[BIDEOA] Uztapideren lana plazaratzeko bertso astea antolatu du Udalak

 

Manuel Olaizola Uztapideren figura eta lana omentzeko asmoz, Uztapide plazara bertso astea antolatu du Zestoako Udalak maiatzaren 17tik 22ra bitartean. Aste horren baitan, Nire Uztapide liburuaren aurkezpen musikatua, ‘Uztapide, bertsotik prosara’ hitzaldia, Arroa inguruko bertso historiaren inguruko hitzaldi-tertulia eta Txapeldunen Bertso Jaialdia antolatu dituzte. Astelehen arratsaldean aurkeztu zuten egitasmoa Mikel Arregi alkateak, Pako Aristi idazleak eta Aizpea Aristi eta Joritz Zunzunegi musikariek.

Mikel Arregi alkateak azaldu zuen herriko belaunaldi berrietako herritarrek Uztapide nor zen ez jakiteak kezkatuta hausnartzen hasi zirela: “Ez da Zestoan gertatzen den gauza bakarra. Euskal Herrian eta gurea bezalako herri euskaldunetan gertatzen den kontu bat da. Bere garaian euskal kulturako erreferente nagusi izandakoak, belaunaldi berrientzat ezezagun izatea fenomeno bat da. Horren inguruan hausnarketa batzuk egiten hasi ginen eta hor egin genuen topo Pako Aristik duela 22 urte idatzitako Nire Uztapide liburuarekin. Pentsatu genuen garai ona zela gure gaztetxo eta nerabeei Uztapide bera eta bere obra ezagutzera emateko egitasmo edo bertso aste bat antolatzea”. Uztapide gazteengana hurbiltzeko asmoz, Aristiren liburua herriko hiru eskoletan irakurriko dute eta horrekin lotuta bertsolariaren inguruko saio didaktiko bat egingo dute. Horrez gain, liburua salgai jarri dute Potxolo liburu dendan, Konpitteko tabernan eta Txara janari dendan.

Aristiren lana bueltan

Pako Arsitik duela 22 urte idatzitako Nire Uztapide liburuaren aurkezpen musikatuarekin hasiko da bertso astea. Liburua berrargitaratu du Erein argitaletxeak. Aristik azaldu zuen liburua berrargitaratzea “oso garrantzitsua” izan dela beretzat eta espero duela hala izatea zestoarrentzat eta Euskal Herriatarrentzat ere. “Liburu hau lokartuta zegoen, edo hilda, deskatalogatuta. Duela 22 urte argitaratu zuen bertsozale elkarteak asmo batekin: bertsolari klasikoen bizitzak nobelatzea”. Horren helburua bertsolari horiek gazteengana hurbiltzea zen, gero institutu mailan zabaltzeko asmoarekin.

Aristik hiru iturri erabili zituen liburua idazteko: Uztapidek berak idatzitako prosa, Manuel Lasarteren Uztapide gogoan liburua eta Joxe Kruz Ezeiza Kaxka oiartzuarraren testigantza. “Kaxkak harreman bizia izan zuen Uztapiderekin. Azken bi urteetan, tronbosi baten ondorioz, kantatu eginik gelditu zen Uztapide eta omenaldiak egiten zizkiotenean berak idatzitako bertsoak Kaxkak abesten zituen jendaurrean”. Aristik azaldu zuen gizon “serioa” zela Uztapide, eta “parrandero izugarria”. Izugarrizko jakin-mina omen zuen eta bere bizitza osoan ez omen zuen jakin-min hori galdu.

Hilaren 17ko aurkezpenean Aristirekin batera izango dira Joritz Zunzunegi eta Aizpea Aristi musikari zestoarrak. Uztapideri buruz dakiten “apurra” ekimen honen bueltan ikasi edo entzun dutela azaldu zuen Zunzunegik aurkezpenean. Bertsolariaren obrak ikusteko eta irakurtzeko aukera izan dutela aipatu zuen eta “benetan interesgarria” iruditu zaie: “Guk ez dugu zorterik izan Uztapide pertsonalki oholtzetan ikusteko. Beti entzun ditugu oihartzunak berarik buruz, eta ekimen honek horretarako balio dezake, gure belaunaldikoak eta ondorengoak jakitun izateko zer eduki dugun herri honetan eta hori guregana ekartzeko”.

Zunzunegik eta Aristik Uztapideren hiru bertso sorta aurkeztuko dituzte. Aristik eman zituen bertso horien inguruko xehetasunak, eta honela aurkeztu zituen: “1961ean Uztapide eta Xalbadorrek egin zuten bertso sorta bat abestuko dugu aurrena. Aldamio batean daude biak eta aldamio hori erortzeko zorian dago. Zutik mantentzeko modu bakarra bietako bat aldamiotik botatzea da. Bertso sorta horretan ikusten da Uztapidek eta Xalbadorrek elkarrekiko zuten maitasuna eta laguntasuna, oso bertso emozionanteak dira. Bigarren bertso sorta 1975ean idatzitako Sasoia joan eta gero liburuan agertzen diren Zestoari eskainitako bertsoak dira. Eta azkenak, 1962an Euskal Herriko bertsolari txapelketa lehen aldiz irabazi zuenean buruz burukoan amari eskainitako bertsoak izango dira”.

Hitzaldia eta txapeldunen saioa

Maiatzaren 19an, osteguna, ‘Uztapide, bertsotik prosara’ hitzaldia eskainiko du Xabier Amurizak Kultur Etxean. 20an, berriz, ‘Arroa inguruko bertso historia; txapel bat mila buru’ hitzaldi-tertulia izango da Arroabean. Mikel Arregik azaldu zuen Uztapidek bere entrenamenduak Arroa inguruko baserrietan zeuden bertsolariekin egiten zituela eta saioan horri buruz arituko direla.

Egitasmoari amaiera biribila emateko, Txapeldunen Bertso Jaialdia antolatu dute hilaren 22rako. Bertan izango dira Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak. Bertsolari horiez gain, bertan izango da Xabier Amuriza ere. Bat-bateko bertsolaritza utzita dago Amuriza baina hala ere saioan parte hartuko du. Saioko sarrerak eskuragai daude turismo bulegoan.

Hemen egitaraua osorik:

Maiatzak 17, asteartea :

19:00etan, Zestoako Kultur Etxeko aretoan, Nire Uztapide liburuaren aurkezpen musikatua. Hizlariak: Pako Aristi eta Joxe Kruz Ezeiza Kaxka. Musikariak: Aizpea Aristi eta Joritz Zunzunegi.

Maiatzak 19, osteguna:

19:00etan, Kultur Etxeko aretoan, ‘Uztapide, bertsotik prosara’ hitzaldia, Xabier Amurizarekin.

Maiatzak 20, ostirala:

19:00etan, Arroabeko eskola zaharrean: ‘Arroa inguruko bertso historia; txapel bat mila buru’ hitzaldi-tertulia.

Maiatzak 22, igandea:

18:00etan, Zestoako kiroldegian: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña. Xabier Amurizaren parte-hartzarekin (sarrerak salgai turismo bulegoan)