Norvegiako zatira joatea erabaki genuen, eta, gidatzen nindoala, istripua izan genuen. Geure kotxea elurretan iraulita gelditu zen. Ez genuen mugikorrik, estaldurarik ere ez zegoen, eta zero azpitik 35 gradu egiten zituen. Bi norvegiar azaldu ziren, eta beren 4×4 autoarekin lagundu ziguten.

Estatu Batuetan geunden bitartean egin genuen beste bidaia bat ere oso polita izan zen. Beste bi ikaskiderekin batera kotxe bat alokatu, eta, Kaliforniatik hasita, Route 66 egin genuen. Ordu asko pasatu nituen bolante aurrean. Ni nintzen gidabaimena zuen bakarra, baina esperientzia polita izan zen.

Bali, Indonesia, New York, Jordania, Maroko, Thailandia… Bidaia asko ditut gogoan. Hiru aldiz izan naiz Marokon, hiru egun igaro nituen hango desertuan. Norvegiako fiordoetan zehar ere ibili naiz, eta asko gustatu zaizkit hango inguruak: natura, elurra… Udan kuadrillakoekin Thailandian egon nintzen. Hango leku ezagun gehienak bisitatu genituen, eta barre ugari egin genuen; denetarik gertatu zitzaigun. Bitxikeria horiekin guztiekin gogoratzen naiz. Indonesian egon nintzen urtea ere ederra izan zen; izan ere, lau urteberri egun ospatu nituen: txinatarra, indonesiarra, indiarra eta geurea. Bitxia izan zen. Momentu eta bidaia ugari datozkit burura.

Bidaia hauek guztiak aberasgarriak izan al dira? Zer ikasi duzu?

Nire iritzi pertsonala da, baina iruditzen zait bidaiatzea ezinbestekoa dela. Azken finean, egoera ezberdin asko ikusten dituzu eta izugarri ikasten da. Txina, esaterako, zoramen hutsa da. Ezin dut hitzekin adierazi nolakoa den herrialde hura. Ezingo zenuke imajinatu han dagoen kaosa, bizitza erritmoa… Txinatik Indiara joan aurretik, Balin egon nintzen bi astez, oporretan, ikaragarria zen etxe batean. Eta erabateko paradisu eta luxutik Indiara joan nintzen. Agra hirira joan, eta baiezta daiteke Taj Mahala ikusgarria oso polita dela, baina, kanpoan, eraikinaren ondo-ondoan, jendea hilzorian dago. Egundoko talka egin zidan horrek. Indian, lehen bi asteetan, boluntariotza bat egin nuen, eta oso interesgarria izan zen. Umezurtzekin egon nintzen ni. Ume horiei bazkaltzen eta afaltzen ematea eta beren egunak arintzeko ekintzak egitea zen nire lana. Bertara iritsi nintzenean, haurrak arnes batekin hormara lotuta zeuden, hankak hautsiak zituzten, eta ezin zuten zutik ibili. Lurretik arrastaka ibiltzen ziren. Bazkaltzeko, barruan pilula bat zuen esponja moduko bat eman behar izaten nien. Hori zen beren eguneko bazkaria. Edateko, zuku bat. Kolpe latza izan zen Txinan eta Balin egotetik Indiako egoera gordina neure begiekin ikusi behar izatera igarotzea. Gauza askotaz ohartu nintzen momentu horretan. Gure eguneroko bizitzan ikusten ez ditugun egoera asko ikusi nituen. Bidaiatzeak hemen zeinen ongi bizi garen aintzat hartzeko eta munduko leku askotan horrela ez dela konturatzeko balio du.

Bisitatzeko aukera izan dituzun herrialde hauek guztiak ezberdinak dira oso. Zein izan da orain arteko bidaia kuttunena?

Txina. Egon naizen herrialde guztietatik gehien gustatu zaidana Txina izan da. Hasiera batean ez nuen hara joan nahi. Komunismoa eta kanpotik entzundako gauza askoren ondorioz, herrialdearen aurreiritzia nuen irudikatua buruan. Txinara iritsitakoan ere dena berdina zela iruditu zitzaidan. Ez zitzaidan gehiegi gustatu, eta hasiera batean pentsatu nuen ezingo nituela hurrengo bi hilabeteak han igaro. Pixkanaka, baina, herrialdea nolakoa den ezagutzen joan nintzen. Izugarria dela aitortu beharra dut. Nire izaerarekin bat egiten duen herrialdea delako edo, dudarik gabe orain arte gehien gustatu zaidan lekua da. Bertan bizitzen geratzea ere nahi izan nuen. Nire ikaskide batek han jarraitzen du, baina niri ez zitzaidan aukera hori sortu, eta Zestoara itzuli behar izan nuen. Egunen batean Shanghaira itzultzea gustatuko litzaidake, noski.

Bidaiatzea abentura ez ezik, egun zure lana ere bihurtu da, ala?

Bai, hori da. Graduko lehendabiziko urtean hasi nintzen bidaiekin, ikasbidaiak antolatzen. Proiektuak sortzeko prozesuetariko bat “brain storming”-a da, hau da, bururatzen zaizkizun ideia guztien zaparrada. Bururatutako ideia horien guztien artean zegoen ikasbidaiena, eta horrela hasi nintzen, nire ikaskide batzuekin batera. Garai batean ikasle izan nintzen Urola ikastetxeko ikasbidaia antolatzen hasi ginen, eta, pixkanaka, beste herri eta hirietako hainbat ikasleren bidaiak ere antolatzen joan ginen. Lau urtetan zehar, nahiz eta San Frantziskon edota beste lekuren baten egon, proiektu honekin jarraitu nuen. Ikasbidaiak prestatzen nituen, begirale batzuk kontratatu, edo ni neu joaten nintzen arduradun gisa… Munduan zehar nenbilen arren, ikasbidaiak mantentzen nituen. Beste taldeko ikaskide batzuek, berriz, kanpamenduak zuzentzen zituzten. Azken urtean, Indian nengoela, haiekin hitz egin, eta bi aukera garbi ikusi genituen: gradua amaitutakoan enpresa batean praktikak egitea, edota guk sortutako proiektuaren aldeko apustu sendoa egitea. Gure proiektuaren alde egin genuen; bi bidaia agentzia sortu, eta, lehiakide izan beharrean, kanpamenduak eta ikasbidaiak antolatuko zituen enpresa indartsu bati itxura ematea pentsatu genuen. Indian geundela erabaki genuen geure enpresa sortzea, eta, gaur egun, horrekin dihardugu. Graduko lau urteetan lortutako kontaktuei probetxua ateratzen diegu. Estatu Batuetan egon ginenean, Los Angeles, San Frantzisko, Arroila Handia, New York… bisitatu genituen. Hango familien kontaktuak erabiltzen ditugu udako kanpamenduak antolatzeko. Egun, 45 bat pertsona eramaten ditugu Estatu Batuetako familiekin uda igarotzera. Europan zehar ere kanpamendu bat antolatzen dugu Interrail formatuan, eta Euskal Herri mailan 22 ikasbidaia inguru antolatzen aritzen gara.

Argi al zenuen bidaiatzea ahalbidetuko zizun lanbide batean aritu nahi zenuela?

Betidanik izan dut buruan enpresen kudeaketarekin lotura duen zerbait egitea. Baina egia da horrelakoak beti ezinezkotzat jotzen ditugula. Ez nekien proiektuarekin hasteko ideia zaparrada hartatik zer irten zitekeen; ezin nezakeen imajinatu. Baina lehen momentutik argi izan nuen etorkizunean ez nuela neure burua leku finko batean bizitzen ikusten. Ez nituen 40 urte Zestoan bizitzen igaro nahi, hemendik irten gabe. Garbi nuen nire pentsamendu hark eta lanak gutxieneko lotura bat izan behar zutela. Leku ezberdinak ezagutu nahi nituen, eta ez Zestoan lan finko batean aritu. Egun, ikasbidaiak antolatzen egiten dudan lan honek aukera ematen dit gauza berri eta ezberdinak probatzeko munduko hainbat lekutan.

Eta aukera hori ondo baliatzen ari zara. Izan ere, Italia duzu orain ohiko bizileku, ezta?

Bai, orain arte Napolin egon naiz master ikasketak egiten. Duela bi urte sortu genuen enpresa propioa. Hura osatzen dugun kide bakoitzak profil eta zeregin jakin bat du, eta ni, gehienbat, enpresaren zenbakiez arduratzen naiz; kontabilitatea eramaten dut. Egia da graduan zehar kontabilitatearen inguruko irakasgaiak izan ditudala, baina xehetasunetan sartu gabe. Ez zitzaidan iruditzen nire lana behar bezala egin ahal izateko nahikoa zenik. Argi ikusi nuen munduan zehar 1.200 ikasle mugitzen jarraitzeko eta guztia ondo kudeatzeko formakuntza gehiago behar nuela. Master bat eta bestea begiratzen egon nintzen, eta Napolin, Italian, amaitu dut. Finantzen kudeaketaren inguruko master bat aurkitu nuen hemen, baina bidaia agentzien munduarekin lotura zuena. Horregatik erabaki nuen Akoa utzi eta Napolirako bidea hartzea.

Argi dago ez zaizula geldirik egotea gustatzen. Nola uztartu duzu Italian ikastea eta bien bitartean hemen duzun lana egitea?

Masterreko eskolak modulutan antolatuta daude. Horietariko bakoitza amaitzen denean, lanak aurkezteko, aste bat libre izaten dugu. Beraz, libre nituen aste horiek baliatzen nituen hona itzultzeko. Hiru aste pasatzen nituen Napolin, eta bat Zestoan. Hilabetean gutxienez astebetez etxean egoten nintzen. Arratsaldeko bostak arte lanean jarduten nuen, eta seietatik gaueko bederatziak arte eskolak izaten nituen.

Nire egunak 24 ordu izaten ditu. Nondik ateratzen duzu zuk denbora ikasketak, lana, bidaiak… guztia egiteko?

Ondo antolatzea da garrantzitsuena. Eskola eta eskolen artean libre izaten dudan aste hori, jaiegunak, zubiak… baliatzen ditut. Leku askotan izan naizenez, jendeak pentsa dezake oso ondo bizi naizela, une oro bidaiatzen ari naizela eta ezer gutxi egiten dudala. Agian hori dirudi, baina ez da horrela. Azterketak, lana… Ondo antolatzen dut nire egutegia. Egia da, ordea, lanak edozein momentutan deitzen duela. Jordaniako desertu erdian Skype bidez lanean aritu beharra izan dut, edota Norvegian ilundu eta etxera iritsitakoan lanean jarraitu behar izan dut. Bidaia guztietara eramaten ditut ordenagailua, iPad-a eta mugikorra, eta, iristen naizen herrialde bakoitzean, SIM txartel bat erosi behar izaten dut. Berdin dio jaieguna den edo oporretan nagoen, kanpoan ere lana egin izan ohi dut.

Zein egoeratan harrapatu zintuen COVID-19ak? Napolin al zinen egoera okertzen hasi zen unean?

Koronabirusaren inguruan hitz egiten hasi zen momentuan, Italian nengoen. Aste hartan, Zestoara itzultzea egokitzen zitzaidan. Lehenengoz aireportuetan tenperatura neurtzen hasi ziren momentua zen. Harrituta nengoen ni, urrutiko zerbait bezala hartzen nuen oraindik. Astebetez etxean egon ondoren, berriz ere Napolira itzuli nintzen. Jordaniara joateko bidaia bat hartua nuen eta aireportuan jada tentsioa nabaritu nuen: jendea hegazkineko eserlekuak desinfektatzen, maskaren erabilera nabaria… Zerbait kezkagarria gerta zitekeenaren susmoa hartu nion, eta, Jordaniatik Napolira iritsi eta bi egunera, etxera itzuli ahal izateko hegaldi bat hartu nuen. Egoerak okerrera egin aurretik, Zestoan egon nahi nuen.

Egoera hobetzen denean Italiara itzuliko al zara? Etxetik bada ere masterrarekin jarraitzen al duzu?

Masterrarekin Internet bidez jarraitzeko da, oraingoz, esan digutena. Egoera korapilatsu hau amaitzen denean, ez dakit zer egingo dudan. Ez dakit zein izango den egoera, noiz itzuliko garen gutxiengo normaltasun batera… baina korrika eta presaka irten nintzen Napolitik, eta gauza guztiak han ditut. Beraz, nire gauzak berreskuratzera, gutxienez, itzuli beharra dut. Ikusi egin beharko da nolako bilakaera izaten duen gaixotasunak. Ekain hasiera arte han egotea zen nire plana. Orain, ikusi egin beharko da… Ea ahalik eta bizkorrena itzultzen garen normaltasunera.

 

Zuen lanean ere egoera honek eragina izango zuen, jakina…

Napolin nengoela ere ordenagailu bidez aritu naiz lanean, eta telelana ez da berria niretzat. Hala ere, erabateko kaosa ari da izaten. Kursaalean antolatzen genuen ikasleentzako ekitaldi jendetsua ere bertan behera gelditu zen, eta antolatutako ikasbidaia guztiak martxoaren 30erako zeuden planifikatuta. Bidaia batzuk bertan behera gelditu dira, eta beste 15 bat bidaia atzeratzeko prozesuan gaude orain. Ekainera atzeratzen ari gara, baina ez dakigu orduan nolakoa izango den egoera, bidaiatzeko aukerarik izango ote den….

Azken urte hauetan 40 herrialde baino gehiago bisitatu dituzula aipatu duzu. Pentsatu al duzu zein izango den hurrengoa?

Momentuz udararako bidaia bat dut prestatua. Abuztuko hilabete guztia Filipinetan igarotzea da nire nahia, baina, bizi dugun egoera ikusita, ez dakit posible izango den hara bidaiatu ahal izatea.

Bidaia bat egitea pentsatzen duzun momentuan, zer lehenesten duzu? Zeren arabera aukeratzen dituzu helmugak?

Egia esan, ez dakit. Mugikorrean bisitatzea gustatuko litzaidakeen herrialdeen zerrenda bat dut. Bidaiatzen duen jendearen bideoak ikusten ditut YouTube-n, eta telebista saio batean agertzen den leku bat deigarria egiten bazait, nire zerrenda horretan txertatzen dut. Horren arabera joaten naiz helmugak erabakitzen, baina ez dakit zer lehenesten dudan. Momentuan sentitzen dudana egiten dut. Hori bai, prezioak edota lekuak bisitatzeko garai onenak kontuan izaten ditut.

Eta etorkizunean, non ikusten duzu zeure burua?

Urte hauetan guztietan ikusi dudan gauza bat izan da hasieran hemendik irtetea nahi nuela. Horregatik pentsatu nuen Australiara joatea, horregatik aukeratu nuen LEINN gradua. Baina orain, lau urte beranduago, konturatu naiz etxean bezala ez dela inon egoten. Bidaiatzen jarraituko dut, noski, beste leku asko ezagutzen jarraitu nahi dut, baina ez dut neure burua Euskal Herritik kanpo bizitzen ikusten.

 

Naiara Olaizola




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide