Albisteak

Beste hiru positibo detektatu ditu Osasun Sailak herrian

Beste hiru kasu positibo gehiago zenbatu ditu azken 24 orduetan Osakidetzak Zestoan. 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa 991,39 kasukoa da. Eskualdean positiboek nabarmen egin dute gora. 81 kasu baieztatu dira azken orduetan, atzo baino 35 gehiago. Igoera esanguratsua izan da Azpeitian, atzo 8 kasu baieztatu ziren eta gaur, 23. Azkoitian 13 positibo berri zenbatu dituzte, 15 Zarautzen, 12 Zumaian, 7 Orion, 5 Aizarnazabalen, 2 Aian eta Getarian bakarra. 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztiek semaforo gorria piztuta dute. Oriok kolore laranja zuen atzo baina positiboek gora egin dute eta kolore gorrian daude gaur. Azpeiti, Azkoiti, Zarautz, Zumaia eta Orioko 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasak 500dik gorakoak dira.

Positiboak goraka doaz EAEn. Osakidetzak 15.611 PCR eta antigeno proba egin ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta horietatik 1.425 positibo detektatu dira (atzo baino 305 gehiago): 630 Gipuzkoan, 623 Bizkaian eta 163 Araban. Atzo egindako frogen %9,1ak emaitza positiboa izan dute. EAE-tik kanpo bizi diren 9 pertsonak ere positibo eman dutela jakinarazi du Osasun Sailak. Hiru lurraldeetan 460 pertsona daude ospitaleratuta eta horietatik 107 daude ZIUn. Nafarroan, berriz, positibo kopuruak behera jarraitzen du. 3.807 froga egin dituzte azken 24 orduetan eta horietatik 343 positibo zenbatu dituzte, atzo baino 88 gutxiago.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide