Paperekoa
… BI ALKANDORA JANTZITA – Kepa Iribar
— 2016-02-01Zuenean ez dakit, baina orain dela 9 hilabetetik hona, afal aurreko ordu hori gure etxean kaotiko xamarra da: bateko afaria prestatu beharra, besteko dutxa, bainu, edo pardel aldatzea, hango pijama janztea, eta hemengo “garbitu eskuak!”. Ez da kaos beldurgarria, kaos ordenatua nahi baduzue, baina kaosa azken finean.
Pasa den astean, ordu inguru horretan, aurreko guztia gutxi ez eta telefonoa hasi zen joka. Begiratu nuenean, deitzailearen zenbakia 91arekin hasten zela ikusi nuen. Ez hartzea erabaki nuen. Alaba zaharrenak, 7 urteko neskato bati dagokion moduan, galdera luzatua zidan: “zergatik ez duzu hartu?”. Azaldu nion batzutan, baimenik eskatu gabe, zerbait saldu nahi duen norbaitek deitzen duela etxeetara, eta nik zerbait falta badut edo erosi nahi badut, neu joaten naizela bila. Eta erdi brometan esan nion: “ba al dakizu zein izango litzatekeen konponbidea? bertsotan erantzutea”. Harridura aurpegiarekin begiratu zidan, “aitatxoooo!”. Eta nik jarraitu. Halako dei bat jasotzean, parean egokitzen den Vodafoneko Luis Albertori edo Allianz Seguros-eko Claudiari zortziko txikian erantzutea. “Bapatean dakienak, egin dezala” esan nion, “eta ni bezala gaitasunik ez duenak, Txirritaren ari naizela, ari naizela…”.
Gustatu egin zitzaidan neure ideia. Denok ados jarri eta egingo bagenu, akaso Euskal Herrira gehiago horietako inork ez deitzea lortuko genuke. Telefonozko publizitatetik salbu. Lau errima eta bost doinu, edo Txirritarena beti gogoan izan, eta kitto!!
7 urteko neskatoari dagokion logika ikusgarriaz, alabak galdera: “aita, eta bertsotan erantzuten badizute?”. Ño, hori ez zitzaidan burutik pasa. Baina egia esan, posible da. Multinazional handi hauek ez dira erraz garaitzen, ez dute amore ematen lehenengotik. Hauek kapaz dira Andoni Egaña edo Maialen Lujanbio nomiman sartzeko. Eta nork esaten dio ezetz Egañari bertsotan? nik ez behintzat.
Beraz, mahaia jartzen nuen bitartean, neure ideia miresgarriak zirrikituren bat bazuela konturatzen hasita, zera esan nion alabari: “bueno, ba zenbaki arraroren bat ikusten dugunean, ez hartu eta kito. Eta orain goazen mahaira, afaria prest dago eta”.
Kepa Iribar
Egin zaitez bazkide