Albisteak

Bigarren Eskuko Azokarako bilketa izango da datozen bi asteetan

Maiatzaren 21ean izango den Herri Azokaren barruan, Bigarren Eskuko Azoka izango da. Eta horretarako maiatzaren 4, 5, 6, 9, 10, 11, 12 eta 13an azokarako materialen bilketa izango da Eliz-ondo zinema zaharrean arratsaldeko 18:00etatik 19:30etara. Antolatzaileek igorritako ohar honetan azalpen gehiago dituzue:

Nola parte hartu dezakegu bigarren eskuko azokan? Hemen dituzu azalpenak:

  • Maiatzarren 21ean izango da Bigarren Eskuko Azoka, herriko hainbat eragilek elkarlanean antolatuko duten Herri Azokaren barruan;  eta herritarrok etxean alferrik ditugun produktuak beste jende batek erabili ditzan eskaini ditzakegu.
  • Bigarren Eskuko Azoka herriko plazan kokatua egongo da.
  • Gu arduratuko gara 2. eskuko produktuak bildu, katalogatu eta saltzeaz. Saltzen ez direnak Arropa Solidarioak bilduko ditu hurrengo azoka edo banaketa baterako.
  • Herritarrok erabiltzen ez ditugun jostailu, liburu, altzari, arropa… eman egingo dugu modu solidarioan, trukean dirurik jaso gabe; eta herritarrok emandako produktuak guztientzat eskuragarri izango diren prezioetan salduko dira. Diru horrekin Elikagai Bankua edo herriko beste zenbait gizarte-eragile lagunduko dira urtean zehar euren jarduerarekin jarraitzeko.
  • Nahi dugunok gure postu propioa jartzeko aukera izango dugu azokan bertan. Kasu honetan aurrez taldearekin harremanetan jarri beharko da (produktuen bilketa egingo den egunetan gerturatu ahal izango da postua jartzeko izena ematera).
  • Produktu asko ekartzen ditugun herritarroi, azokan, postuan egotea eta inplikatzea eskatuko zaigu. Laguntzaileak behar dira Bigarren Eskuko Azoka ondo atera dadin, eta bolondres talde bat nahitaezkoa izango da.
  • Maiatzaren 4, 5, 6, 9, 10, 11, 12 eta 13 izango dira bilketa egunak. Edozein zalantza, postua jartzeko izen-ematea, azoka aurrera ateratzen laguntzeko prest dagoenaren izen-ematea eta abar egun horietan egingo dira, arratsaldeko 18:00etatik 19:30etara, Eliz-ondo zinema zaharrean.

Printzipioz ez dugu mugarik jarriko ekarri daitekeenari dagokionez. Zentzuz jokatzea eskatzen dugu, eta, beraz, horrelako dendetan saltzeko egon ohi diren produktuak ekar ditzakegu. Produktuak berrerabiltzeko moduan eta txukun egon behar dute. Aurrez jakinarazten bada, erraz konpontzeko moduko matxuraren bat edota axola ez duen kalteren bat izan dezakete. Hori bai, pisu handia duten gauzak (Altzariak, hozkailuak, etab.) edota ekartzeko arazoa eman dezaketenak argazki bidez erakutsiko ditugu, eta emailea eta interesatua harremanetan jartzeaz arduratuko gara.

Saldu daitezkeen produktuen adibideak:

  • Janztekoak: arropak, botak, zapatilak, kirol arropa, eta abar.
  • Etxeko eta brikolajeko tresna elektrikoak: telebistak, DVDak, irratiak, ordenagailuak, hozkailuak, kafeterak, zuku-makinak, bihurkinak (atornillador), zulagailuak (taladro), eta abar.
  • Aisialdirako produktuak: bizikletak, patinak, baloiak, pilotak, eskiak, lerak (trineo), elurretarako eta surferako taulak, mendirako tresnak, eta abar.
  • Etxeko osagarriak eta apaingarriak: koadroak, altzariak, aulkiak, antigoaleko objektuak, dekorazioko figurak, mahai-tresneria (cuberteria), ontziteria (vajilla), eta abar.
  • Bestelakoak: liburuak, haurrentzako jostailuak, mugikorrak, vintage edo retro produktuak, kolekzionismorako objektuak, poltsak, pultserak, lepokoak, eta abar.

Etxean soberan edo erabili gabe dituzuen gauzek ez al dizute lekurik okupatzen? Beste pertsona batzuentzat erabilgarri izan daitezke. Ekarri bigarren eskuko azokara!

Egun bizi dugun krisi ekonomikoak oso egoera zailean utzi ditu herritar asko. Gutxi batzuen neurrira antolaturiko eredu ekonomikoak gehiengoaren kaltea, bazterketa eta eskubideen murrizketa baino ez du ekarri. Zentzu horretan, gehiengo horren elkarlana beharrezkoa izango da aldaketa bultzatzeko.

Aldaketa sakonak behar ditugu justua eta solidarioa izango den gizarte baterantz bidea egiteko. Baina argi dugu aldaketa txiki askoren baturatik etorriko direla aldaketa sakonak.

Zentzu honetan, Zestoan bertan, herritarren elkarlanetik eta parte hartzetik aldaketa horretan eragin dezakegula sinistuta gaude.

Kontsumo ereduaren inguruko gogoeta bultzatu nahi dugu. Nola kontsumitzen dugu? Zein dira gure benetako beharrak? Erabiltzen ez ditugun zenbat gauza ditugu etxean? Zer egiten dugu horiekin? Beharrezkoa al da beti gauza berriak erostea? Eta herritarren artean elkarbanatuko bagenitu?
Galdera horien inguruan denon arteko gogoeta proposatu nahi dugu. Eta honekin lotuta, bigarren eskuko produktuen salerosketari bultzadatxoa eman nahi diogu Zestoan.





Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide