[BIDEOA] Bihurtu KALEak BALE

Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren baitan, “Bihurtu KALEak BALE” egitasmoa jarri genuen martxan Danbolin eta Zestoako Udalak elkarlanean. Helburua ez da izan zabor asko biltzea, ez eta egoera honetan talde handietan garbiketa egitea ere, baizik eta keinu txikiak eginez eragitea eta ingurukoei ikustaraztea. Konfinamenduan kale eta bazterrak garbi zeuden eta ateratzen hasi garenean berriro lehengo “normaltasunera” itzuli gara kaleetako zikinkeriari dagokionean.

Zestoa, Arroagoia, Aizarna eta Arroabeko haur, gaztetxo eta gurasoek hartu dute parte egitasmoan. Auzo eta herriguneko txokoak garbitu dituzte. Parte hartzaileei azaldu zaie bidea ez dela beti garbitzen jardutea, ez zikintzen ikastea baizik. Bazterrak garbi daudela iruditzen bazaigu ere, azkenerako zabor poltsak bete egiten direla eta gure begientzat zaborra ikusezin bihurtu dela ikusi dugu. Honek horrela ezin duela jarraitu ikasi dugu eta gure lagunen baten zaborra lurrera botatzen badu, goxo-goxo baina jasotzeko eskatuko diogula. Zikintzen ari den planeta denona baita, ez berea bakarrik!

Hona hemen hartu ditugun irudiekin osatutako bideoa: