Albisteak

Dantzaurrea berriro plazara

Itxaropena dantza taldeko kideek protagonismo berezia izango dute aurtengo amabirjin jaietan. Gaur arratsaldean txupinazoa botatzeko ohorea dute, hain zuzen. 35 urte beteko ditu aurki dantza taldeak, eta urteurrena ospatzeko, festei hasiera emateko suziria botako dute ikasle eta irakasleek udaletxeko balkoitik. Ondoren, bandarekin batera kalejira egingo dute herriko kaleetan barrena.

Gaurkoa ez da festetan izango duten hitzordu bakarra izango. Berrikuntzekin datoz Itxaropenako kideak. Izan ere, dantzaurrea berriro plazara ekarriko dute. Herrian galduta zegoen ohitura da dantzaurrea, baina dantza taldeak berriro gurera ekarri nahi izan du. Hori dela eta, udal ordezkariak aterako dira dantzara bihar eguerdian Itxaropenako dantzariekin batera.

Umeen egunean ere dantzaurrea protagonista izango da, seigarren maila amaitu berri duten gaztetxoak aterako baitira dantzara. Sokarekin egingo dute dantza aurrena, eta ondoren, zahagi dantza dantzatuko dute. Arratsaldean izango da dantza taldeko kideen azken hitzordua. Zahagi-dantzariak kalez kale aterako dira herriko trikitilariekin batera, eta festei amaiera bikaina emateko, azken dantzaurrea eskainiko dute plazan.

Aipatu moduan, dantzaurrea gurean galdutzat eman den ohitura izan da gaur arte. Itxaropenako kideek ordea, ohiturari berriro eutsi nahi izan diote. Amaiur Aristi dantza taldeko kideak, aurreskuari eta dantzaurreei buruzko artikulu interesgarria idatzi zuen Danbolinen 2020ko uztailean. Honela amaitu zuen Aristik artikulu hura: “Nahi izanez gero, erronka ederra dugu aurrean, tradizioari erreparatu ondoren egokitu edo sor ditzagun gure soka-dantzak eta denok eskutik helduta goazen plazara, dantzara!”. Iritsi da garaia, eta dantzaurreek berriro gure plaza hartuko dute aurtengoan.

Artikulu hori gure atarira ekartzeko egun aproposa da gaurkoa, eta hemen dituzue Aristik idatzitako lerroak:

Aurreskua, soka-dantza edo dantzaurrea, eskuetatik heldu eta plazara

Aurresku” hitza entzutean, dantzari bat omendu bati aurrez aurre dantzan etorri ohi zaigu burura. Aurreskua, ordea, taldeko dantza da eta gehienok buruan dugun dantza hori aurreskuaren edo soka-dantzaren zatitxo bat besterik ez da, “agurra” deiturikoa. Sokan, taldean dantzatzeko ohitura galtzen joan da eta bakarkako zatia bakarrik mantendu da. Euskal Herriko ia herri guztietan bezala Zestoan ohikoa izan da soka-dantzak dantzatzea, baina oro har, ohitura galtzen joan da. Gurean aizarnarrak dira gaur egun aurreskua sokan dantzatzen duten bakarrak.

Aurreskua, soka-dantza, dantzaurrea

Soka-dantza edo aurreskuan dantzariak elkarri eskuetatik helduta soka edo katea osatuz irteten dira plazara. Ordulariaren kontrako norabidean mugitzen dira. Sokako lehen dantzariak (aurreskuak) gidatu ohi du taldea eta sokako azkenengo dantzariaren (atzeskua) laguntzarekin zuzentzen du dantza. Ohikoa da, dantzariek zenbait mugimendu eta urratsa dantzatu ondoren, ikusleak gonbidatzea sokara. Gonbidatuei agurra dantzatzen zaie eta gero sokan sartzen dira.

Leku eta eskualdearen arabera hainbat izen erabiltzen dira soka-dantzak izendatzeko: dantza-soka, aurreskua, erregelak, karrika-dantza, esku-dantza, dantza-luzea, dantza erreala, zortzikoa… Zestoan, adibidez, dantzaurrea ere deitu izan zaio.

Erromerietan, agintarien omenez edota herritarrek ondo pasatzeko dantzatu izan dira soka-dantzak. Askotan modu inprobisatuan dantzatzen ziren, baina gaur egun erritualizatu egin dira. XXI. mendean ezagutzen ditugun soka-dantza gehienak testuinguru erritualetan eta protokoloetan dantzatzen dira. Festa edo jaiegun handietan dantza taldeek, herritarrek, auzotarrek, udal ordezkariek, gazteek, haurrek, ezkonduek… dantzatzen dituzte.

Gure herriko aurreskuak

Aizarnan bakarrik mantendu da aurresku osoa dantzatzeko ohitura. Abuztuan ospatzen diren festetan gazteek oilasko-biltzea egiten dute. Goizean baserrietan eta arratsaldean auzoko etxeetan eskean eta dantzan ibiltzen dira. Eguerdian, plazara iristen direnean, aurreskua egiten dute.

Gainerako auzoetan eta herrigunean gaur egun ez da aurreskurik dantzatzen, baina badakigu XX. mendean dantzatu izan zela. XX. mende hasieran ohitura zen iraileko festetan herriko hoteletan zahagi-dantza dantzatzea eta bukaeran plazara iritsi eta aurreskua egitea. Honela kontatzen du Juan Jose Saezmiera Maixuak Zestoari Gorazarre liburuan: Herriko plazan, barrerak oraindik kendu gabe egon ohi ziren, […]. Horrela, plaza nagusian aurreskua dantzatzen zen eta baita beste dantza berezi bat ere, Joxe Mari Barrenak oilasko-dantza egiten baitzuen. Aurreskuarekin batera, oilasko-dantza ere egiten zuten. Dantzari bat, begiak zapi batekin tapatuta zituela, oilaskoari lepoa mozten saiatzen zen musikaren erritmoan. Dantza hori Aizarnan duela ez askora arte mantendu da.

Karlos Etxeberria (1932-2017) herritarrak kontatu zidan behin Zestoako jaietako dantzaurrean askotan udal ordezkariek ateratzen zutela soka eta dantzan jakinez gero, dantzatu ere egiten zutela. Aitak, Joxe Mari Etxeberriak, dantzaurrean dantzatzen zuela zioen; teniente alcalde izan zen eta udaran alkatea ordezkatu ohi zuen, baita dantzaurrean ere.

Pepita Iriondok Nire pausoak liburuan jasotakoa irakurrita, helduek ez ezik, haurrek ere sokak ateratzen zituztela dakigu: Sanjoanetan eta santakutzetan erromeria ederrak egiten ziren plazan, tartean dantzaurreak. […] Dantzaurreak helduentzat eta txikientzat izaten ziren. Emakumezkoak alde batean jartzen ziren eta gizonezkoak bestean. Gizonezkoek emakumezkoak ateratzen zituzten. Lehenengo biribilean jartzen ziren zapiekin eta dantzan hasi. Orduan, gizonezkoak izkinatik hasita emakumezkoak banan-banan ateratzen zituzten bakoitzari dantza eginez. Horrela gizonezko eta emakumezko mordoa zapien bidez eskutik helduta elkartzen zen.

Generoen araberako sailkapena eta hierarkizazioa

Joan Ignazio Iztueta, XVIII. mendeko dantza-maisu eta folkloristak generoaren eta adinaren arabera egituratutako soka-dantzak aurkeztu zituen Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia (1824) lanean: gizon-dantza, gazte-dantza, etxekoandre-dantza, galaien esku-dantza, neskatxen esku-dantza. Esan daiteke hierarkizatu egiten dituela, aurkeztutako ordenari, zein dantza bakoitzari emandako pisua eta xehetasunei erreparatuz. Gizon-dantza azaltzen du aurrena. Dantza horri buruzkoak dira xehetasun gehienak eta besteetan ez bezala zehazten du protokoloa.

Izendapen horiek soka-dantzak izendatzeko izen generiko moduan erabiltzen hasi ziren eta pisu handiena gizon-dantzak hartu zuen. Ondorioz, XX. mendean ezagutu diren soka-dantza gehienak gizonezkoek dantzatu dituzte.

Genero-marka zalantzan jartzen duten soken agerpenak

Azken urteetan luzaroan dantzen bidez azaleratu den genero bazterketa edota hierarkiak zalantzan jarri dira hainbat herritan. Zenbait herritan soka-dantzak moldatu edo berriak sortu dituzte. Hasierako soka emakumeek edo gizonek atera beharrean dantzariek ateratzen dute eta ondoren ikusleak gonbidatzen dituzte, dantzarien zein omenduen generoa kontuan hartu gabe.

Aizarnako aurreskuak ere izan du bilakaera. Aizarnan 1990eko hamarkadan hasi ziren emakumeak oilasko-biltzean parte hartzen. Elkartean ibiltzen ziren gazteak ateratzen ziren oilasko-biltzen eta emakumeak ere elkarteko kide zirenez festan parte hartzen hasi ziren. Eskean neska-mutilak denak batera ateratzen ziren, baina gero eguerdian aurreskua mutilek bakarrik ateratzen zuten. Soka-dantzara herriko mutil gazteek plazan zeuden hainbat emakume gonbidatzen zituzten, tartean, haiekin batera eskean ibilitako neskak. Oilasko-biltzean dantzatzen den zahagi-dantzako kapitaina atera ohi da sokan aurresku, gazte hori dantzaria izan ohi da. 2016an dantzaria ezin topatuta ibili ziren eta azkenean neska bat animatu zen. Horrela, lehenengo aldiz, hasierako sokan neska batek hartu zuen parte. Parte hartu bakarrik ez, hura izan zen dantzari nagusia, aurreskua.

Beharrak eskatutako aldaketa izan zen; dantzaria behar zen, berdin zion neska edo mutila izan. Agian paradoxa izango da, baina dantzari nagusia bakarrik zen emakumea. Bestela, aurreko urteetan egin ohi zen moduan, hasierako sokan atera ziren gainerakoak mutilak ziren. 2019an eman zuten pauso handia. Hasierako soka neska-mutilek atera zuten. Soka atera baino hamabost bat minutu lehenago pentsatu omen zuten denak batera irtetea. Soka mutilek atera beharrean, oilasko-biltzaile guztiek atera zuten, genero bazterketarik egin gabe.

Taldetik bakarkakora

Sarreran aipatu dut, azken urteetan aurreskua bakarkako dantza moduan ezagutu dugula eta ezaguna zaigun dantza hori aurreskuaren zati bat besterik ez dela. Izan ere aurreskuak edo soka-dantzak desegituratu egin dira. Soka-dantzak herritarren dantzak izatetik gizonen dantza bihurtzera iristeaz gain, taldeko dantza izatetik bakarkako erakustaldi izatera iritsi dira. XIX. mendearen erdi aldera soka-dantzak izendatzeko “aurresku” terminoa erabiltzen hasi ziren.

Gaur egun oso ohikoa den izen horrek dantza ikusteko beste modu bat ekarri zuen. Indarra lehenengo dantzarian ipintzen da eta dantzak talde izaera galtzen du. Horrela, soka-dantzak desagertu ziren leku askotan eta horrekin batera baita aurreskua ia edonork dantzatzeko ohitura ere. Lehen aurreskua dantzatzen jakitea nahiko ohikoa zen herritarren artean, baina denborarekin gutxi batzuen abilezia edo jakintza bihurtu zen. Lehen bazen herritarrak nahiko modu inprobisatuan plazara dantzara ateratzeko ohitura, baina gaur egun ez da hain ohikoa eta dantza taldeetako dantzariek hartu dute eginkizun hori.

Dantza, herritarren tresna

Aurreskua desegituratzeak gure gizarte eta bizitza ereduaren bilakaera erakusten duela esan daiteke. Komunitatea ahaztu eta indibidualismorantz jo dugu. Ondorioz, soka-dantzako dantzarien kopurua murriztu da dantzari taldetik bakarlarira. Horrez gain, lehen ohorea edo autoritatea dantzan parte hartzea zen eta orain justu kontrakoa: dantza jasotzea.

Mila funtzio izan ditzakete aurreskuek. Ikus dezakegu duela urte batzuk Zestoan harrera egiteko erabili ohi zirela soka-dantzak. ABC egunkariko 1929ko uztailaren 17ko alean irakur daiteke atzerriko medikuen espedizioa Zestoara iritsi zela. Izugarrizko harrera egin omen zieten, suziri eta musikarekin. Bainuetxea bisitatu eta konferentziaren ondoren saloian afaldu zuten medikuek. Bukaeran, aurreskua dantzatu zuten dantzariek, baina baita medikuek ere, sokara gonbidatuta: En el salón de baile se celebró un gran aurreskua al estilo del país. Los estranjeros se mostraron encantados, tomando parte en el baile vasco.

Herritarren batasuna erakuts dezake soka-dantzak. Dantza ez da soilik plazerez egiten, elkarbizitzaren adierazpena ere bada. Dantza tradizionala adierazteko eta komunikatzeko tresna izan daiteke eta norbanakoa taldera integratzeko elementu modura ere erabil daiteke. Dantzek sinbolo eta funtzio ugari izan ditzakete barnean eta nire ustez soka-dantzak izan daitezke gure herrian agortuta dauden ekitaldiei buelta bat eman eta sendotzeko bidea. Nahi izanez gero, erronka ederra dugu aurrean, tradizioari erreparatu ondoren egokitu edo sor ditzagun gure soka-dantzak eta denok eskutik helduta goazen plazara, dantzara!

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide