Albisteak

Ceferino Peña omendu dute

Ceferino Peña Zubia gogoratu dute gaur Arroabean. 36. urteurreneko mezaren ondoren omenalditxo bat egin diote 1980an ETAk hil zuen herritarrari. 1980ko maiatzaren 16an hil zuten, gerora ETAk hutsegitea izan zela adierazi zuen, helburuz nahasi zela. Omenaldian izan dira, Peñaren familiakoak, lagunak, herritarrak eta Zestoako Udaleko bi alderdietako ordezkariak. Gaurtik aurrera, Arroabeko Memoriaren Txokoak Ceferino Peñaren oroitarria izango du, Jose Mari Kortaren eta gerra ondoren behartutako lanean ibilitakoen oroigarrien ondoan. Musika, dantza, lore eskaintza, olerkiak, alkatearen eta auzotarren hitzak … izan dira ekitaldian.  Ceferinoren alaba Kristinak eta bere lagun batek, soinuz lagunduriko doinuekin eman zaio amaiera omenaldiari. Familiakoek eskerrak eman nahi izan dizkiete gerturatu diren guztiei eta bakea eta oroimena direla etorkizuneko bidea azpimarratu dute.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide