Albisteak

Danbolin ikerlari: Akabo eztabaidak!

Zenbat aldiz ibili gara lagun artean, familian, lantokian edo bakarka, geure usteari eutsiz bururi bueltaka? Gai baten inguruan ados jarri ezinik? Bakoitzak bere bizipen eta oroitzapenetatik egiten ditu kalkuluak: “gogoan dut, nola ni oraindik gurasoenean bizi nintzen” edota, “esango nuke, oraindik egin gabe zegoela halako eraikina…” Orain, ordea, internetera jotzen dugu askotan eta akabo eztabaidak eta buru nekeak. Baina, erantzun guztiak al daude Interneten?

Danbolinen ere sortzen zaizkigu tarteka horrelako galderak eta egiten ditugu gure ikerketa txikiak, esaterako: “zein urtetan hasi ziren emakumeak aurrenekoz danborra jotzen Zestoan?” horren erantzunik ez zegoen sarean eta elkarte bateko eta besteko kideak mareatu genituen eta atera genuen arrastoa.

Herriko informazio “txiki” guztia ez dago interneten eta atal berri honetan Danbolin detektibe lanetan jarriko dugu. Oraindik ere txokoren batean ziur duzula erantzuna jarri ez diozun galderaren bat.

– Zenbat urte dira … gertatu zela?, Zenbat urte iraun zuen…?, Ze kostu izan zuen? Noiz sortu zen…? Noiz eraitsi zen…? Zenbat … daude herrian? …

Bota zure galdera edo denon artean erantzuten saiatuko gara.

Urte amaieran, galdera proposamena egiten dutenek “Herrian sortua” zozketan parte hartuko dute

Bidali zure galderak info@danbolin.eus helbidera edo 722 60 92 65 telefono zenbakira.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide