Albisteak
Devi Lopez: “Makillajea era artistiko batean ikastea zen nire helburua hasieratik”
— 2020-04-23Arte Ederretan graduatua da Devi Lopez (Zestoa 1997). Lau urteko ikasketak amaitutakoan, makillaje munduan erabat murgiltzea erabaki zuen.
Beti erakarri al zaitu arteak?
Txikitatik kontaktuan egon naiz artearekin, eta bai, betidanik erakarri izan nau. Eskolan, beste guztiek bezala, plastika egiten nuen eta horrez gain, marrazkiko eta pinturako klaseetara joaten nintzen. Horrek nolabait, oraindik murgildu gabeko beste mundu bateko ateak ireki zizkidan, artearen ateak. Hainbat urtez, Zestoako akademian marrazki teknika lantzen eta ikasten egon ondoren, Arte Ederrak ikastea erabaki nuen.
Aurrerapauso garrantzitsua izan zen. Hasieran, ez nengoen batere ziur hartutako erabakiaz, baina urteak aurrera egin ahala, erabakia zuzena izan zela konturatu naiz. Gaur egun biltzen gaituen artez osaturiko mundu hau ulertzeko ezinbesteko erabakia izan zen. Lau urte hauetan, ezagutzen ez nituen gauza berri asko ikasi ditut, ez bakarrik marrazten, pintatzen edota eskultura bat egiten, baizik-eta artea zer nolako konplexua izan daitekeen ulertzen. Pintura eta eskultura izan dira gehienbat interesgarriak niretzat, lan ugari egin ditut eta nire gradu amaierako lana eskulturaren inguruan izan da.
Eta makillajearen munduak?
Betidanik izan dut makillatzeko ohitura baina ez interes berezirik orain dela hiru bat urtera arte. 2017an Bulgariara joan nintzen Erasmus egitera, bertan leku desberdineko jende asko ezagutu nuen, horien artean nire pisu-kidea. Zerbait berezia genuen bakoitzean, ekitaldi edota afariren bat makillaje bitxiak eta nabarmenak egiten zituen eta horrek kuriositatea piztu zidan. Garai hartan ez nuen material asko, eta neuaknarekin eta berak uzten zizkidan materialekin gauzak probatzen eta makillaje desberdinak egiten hasi nintzen.
Erasmus-a bukatu ostean, Arte Ederretako azkenengo urtea gelditzen zitzaidan; kurtsoari amaiera ematen nion bitartean etxean makillajeko bideoak ikusten eta gauza berriak probatzen egoten nintzen, baina konturatu nintzen horrekin ez zela nahikoa, beraz, karrera bukatu ostean, makillajearekin zerikusia duen zerbait ikasi behar nuela erabaki nuen.
Orain makillaje ikastaro bat egiten zabiltza Katalunian, ezta?
Bai. Zortzi hilabete dira ikastaroa egiten ari naizela Bartzelonan, Stik Art Studio izeneko akademian. Ikastaroaren hasi baino lehen, argi neukan makillajea ikasi nahi nuela baina ez bakarrik, guk deitzen diogun “edertasun makillajea”. Nire interesak haratago doaz, makillajea era artistiko batean ikastea zen nire helburua hasieratik. Hainbat akademia begiratu ondoren, honekin gelditu nintzen eskaintzen dizkidan aukerengatik.
Zer lantzen duzue?
“Makillaje profesionala eta karakterizazioa” izeneko ikastaroa egiten ari naiz, akademia honek eskaintzen duen ikastaro osoena. Edertasun makillajea, fantasia, karakterizazioa, body-painting-a (gorputz osoko makillajea) eta efektu espezialak ikasten ditugu, beti begirada artistiko batekin, teknika noski badagoela, baina aukera daukagu era artistiko batean azaleratzeko.
COVID-19aren krisia dela eta nola ari zarete ikastaroa jarraitzen?
Egia esan ez oso ondo. Martxoan ez genekien gauza asko COVID-19-ari buruz edota horrek zer ondorio ekarriko zituen, beraz klaseak online egitea erabaki zuen akademiak. Ez zitzaigun ideia desegokia iruditu egoera kontuan hartuta, ez zeuden aukera gehiago eta erantzun azkarra eman behar zitzaion egoerari.
Hala era, martxoan, oso zaila egin zaigu klaseak bideoen bitartez egitea, orain konkretuki, karakterizazioa ematen ari gara eta horrek detaile eta xehetasun asko suposatzen ditu eta ezin ditugu behar bezala hauteman bideoen bitartez.
Apirilean, klaserik gabe egon gara, zuzendaritzak denbora behar zuen pentsatzeko eta egoera honen aurrean ahalik eta erabaki egokiena hartzeko. Orain horretan ari gara, denon artean irtenbidea bilatzen, ziur aski klaseak online jasoko ditugu gelditzen diren lau hilabeteetan eta aukera dagoenean, eman ditugun makillaje konplexuenen klaseak presentzialki errekuperatu ahal izango ditugu.
Azken urteotan makillajearen munduak geroz eta jarraitzaile gehiago ditu. Zergatik gertatzen da hau zure ustez? Sare sozialek zerikusirik ba al dute?
Sare sozialek sekulako eragina dute jendearengan. Milaka eta milaka “makilladore” ikus ditzakegu sare sozialetan. Komatxo artean jartzen dut “makilladore” hitza, asko ez direlako profesionalak eta ez dutelako makillajearen inguruan inolako formakuntzarik, horrek ez du esan nahi egiten dutena ez denik makillajea edo desegokia denik, baizik-eta garrantzitsua dela desberdintzea.
Sare sozialetan interesatzen zaizkigun pertsonak edota ospetsuak jarraitzen ditugu beraien lanak edota kasu honetan, makillajeak gustatzen zaizkigulako. Orokorrean, ez da begiratzen beraien profesionaltasuna edo formakuntza eta hortaz kontziente izatea garrantzitsua da. Lan munduari begira, formakuntza duen pertsona, beti egongo da trebatuago lan bati aurre egiteko autodidakta dena baino, inportantea da hori baloratzea. Gaur egun, nire ustez, hori ez da asko baloratzen, edozein izan daiteke “makilladorea” eta horrek, benetan eremu honetan denbora eta dirua inbertitu dienei ikusgarritasuna kentzen die.
Nork edo zerk inspiratzen zaitu makillajeak sortzerako orduan?
Egia esan edozerk inspira nazake. Beti nago nire inguruari begira, ea zerbaitek atentzioa ematen didan; pertsona batek, objektu batek… Inspirazioa edozein unetan edo egoeratan etor daiteke.
Zein dira zure erreferenteak?
Makillajearen munduari begira hainbat erreferente ditut: Alex Box, Andrew Gallimore, Danessa Myricks, Sam Schavlev, Einat Dan, Isamaya Ffrench… Hauek eta beste hainbatek beraien teknikekin eta makillajeekin inspiratzen nauta baina hauetaz gain badaude beste hainbat artista ere; pintoreak, eskultoreak edota diseinatzaileak.
Zer hartzen duzu kontuan makillaje bat sortzerako orduan?
Gauza asko hartu behar dira kontuan, horien artean, zertarako den; ezkontza baterako den, aldizkari baterako, argazki saio baterako, ekitaldi baterako… Bestalde, zer-nolako itxura eman nahi diodan; neutroa, bitxia, beldurgarria. Makillajeak izango duen iraupena ere kontuan hartu behar da: egun osorako den edo momentu baterako. Gorputz osokorako edo aurpegikoa bakarrik izango den, eta azkenik, lan egingo dugun pertsona nolakoa den, hori oso garrantistua da.
Zeri erreparatzen diozu aurrena makillatzen hasi aurretik?
Makillajea niretzako bada, hau da, nire portfoliorako adibidez, garrantzitsua da lehenik eta behin, egingo dudan makillajea ondo pentsatzea eta gero makillaje horrekin bat egin dezakeen modelo egokia bilatzea. Guztiok aurpegiko estruktura desberdinak ditugu, hori da ikasten dugun lehenengo gauza, azkenean modelo bat dugunean, bere aurpegia guretzat mihise zuri bat da, eta mihise hori nolakoa den ezagutu behar dugu, horren arabera makillaje mota bat edo beste egiteko. Ez da bakarrik aurpegiko estruktura, baita ere pertsona horren azal mota eta kolore armonia, ile kolorea, azal kolorea, begi kolorea…
Makillajea bezero batentzat bada, gauza horiek guztiak kontuan hartu behar dira, baina batez ere bezeroak zer nahi duen, horretarako garrantzitsua da egingo den makillajea zertarako eta zer momenturako den jakitea, bezeroari arreta jartzea eta bere nahiak entzutea.
Zein dira zure nezeserrean falta ezin diren hiru produktu?
Normalean nire nezeserrean gauza gehiegi ditut… Baina aukeratu beharra izango banu, betile maskara, koloretea eta ezpainetakoa aukeratuko nituzke.
Hona hemen Lopezek egindako lan batzuk:
Egin zaitez bazkide