Albisteak

Bi eragile indartsuren bateratzetik etorriko diren proiektu sendo eta esanguratsuen hastapenetan

Gazte Asanbladak eta Fundizio Musika Elkarteak indarrak batu eta aurkezpen festa antolatu dute uztailaren 31rako: Fundizio Fest. Talde bakoitzeko kide bat hartuta, bateratzearen inguruan jardun dugu Oihane Ibarguren (Zestoa, 2000) eta Julen Irurerekin (Zestoa, 1999)

Gazte Asanblada azken urteetan apalago sumatu dugu, orain indarberritzen bezala ikusten da, zein egoeratan zaudete?

Oihane: Azken urtetan egundoko aldaketa jo du. Egia esan nahiko makalduta zegoen bai baina azken bost urte hauetan jende berria etortzen hasi da eta orain hogei lagunetik gora biltzen gara astero Asanbladatan. Lehen mahai baten inguruan biltzen ginen eta orain korro zabal bat egin behar izaten dugu. Belaunaldi berriak sartu dira, 15-16 urteko gazteak eta horren eragina antzeman egiten da.

Zein proiektu darabilzkizute esku artean?

O: Garaiko egoerari eutsiz, momentuan momentukoa egiten egon gara azken aldian eta orain berriz, aurrera begira jarrita gaude, epe luzerako plangintzak lantzen ari gara. Iraila indartsu hasiko dugu. Fundizio Fest prestatzen buru-belarri gabiltza. Bi eragile indartsu elkartu gara eta aurrera begira herritarrei onura ezberdinak eskainiko dizkien proiektu sendo eta esanguratsuak sortuko ditugulakoan gaude.

Konta ezaguzue pixka bat zer den Fundizio Musika Elkartea eta zein helbururekin sortu den?

Julen: Ni orain dela bost hilabete bakarrik sartu naiz hemen, baina, esango nuke dela herrian musika sortzen jarraitu ahal izateko, estazioko lokal honen erabilera zehaztuko duen taldea. Zestoak beti izan du musika talde berriak sortzeko joera, beti izan gara musikeroak baina horretan ekarpen handia egin duela uste dut lokal honek. Lokal hau herritar askoren musika sortzen hasteko lekua izan da eta Fundizio Musika Elkarteak lokal hau baliabide modura kudeatuko luke.

Talde pila bat zabiltzate lokal honetan ezta?

J: Bai eta egin esan ez gara kabitzen. Teilatupe honen erdia erabiltzen dugu guk eta beste erdia Udalari eskatuta daukagu eta laster osoa izateko esperantzan gaude. Zazpi, zortzi talde ari gara ensaiatzen hemen eta egia esan beharrezkoa dugu leku gehiago, aspaldi gelditu zen txiki. Gure moduko hasi berrientzat ondo dago, baina, talde batzuk gu baino gehiago dira eta haiek leku gehiago behar dute hasten jarraitzeko.

Nola eman da bi eragileen bateratzea?

O: Gaztetxean beti izan dugu Rock komisioa, hortik antolatu izan dira herriko kontzertuak, Bertsio Gaua… Helburua beti izan da taldeei baliabideak ematea musika sortzera bultzatzeko, aurreneko kontzertuak emateko eszenatokia eskaintzea… Gure nahia baliabide gehiago ematea zen baina gaztetxean 40 laguneko aforoa dugu kontzertutarako eta alde horretatik mugatuta geunden. Covid- gabe ere, borondate ona bai baina Gaztetxean kontzertuetarako areto egokirik ez dugu, soinu aldetik, baldintza aldetik… Konturatzen ginen geltokiko lokal honetanĀ  jende asko zebilela, oso indartsu zegoela lokala eta indarrak batu behar genituela eta aukera berriak landu. Bagenekien zerbait erakargarria ateratzeko aukerak emango zituela bi eragileen bateratzeak.

Gaztetxeko “bertsio gauek” ere bere ekarpentxoa egiten zuten ala?

J: Bai! dudarik gabe. Gu Gaztetxeko bertsio gauaren aitzakian hasi ginen elkartzen baina gero Covid-a etorri zen eta ez zen egin. Hala ere ensaiatzen jarraitzea pentsatu genuen eta azkenean Manitu taldea sortu dugu eta hemen gaude saltsan sartuta eta engantxatuta.

O: Bertsio gaua ona izaten zen Gaztetxeak talde hauei aurreneko eszenatoki hori eskaintzen zielako, baina aurten hori ez dugu izan eta zuzenean kontzertua eskaintzea tokatuko zaie talde batzuei eta polita izango da. Jakinda nolako arrakasta izaten zuen bertsio gauak, Gaztetxea leporaino betetzen zen eta herri osoa elkartzen zen, ezin genuen 40 laguntzentzat antolatu.

Bi eragileen bateratzeak emango duen aurreneko alea Fundizio Festa hau izango da ezta?

O: Bai hori da. Ibilbide berri baten hasieran gaudela esango genuke. Orain festa honekin gaude, hau aurkezpen moduko bat izango da eta ondoren esku artean ditugun ekintza eta proiektu ugari etorriko dira. Festa honen helburua bateratzea aurkezteaz gain, lokaleko taldeei bultzada ekonomiko bat ematea ere izango da. Sinbolikoki bada ere, diru pixka bat lortzeko, 10 euroko sarrera horregatik jarri da. Eserlekutik altxa gabe edaria kontsumitzeko aukera ere izango da eta hortik ere zerbait aterako da.

Zer aurkituko dugu Fundizio Festen?

J:Bost talde zestoar eta bi DJ zestoar. Guztira ia 30 lagun inguru igoko dira eszenatokira. Talde guztiak bere osotasunean zestoarrak ez badira ere lokalen ensaiatzen dutenak dira eta denek dute kide zestoarren bat gutxienez. 11:30ean irekiko dira ateak eta 12:00etan hasiko da festa Displasy eta Hellwatzh taldeekin. 14:30ean etena egingo da eta 16:30ean irekiko dira ateak berriz Manitu, Rodeo eta talde sorpresaren txanda izango dira eta berriro ere etena egingo da 20:00etan. Festari bukaera emateko bi DJ zestoar arituko dira gaueko 23:00ak arte HGS eta Triki

Ondo zehaztuta duzue protokoloa?

O: Bai, neurriak ondo bete nahi ditugu. Ez dugu aurreneko ekintzan hanka sartzerik izan nahi. Sarrerak eta ondo errespetatuko dira, eserlekuak seinaka jarrita egongo dira eta ezingo da sartu eta atera ibili, zerbitzari batzuk egongo dira eta edaria eserlekuetara eramango da, komunak ere egongo dira bertan eta eremu guztia hesiz itxita egongo da. Taldeek beraien materiala saltzeko aukera ere izango dute kamisetak, poltsak…

Jendea animatu beharrik ba al da?

O: 160 laguneko aforoa dugu. Asteartean jarri genituen sarrerak salgai eta jada erdiak saldu dira. Joateko asmoz dagoena mugi dadila.

J: Nik uste herrian zer sortzen ari den ezagutzeko aukera polita izango dela.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide