Bi platertxo

Oso opari ederra ekarri zidan neure buruak pasa den abenduaren 20an; egin nezakeen nire auto-oparia Olentzeroren egunarekin bat etortzea, baina ez, gero eta ateoagoa naiz kontsumismoa gurtzeko jarri ditugun santu laiko eta erlijioso horien aurrean. Kontsumitzeko ez da Olentzero, Errege Magorik, Santa Klausik eta gainerakoen aitzakiarik behar, eta, tira, ni behintzat ikaragarri gustura geratu nintzen neure buruari egindako oparitxoarekin. Ikusten den bezala (beti bezala, irudian sakatu eta handiago ikus daiteke), bi platertxo dira, egurrezkoak, horman zintzilikatzeko prestatuak, 15 bat zentimetroko diametroa bakoitzak. Eder-ederrak izan arren, ez nituen erosiko bitxikeria bat izan ez balute: “Cestona” jartzen dute biek ala biek.

Eskuz pintatuak daude eta xehetasun dezenterekin gainera. Euskal artea pixka bat ezagutzen duena berehala konturatuko da Arrueren estiloa dutela irudiek. Margolaria, marrazkilaria, kartelgile handia zen Jose Arrue, bere anai-arrebak bezala. Bilbon, Parisen, Milanen eta abarrean burutu zituen ikasketak. Arrueren pinturaren oinarria baserritar mundua da, XX. mende hasieran hainbat tokitan galzorian dagoen mundu hori: baserriko lanak, herri kirolak, erromeriak… Estilo oso berezia garatu zuen, eta euskal munduari begirada erromantikoa eskaini zion arren, garaiko pintura abangoardiekin harreman estua zuen.

Bi platerok M. Burgos margolariak sinatzen ditu baina ez daukagu inongo arrastorik zein zen Burgos delako hori. Beste margolantxo bat aurkitu dugu interneten antzeko gaia landuz baina hortik aurrera ezer ere ez. Ez dakigu Arrue pertsonalki ezagutzen ote zuen, haren lanen imitatzaile bakarrik ote zen… Arrueren makina bat margolan eta postal argitaratu izan ziren gerra aurretik eta, agian, handik ezagutuko zuen. Kontuak kontu, bistakoa da oso estilo arrakastatsua izan zela urte askoan, baita frankismo garaian ere, eta horren beste adibide bat lirateke Koiote tabernako bi margoak (orain dagoela eta haren azpian zegoena).

Hemen, M. Burgosek euskal mundu idilikoaren topiko guztiak jasotzen ditu: zuhaizpea, baserri prototipikoa, mendia eta soroak…; eta, garrantzitsuenak, bi aitona-amona horiek: batak ogia, ardoa eta fruta aurrean dituela; eta bestea, emazte leial gisa, gizonarentzat gazta zati bat ebakitzen. Indarra –orain gutxitua, agian– bastoiak irudikatzen du (gizonak), eta edertasuna berriz, loreek (emakumeak). Biek ala biek edade handikoak dirudite, tradizioa eta iraupena irudikatuz. Serio daude biak, kezkatuta dago-eta Arrue (M. Burgos ere bai?) baserri mundu horren gainbeheraz.

Gure herriari dagokionez, mantsoagatik antzeman zion Barojak zer zetorren. Honela dio Vitrina pintoresca artikulu bilduman (1935): Ni joan nintzen duela lauzpabost urte Zestoara, gaztea nintzelarik mediku izan nintzen tokira. Zestoa zen, duela berrogei bat urte, harresitutako herrixka bat, grisa eta iluna, muino harritsu batean kokatua. Berriro ikusi nuenean, porlanezko artefacto zuri batzuk ageri ziren, historiaurreko animaliaren baten hezurdura ziruditenak. Berriro herrira ez azaltzeko promesa egin nion neure buruari. (Vitrina pintoresca, 1935). Norbaitek antzeman ez badio, artefacto zuri haiek, historiaurreko animaliaren baten hezurdura ziruditenak, gure hotelak ziren, eta sekulako atzerakoa eragin zioten Piori.

Ordurako, irudi erromantiko eta estereotipo bihurtu ziren nire platertxoetan ageri diren baserri horiek, gaur egun, hormigoiz eta kare-haitzez seriean errepikatzen diren milaka neo-baserriren inspirazio iturri. Baina, tira, utz dezagun hementxe, ez zaigu komeni-eta urte berria ozpintzerik. Bada, horixe, Urte berri on, denoi!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide