Albisteak

Dena prest Kobaz Koba Trail lasterketaren zazpigarren ediziorako

Kobaz Koba Trail mendi lasterketaren VII. edizioa jokatuko da otsailaren 12an. Gaur goizean aurkeztu dute proba udaletxean, eta bertan izan dira Araziko ordezkariak, Agiro Mendi Klubeko kideak eta Mikel Arregi alkatea. Juanjo Aranburu Araziko arduradunak azaldu de 632 korrikalarik hartuko dute parte lasterketan, horietatik 124 emakumezkoak, aurreko edizioan baino 14 gehiago. 52 zestoarrek eman dute izena proban, 41 Artzei (15km) ibilbidean irtengo dira eta 11 Zaldei (26km) ibilbidean. Parte hartzaile gehienak Euskal Herritarrak dira, baina Burgos, Madril, A Coruña, edo Albaceteko korrikalariak ere eman dute izena.

Zaldei ibilbideko korrikalariak goizeko 9:00etan irtengo dira, eta Artzei ibilbidekoak 9:45ean. Bi probak plazan hasi eta amaituko dira. Lasterketa amaitutakoan kiroldegiko aterpean hamaiketako egingo dute kirolariek. Aurtengo ibilbidea “ederra eta berezia” izango dela azaldu du Aranburuk, eta boluntario eta lurjabeei eskerrak eman dizkie.

Mikel Arregi alkateak bi gauza nabarmendu nahi izan ditu; batetik Kobaz Kobak “hartu duen lekua”, eta bestetik, “emakumeen parte hartzeak” azken urtetan izan duen igoera. Alkateak eskerrak eman dizkie Agirori eta Araziri lasterketa antolatzeagatik. Horrez gain, boluntarioek egiten duten lana azpimarratu nahi izan du. Lasterketak herrian eragin positiboa duela nabarmendu du, “ostiarlaritzari egiten zaion ekarpena beharrezkoa da eta Udalak inplikatuta egon behar du horretan”.

Jon Alberdi Agiro mendi taldeko kideak ibilbidearen xehetasunak eman ditu. Ibilbide luzea aurten 26 kilometrokoa izango dela esan du. “San Pelaio aldean bidegurutzean lehen Pagaldazuri aldera joaten ziren korrikalariak eta orain berriz Palazio aldera behera hartuko dute. 300 metro luzeago eta 60 metroko desnibel positiboa gehiago izango du ibilbideak, gainontzean berdina izango da”. Datorren asterako eguraldi “lehor xamarra” iragarri dutela esan du eta ondorioz, “horrenbeste lokatz” ez egotea espero dute. Guztira 120 boluntarioren laguntza izango dute egun horretan eta Alberdi eskertuta agertu da.




https://danbolin.eus/wp-content/uploads/2024/05/azokad_Mesa-de-trabajo-1-scaled.jpg