Albisteak

Beti ikasten da zerbait

Urola, Irure, Asuncion, Karmelo, Lizaso, Artetxe, Kristina, Goñi, Alkorta, Blasa, Kerejeta, Zurbano. Hotel guztien errepasoa egin zuen Bizente Davilak joan den larunbatean, ‘Ezkutuko altxorrak’ egitasmoaren baitan antolatutako bisita gidatuan. Pio Barojak idatzita utzitakoak, uda pasatzera etorri zirenak edota Saezmiera maixua izan zituen hizpide Davilak. Hemen, larunbatean entzundako pasarte batzuk:

Casa Torre, lehenengo hotela

Egun Agustin taberna deitzen zaiona, Pensión Romana izan zen herriko lehen hotela. Casa Torre zuen berezko izena.

XIV. mendean, Zestoa sortu zenean, harresiak lau ate zituen eta horietako bakarra mantentzen da gaur egun, Agustin ondokoa. Ate hauen ondoan etxe fortifikatu bat izaten zen beti, normalean familia garrantzitsu batena eta hemen ere halakoxe dorre bat zegoen.

XVIII. mende bukaeran Gipuzkoako herri ezberdinetan batzar orokorrak izaten ziren, baita Zestoan ere (gurean, gainera, 1840. urte inguruko eserlekuak mantendu dira). Batzarkideek egunak pasa behar izaten zituzten hona etortzeko eta udalak herrian zehar banatzen zituen etxez etxe, batzarkide bakoitza herritar baten etxean. Herritarrak ordea, ez zeuden horrekin gustura. Udalak horregatik gutxi ordaintzen zuela eta gainera, etxean zeukaten onena eman behar izaten zitzaien. Udalak, garbi zuen ordea, norbaitek batzarkide bat etxean hartzen ez bazuen, ez ziotela teilarik, su egurrik edota ikatzik emango. Arazoa konpontzeko, Posada eraikitzeko agindua eman zuen udalak XVIII. mende bukaeran eta Francisco de Ibero arkitektoak egin zuen lana. Garai honetan aurkitu zituzten Bainuetxeko urak eta gerora hotel gehiago eraiki zituzten.

Pio Baroja

1895ean mediku funtzionario gisa etorri zen herrira. Donostian jaioa zen eta euskaraz bazekien. Iritsi zenean, Gran Hotela egiten ari ziren. Mundu guztiarekin haserre ibili zen; mediku zaharrarekin, alkatearekin, notarioarekin… Jendeak gaizki begiratzen ziola esaten zuen, igandetan lan egiten zuelako. Notarioarena izandako gela batean egon zen Baroja, Kaleokerrean.

Gauez auzo eta baserrietara joatea nolako lan gogorra zen ere kontatzen du bere idatzietan: jantzi, gauean zaldi gainean bide ilunetan, farola hartuta, bide luzeak, lokatzez beteriko bideak, eta gero baserri barruan logela iluna lanparatxoarekin eta berriro bueltan zeru beltz izartua edo lainotua edo elurra.

Bainuetxea

Bainuetxeaz ere gauza asko kontatu zituen Davilak. Jantoki nagusia egiten ari zirenean igeltsero talde asko ibili zen han lanean. Andaluziar dezente etorri zela lanera eta “fanfarroi” xamarrak zirela. Zestoar mutilek ez zituzten oso begiko. Haserreak ere izan zituzten tartean eta 12 metroko altuerako aldamio batetik langile bat bota omen zuten. Barojak sendatu behar izan zuen eta gainera, ordaindu gabe joan omen ziren.

Urte batzuk pasata, mediku izateari utzi zion. Ez omen zekien diagnostikoak egiten, ezta aurreko medikuak egiten zuena ere, alegia, sendagai mordo bat eman eta hortik komisioak jaso.

Hemen dituzue larunbateko bisitan hartutako irudiak:




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide