Albisteak

Dena prest, igandeko bidegorriaren aldeko martxarako

Iraetatik Narrondora doan bidegorri zatia amaitzea eskatzeko martxa antolatu dute datorren iganderako, hilak 20. Martxak bi zutabe izango ditu: bata, Zestoako Gurutzetik irtengo da goizeko 11:30ean, eta Iraeta eta Arroagoia pasa ondoren, autobide sarreran dagoen biribilgunera iritsiko dira. Bigarrena, berriz, Zumaiako beheko plazatik abiatuko da ordu berean. Narrondo eta Arroabetik pasata, autobideko biribilgunean elkartuko dira bi zutabeak. 12:30ean, ekitaldia egingo egingo dute bertan eta ondoren, festa izango da Arroabean, musika eta pintxoz lagunduta.

Duela hiruzpalau urte hasi ziren Urola Bailara osoa elkartuko lukeen bidegorriaren aldeko borrokan Arroako herritarrak. Urte guzti hauetan erakunde ezberdinetako ateak jo dituztela adierazi dute. “Guztiek proiektua amaitzearekin ados daudela eta hau lurraldearentzat estrategikoa dela onartu badigute ere, tamalez askotan proiektuaren ardura nagusia duen Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailaren ekintzek ez dute horrelakorik erakutsi” esan dute.

Azken berriak

Azken asteetan, Narrondo eta Arroagoia lotuko dituen zatiaren proiektua idatzita dagoela jakin dute Udaleko ordezkariek eta gakoa, 2020ko aurrekontuetan proiektu honi buruzko aurrekontuetan partida bat aurreikustea izango dela gaineratu dute bidegorriaren aldekoek. “Arroagoia eta Iraeta arteko zatiari dagokionez, tunel batean hainbat konponketa egin behar dira, baina horretarako diru partida jada aurreikusita dago eta Mugikortasun Sailak agindu duenez, Eusko Trenbide Sarearen baimena jaso bezain laster ekingo diote lanei. Zestoako Udalak berriz, Arroabea bide honekin lotzeko lanak burutzeko konpromisoa hartu du” gaineratu dute.

Lanean jarraituko dute

Pozik egoteko arrazoiak dituzten arren, instituzioak beraien hitza bete arte lanean jarraituko dutela adierazi dute arroarrek. “Datozen hilabeteak oso garrantzitsuak izango dira, orain itxiko baitira Aldundiaren aurrekontuak. Horregatik, berriro ere kalera atera eta gure aldarria lau haizeetara zabaldu beharra daukagu, eta horretara dator martxa hau” nabarmendu dute.

Hemen duzue martxaren antolatzaileek egin duten bideoa:




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide