EAJ- PNV Legegintzaldiko lehen urtearen balantzea Zestoako Udalean

PNVk herriaren alde lanean jarraituko du, EH Bilduren gobernu taldearentzak sarritan ezikusiak izan arren

Legegintzaldia hasi zenetik urtebete igaro denean, EAJ-PNVko udal-taldeak uste du balantzea egiteko unea dela. Eta ateratzen duen ondorio nagusia da alkateak eta bere Gobernu taldeak aurreko lau urteetan erakutsitako jarrera bera dutela: “oposizioa existituko ez balitz bezala gobernatzen jarraitzen dute; ez ikusiaren egiten dute azken udal hauteskundeetan Eusko Alderdi Jeltzaleari botoa eman zioten zestoarren borondateari”.

Hau horrela izanda ere, EAJk oposizio eraikitzailea egitea erabaki du, “herriaren ongizatea guztiaren gainetik dagoela uste dugulako”. Helburu horrekin, EH Bildurekin akordioa lortu zuen aurrekontuetan. Akordio horri esker, 2024ko kontuek jeltzaleen proposamen hauek jaso zituzten:
· Auzoetako autobus geltokiak egokitu eta osatu, Iretako eta Autopistako
geltokiekin
· Lur sailen digitalizazioa
· Plenoetako eta batzordetako aktak jasotzeko IZFEren zerbitzua edo
bestelako ikusentzunezkoak erabiltzea
· Irao gainetik Arroagorako bidearen irisgarritasuna
· Gizakia Helburu proiektuarekin hitzarmena berreskuratzea
· Azpeititik Zestoarako bidegorriaren seinalitika eta irisgarritasuna hobetu

Urtearen erdian, proiektu horietatik Lur sailen digitalizazioa eta bideo-akten zerbitzua baino ez daude bideratuta. “Akordioa sinatuta dago eta, geratzen den urte erdian, gainerako ekimenak gauzatzea espero dugu”, adierazi dute jeltzalek.

Legegintzaldiaren hasiera honetan, hitzarmen bat sinatu da Foru Aldundiarekin, Zestoa 631 errepidearen proiektua eta herriko mugikortasuna hobetzeko. EAJPNVren hauteskunde-programan sartutako proposamena da, pozik agertu dira proiektua aurrera doalako.

Bestalde, PNVk deitoratu egin du EH Bilduko gobernu taldeak udal aldizkariaz egiten duen “erabilera alderdikoia”. Era berean, alkateari gaztetxearen inguruan
udal teknikariek esandakoari jaramonik ez egitea herriarentzat kaltegarria dela iruditzen zaio. Kultur azpiegitura faltak eta kaleetako zikinkeriak ere kezkatzen ditu.

“EAJ-PNVko zinegotziok gure oposizio-paperak ematen digun erantzukizunetik egiten dugu balantze hau, eraikitzeko asmoz”, adierazi dute. “Zestoa (bere auzoekin) eta herritar guztiekiko dugun erabateko konpromisoa berresten dugu; eta lanean jarraituko dugu, herriaren alde eta beharrei heltzeko gure onena ematen”, amaitu dute.

Zestoa, 2024ko ekainaren 29a




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide