Albisteak

“Bidasoa 2018-2023” dokumentala ikusteko aukera izan zen astelehenean Alonderon

Portale kultur elkarteak antolatuta, “Bidasoa 2018-2023” dokumentala ikusteko aukera izan zen astelehenean Alonderon. Fermin Muguruzak zuzendutako dokumentalak, 2018ko udan Frantziak ezarri zituen Pirinio-Atlantikoko Bidasoako muga naturalaren pasagunetako kontrol eta itxierek eragindako egoera azaltzen du. Donostiako Zinemaldian estreinatu zen dokumentala eta zinema aretoetatik pasa ondoren, jada Primeran plataforman ikusgai dago doan.

Dokumentala ikusi ondoren solasaldia izan zen “Bidasoa etorkinekin” sareko Mikel Ibarguren eta Aintzane Lasarte boluntarioekin. Beraien bizipenez gain hainbat datu ere eman zituzten. Ez dira muga pasatzen laguntzen duten boluntarioak, behin muga pasata, Bidasoa ibaiaren beste aldean aurkitzen dituzten migranteei Baionara iristen laguntzen diete. Han baitago Pausa, migranteentzako atseden zentroa. Edozein bazterretan, beldurtuta, nekatuta eta ezkutatua aurkitzen dituzte askotan etorkinak. Geroz eta gehiago dira. Datu zehatzik ez dute, ezinezkoa baita, baina 2021 eta 22an 4700 migrante iritsi ziren mugara. 23an, 2500 inguru, eta aurten, bi hilabete besterik ez dira pasa, eta jada 1000 pertsona inguru iritsi dira. Ia astero egiten dute Hendaia ingurutik Baionarako bidea boluntario hauek. Hizkuntzaren zailtasunak, autoan jasotakoek boluntarioengan duten mesfidantza, beldurra, nekea eta antzeko beste osagai batzuen artean gogor jarraitzen du sareak lanean. Lan hori “modu seguru batean” egitea nahiko lukete, beldurrik gabe, bidean inork geldituko dituen kezkarik gabe, baimen eta berme guztiekin.

Solasaldiaren amaieran, “Bidasoa etorkinekin” sareko kideek Korrikak Ficoba pareko muga pasako duen zatira bertaratzeko deia egin zuten. Martxoaren 14an, Korrika hasten den egunean, 17:00ak inguruan hartuko dute lekukoa sareko kideek eta jendetsua izatea nahiko lukete beraien Korrikako zatia.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide