Bizitzaren lagunak

Liburu zaharren artean zokomiran ibili nintzen atzo Donostian. Patxi Ezkiagak 2002an argitaratutako Uso bat gehiago erosi nuen, besteak beste. Gustukoa dut Ezkiaga baina ez nuen ezagutzen liburu hori, eta, hara nola izaten diren gauzak, erosi ondoren parke batean irakurtzen jarri, eta segituan gure herriaren aipamenarekin topo egin nuen. Hara, zer gauza bitxia. Testuaren abiapuntua eskutitz bat da (fikziozkoa): Mariak bere lagun Estherri eskutitz bat idatzi dio, azken hori bolada txar bat pasatzen ari da-eta. Eskutitz horretan, Mariak Joxe Sabas izeneko pertsonaiarekin izandako erlazioaren berri ematen dio lagunari; Maria eskolan zebilenean nola agure edadetu hori ezagutu zuen eta zer nolako zirrara eragin zion. Joxe Sabas pertsonaia misteriotsua da, eta hari buruz ez da azaltzen datu askorik liburuan.

(…) Joxe Sabasek garrantzi handiko sekretua kontatu zidan”, dio Mariak. “Aspalditik, bere zenbait ikasle ohiri barruan paperezko irudiak zeuzkaten gutunak bidaltzen zizkiela urtebetetzerako, sinadurarik gabe. Nor izan ote zitekeen oparitxo haiek bidaltzen zizkiena eztabaidatzen hasiak omen ziren. Gutunaren zigiluari begiratzen ziotenean, batzuek Zestuako marrazkilari bat izan behar zuela omen zioten, Santa Agedara erotuta eraman behar izan zutena. Beste batzuen ustez Barakaldoko tabernari baten alaba izan zitekeen, gelako guztiak zoriontzea atsegin zuena, lagun gehiago egitearren.”

Esan bezala, fikziozko pertsonaia da Joxe Sabas eta ezin jakin benetakotik zer daukan, Zestoan eskola emandako salletarren baten bizitza errealean oinarrituta ote dagoen eta abar. Egileak, alegia Patxi Ezkiagak, hauxe dio Argia aldizkarian: “Liburuan, Joxe Sabas du izena, izen hori ematea erabaki nuelako, beste zenbait izen ere eman niezazkiokeen arren. Baina Joxe Sabas Iriarte hil berria zen, eta haren itzalak oraindik ere lorratz luzea uzten zuen bidean, eguzkia bizitzaz jabetzen zen egunetan batik bat”. Azalpenak jakin-mina pizten du behintzat. Ni baino zaharragoek, han salletarrekin ikasitakoek, argitu beharko digute Zestoan eskolak ematen jardundako norbaiten inspiratuta ote dagoen. Zer diozu zuk, Pello? (Aranberri).

Liburuan aurrera joan ahala, esaten digu: “–Badakizu zer, Maria? –esaten zidan–. Zestuako nire ikasle ohiek ez dakite ni lehenago Barakaldon izana nintzela, eta Barakaldokoek ez dakite handik Zestuara joan nintzela.

Mariaren hitzez baliatuz esaten du Ezkiagak urteak eman zituela, hemen eta han, Joxe Sabasek oparitutako paperezko irudiak biltzen. Eta hitzen mezu ezkutua jasotzeko gauza zela erabaki zuenean, liburu apal baten modura jartzera erabaki zuela. Eta liburu hari Uso bat gehiago deitu zion.

Javier Rojok egindako iruzkin batek dioen bezala, testu laburrak dira, batzuetan epigramak diruditenak, askotan parabola itxurako kontakizun alegorikoak. Haietan bizitzaren filosofia erakusten du: naturaren aurreko jarrera, mirespenez betea, bizitzeko poza, baikortasuna…. Hain nahasia dirudien mundu modernoan honelako liburu batek lasaitasun apur bat hartzeko aukera eskaintzen du, mundua beste perspektiba batetik ikusteko.

Hemen uzten dizkizuet adibidetxo batzuk. Gozatu!

* * *

Bizitzaren lagunak. Zirimiri bigun eta gozoak gardentasunez janzten ditu gereziak, marrubiak, murtxikak, sagarrak, mizpirak eta beste fruituak; kazkabar gogor eta indartsuak, ordea, mailu ankerra bailitzan, astindu egiten ditu, jo, lurreratu. Belar sortu berria ere biguna da, samurra; ihartutakoan, aldiz, gogor gelditzen da, lehor.

Ez al zara konturatu gizartean ere horregatik izan ohi direla indartsuak eta gogorrak heriotzaren lagunak; eta bigunak eta samurrak, aldiz, bizitzarekin dantzatzen direla?

* * *

Orroa. Aurrena tiroa izan zen. Oreinaren orroa gero, orro ikaragarria, luzea eta ozena, ez hondorik ez amaierarik ez zeukana; tristeziazko zirkuluak eta zirkuluak bakarrik.

* * *

Euri gozoa. Neskato bat itzuli berri da alaba txikiena hil zaien bizilagunen etxetik.

Zertara joan zara, baina, Ines? –galdetu dio aitak.

Ama kontsolatzera.

Ama kontsolatzera? Eta zer egin duzu?

Bere belaunetan eseri naiz eta berarekin batera Mariagatik negar egin dut.

 

Argazkia: “Hermanotako eskolan”, gaur Kultur Etxea den tokian, jolasean, 60ko hamarkadan.