Albisteak

Bi kasu positibo zenbatu dituzte asteburuan Zestoan

Osasun Sailak emandako datuen arabera, bi kasu positibo zenbatu dira asteburuan herrian. 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 208,71 kasukoa da Zestoan. Eskualdean, 83 kasu positibo zenbatu dituzte ostiraletik igandera bitartean, aurreko astean baino 48 kasu gehiago. Gehienak Azpeitian zenbatu dira, 33 kasu hain zuzen ere. Eremu gorrian dago orain Azpeitia, intzidentzia tasa 500dik gorakoa dute han eta ostalariek establezimenduetako ateak itxiko dituzte.

Gainontzeko herrietan intzidentzia tasa 500dik behera mantentzen da. Zarautzen 24 kasu zenbatu dituzte eta semaforo laranja kolorean dute. Azkoitian hamaika kasu zenbatu dituzte asteburuan, lau Zumaian, bost Orion, hiru Aian, eta bakarra Getarian. Aizarnazabalen, Errezilen eta Beizaman ez dute kasurik atzeman.

Osakidetzak 22.020 PCR eta antigeno proba egin ditu asteburuan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta horietatik 1.436 positibo detektatu dira: 473 Gipuzkoan, 658 Bizkaian eta 296 Araban. EAEtik kanpo bizi diren bederatzi pertsonek ere positibo eman dute. Positibotasun tasa %7,2koa izan zen ostiralean, %6koa larunbatean eta %6,1ekoa atzo, igandea. Hiru lurraldeetan 375 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik, 112, ZIUn.

Nafarroan, berriz, 1.002 PCR eta 178  antigeno froga egin zituzten igandean eta horietatik, 68 kasu positibo zenbatu dituzte, egindako frogen %5,8a.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide