BIDEGORRIARI BURUZ

Zestoan bidegorriari buruz hitz egiterakoan denok dakigu Urolako trenaren ibilbideko bideaz ari garela. Dena dela, esan dezagun gure kasuan bidegorria baino bideberdea deitzea zuzenagoa dela.

Gaurkoan ordea ez gara deituraren zergaitiaz arituko, bidearen aurrekariez baizik. Urolako trenaren ibilbidea aisialdirako prestatzeko proiektuak nagusiki azken hamarkadan burutu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, zatirik luzeena, Azkoitiatik Zumarragarainokoa, Nuarbe eta Brinkolako urtegiak lotzeko proiektuaren ondorioa izan zen. Azkoitia eta Azpeitiaren lotura errazagoa izanik, ordurako ibilbide gisa egokitua zegoen eta Azpeitiatik Lasaora artekoa ere aurreko legealdian atondu zen.

Gauzak horrela, Lasaotik Zumaiarainokoari heldu behar zitzaiola eta, aurreko legealdian GFAk antolatu zituen Urola Erdiko aurrekontu parte hartzaileetan, herritarrek diru zatirik nagusiena bidea kostaraino konpontzeko erabiltzea erabaki zuten eta horrela burutu zen Lasao eta Zestoara artekoa.

Legealdiaren amaieran beste aurrekontu parte hartzaileen saio batean Zestoatik Arroabera artekoa burutzeko 250 mila euro arteko diru kopurua erabiltzea erabaki zen. Ondorioz, Iraetako bi tunelak ireki eta argiztatzeaz gain trenaren ibilbidea baliatuz Arroabera artekoa amaitzea hitzartu zuten Aldundiak eta Zestoako Udalak.

Tuneletan jada lanean hasiak zirelarik, 2015eko maiatzean Udal eta Foru hauteskundeak burutu ziren eta Aldundiko gobernuaren aldaketarekin batera, EAJk dena bertan behera utzi zuen, aurrekontu parte hartzaileetan herritarrek erabakitako diru partidak ezabatuaz. Imanol Lasa aldundiko bozeramale berriaren arabera, nonbait herritar gutxik hartu zutela parte bileretan eta aurreko legealdian onartutakoa baliorik gabe uztea erabaki zutela. EL DIARIO VASCO egunkariak ez du horrelakorik argitaratu eta argitaratuko, noski!

Harrigarriena, aurreko legealdian EAJk ere, oposizioan egonik, aipatu diru partidak onartu izana da. Hori horrela, gobernu aldaketa izanda ere, proiektuak aurrera egingo zuela uste izatekoa zen baina zoritxarrez, dirudienez EAJk Gipuzkoan beste lehentasun batzuk dituenez, Donostiako metroa eta errauskailua kasu, bide berdearen aurrekontuak indargabetuta utzi zituen, horretarako aitzakia maltzurrak erabiliaz.

Zestoako herritarrak bereziki kaltetuak izan zirela ikusirik, Zestoako Ehbilduk, Udal Gobernuari Aldundiari bidea egiteko izendatua zegoen dirua berriro aktibatzea eskatu arren, ez da ezer egin eta dena geldirik dago.

Hauek dira egitateak, eta proiektua gelditu izanaren arduradun politiko nagusia zein izan den ere garbi dago. Oraindik ez da berandu ordea, eta borondate politikorik balego, epe labur batean bidea egiteko oztoporik ez legoke. Oztopo teknikorik nagusiena Arroabea eta Narrondo lotzean datza baina gaur egungo ahalmenekin askoz gauza zailagoak egin izan dira.

Zestoako Ehbilduk bere esku dagoen guztia egingo du, gure ongi izatearekin zerikusia duen proiektua dela uste dugulako eta herriko auzo ezberdinak lotzeaz gain, Urola bailara osoaren bertebraziorako baliabide aparte izango delako bideberdea.

Halere, eremu politikotik harago, herritarren ekimena ere garrantzitsua izanik, Arroabeko herritarren ekimena eta aldarria benetan zoriontzekoa delakoan gaude.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide