Albisteak

[ERREPORTAIA] Bidaiatu nahi? Jagoba Astiazaran

Atzokoan Miguel Santamariaren Asiako bira kontatu genizuen eta gaur Jagoba Astiazaranen Montenegroko bidaia dakarkizuegu. Gozatu!

Mendi eta Itsaso: Montenegro

Jagoba Astiazaran Korta

Ez naiz bereziki mendizalea, itsasertza nahiago beti. Pasa den udan pandemia garaiko oporraldia igarotzeko hori bilatzen nuen: Europako kostalde ezezagun eta lasaia, turismo masibotik urrun, hondartzez gain herrialde bat ezagutzeko aukera emango zidana. Ez nintzen ohartu, ordea, izenean “mendia” ageri duen herrialdeak itsasoa bai, baina maldak ere galantak dituela!

Dubrovnikera hartu genuen hegaldia, Game of thrones famatuari “esker” turismo masiboaren ikur bilakatu den hirira errazago topa daitezke hegaldiak, eta Dubrovniketik autoz hogei minutu eskasera dago Montenegroko muga. Aireportu bertan autoa alokatu eta 600.000 biztanle soilik dituen herrialdea ezagutzeari ekin genion.

Bidaia hasi orduko Kotorko badia edo ahoarekin egin genuen topo. Mendi garaiez inguraturiko kostaldea, Mediterraneoko fiordoak deitu ohi zaien paisaia ederrak. Kotor hirira iritsi aurretik, merezi du lehen geldialdia Perast herri txikian egitea, mendi altuen artean bainatzeko leku zoragarria da.

Kotor, aldiz, turistentzat prestatutako hiria da, ohikoa da greziar uharteetara bidean gurutzaontzi handiekin topo egitea. Bere harresietan barrena merezi du tontor batean dagoen San Giovanni gaztelura iristea.

Baina maldan gora goiz abiatzea komeni da, udako giro sargoria saihesteko. Guk, horretan pentsatu ez eta, eguerdiko eguzki galdatan egin genuen bidea. Esfortzuaren ordainsaria? Handik ikus daitekeen paisaia, badiaren postal kutsuko argazkia. Nire kasuan sorpresa bikoitza izan zen. Tontorrean, eta Decathloneko arropak soinean nituela, oparitu baitzidan neska-lagunak ezkon-eraztuna.

Kotor atzean utzi eta kostaldetik jarraitu genion bideari:

Tivat. Montenegroko “Puerto Banus”

Budva. Alde zahar berezia

Sveti Stefan. Luxuzko hotela bilakatu dute penintsula osoa, eta bi aldeetan bi hondartza eder, bata mila euro gaua ordaintzen duten aberatsentzat, bestea herritar xumeentzat.

Stari Bar. Abandonatutako hiri zaharra, ahaztutako kanpandorre eta geldirik dirauten erlojuak.

Ulcinj. Kostaldeko azken herrixka.

Guztira berrehun kilometro luze dituen kostaldea zeharkatu eta barnealdera egin genuen, Skardar aintzira ezagutzera. Bidean Lipako kobak bisitatzea merezi du. Adi! Kanpoaldean 40 gradu badira ere, kobazuloan hotz ikaragarria egiten du (gu txankleta eta bainujantzitan). Espero ez genuen paradisua da Skadar aintzira. Itsaso berde bat dirudien aintzira amaiezina, isiltasuna eta bakea. Etxejabeak egunean bertan arrantzatutako arrain freskoa afaltzea eta hurrengo goizean bere txaluparen bakardadean nabigatzea benetako luxua izan ziren. Hotelik garestienak eskaini ezin ditzakeen esperientziak.

Sorpresaz betetako herrialdea da Montenegro:

– Mendi garai eta hondartza ederren arteko konbinazio perfektua.

– Turismo masibotik urrun.

– Hegaldi labur eta merke batean iritsi gaitezken Europako txoko ezezaguna.

– Erosoa eta merkea, euroa erabiltzen dute.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide