Albisteak

‘Denok gara langileak’ argazki erakusketa zabalduko dute gaur Arroabean

‘Denok gara langileak’ argazki erakusketa aurkeztuko dute gaur, ostirala, Arrobeko eskola txikian. Maria Roa (Donostia 1967 ) eta Eduardo Merino (Donostia 1974 ) argazkilari amateurrek osatu dute erakusketa. 17 urte daramatza Arroabean Roak eta Merinok urte eta erdi. Koinatuak dira eta gaztetatik dute argazkilaritzarekiko afizioa. Zumaiako Disdira argazki elkarteko kideak dira biak eta erakusketa bat egin duten lehen aldia da.

Proiektuaren hasiera

Arroa Beheko Talde Feministan sortutako ideia izan zen erakusketarena. Pasa den urtean, martxoaren 8ko balorazio bilera egiten ari zirela, taldeko kide batek datorren urterako argazki erakusketaren bat egitea proposatu zuen. Mariari argazkigintza gustatzen zaionez, berari eman zioten enkargua. Roak Merinori azaldu zion proiektua eta bien artean egitea erabaki zuten.

Balorazio bilera hartan, pasa den urteko martxoaren 8ko mobilizazioetan 20 eta 50 urte bitarteko emakumeek parte hartu zutela ondorioztatu zuten. Talde feministako kideek adin gehiago batu nahi zituzten. Erakusketa honekin, belaunaldi ezberdinak lotzea nahi zuten, 20 urtetik hasi eta 70-80 urte bitartera arte.

‘Denok gara langileak’

Emakume langileari buruz hitz egiterako orduan, horrek dituen alde guztiak erakutsi nahi izan dituzte erakusketan. Arroabeko 21 eta 90 urte bitarteko 20 emakumeren erretratuek osatzen dute argazki bilduma. Auzotar bakoitzari bere lana nola aurkeztu nahi duen galdetu zieten eta bakoitzak nahi izan duen moduan posatu du; batzuk ordenagailuko teklatu batekin, beste batzuk, haurrekin, beste batzuk etxeko lanak egiten… Emakume langileari buruz hitz egiterakoan, hitz horiek bere gain hartzen dituen rol denak erakutsi nahi izan dituzte argazkietan.

Erronka

Erakusketa prestatzea erronka bat izan da bi argazkilarientzat. Eskola txikian muntatu zuten estudioa eta bi aste eman zituzten probak egiten. Gero, bi egun behar izan zituzten argazki guztiak ateratzeko eta azkenik, edizio eta aukeraketa lanak egin dituzte. Emakume bakoitzak bere argazkiari nahi zion izenburua jarri dio, horrela, norberak argazkiarekin transmititu nahi zuena plazaratzeko asmoz. Orokorrean, Roa eta Merino oso gustura daude lortutako emaitzarekin eta ez da horrelako zerbait egiten duten lehen eta azken aldia izango.

Ordutegia

Gaur, ostirala, egingo dute erakusketaren inaugurazioa, arratsaldeko 18:00etan, eskola txikian. Larunbat eta igande honetan bertara joateko aukera izango da, goizez, 11:30etatik 13:00a bitartean, eta arratsaldez, 17:30etatik 19:00etara. Martxoko azken asteburuan ere zabalduko dute, goizez eta arratsaldez, ordutegi berean.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide