Albisteak
Egin zaitez bazkide!
— 2022-08-18Danbolinzulo Kultur Elkartean “400 baietz!” bazkidetza kanpaina jarri dugu martxan. Ez zaigu asko falta 400 bazkide izatera iristeko, eta hori bada zerbait gurea bezalako herri batean. Erakundeen diru-laguntzez gain geure sarrera propioak indartsu izatea garrantzitsua da, eta urtero saiatzen gara bazkide berriak egiten. Aurtengo festetan 400 bazkidera iristea dugu helburu. Azken egunetan lau bazkide berri egin ditugu: 380 izatera iritsi gara! Mila esker denoi.
Azken urteotan 15 euroko bi kuota ordaintzen ziren urtean bazkide izateagatik. Uda aurretik ordaintzen da aurreneko kuota eta urtea amaitu aurretik bigarrena. Aurten, 15 euroko kuota 16 eurora igo behar izan dugu, geurean ere “denak egin baitu gora”. Ordainetan “denona” den proiektu honen parte izango zara, eta urtean zehar egiten ditugun bazkideentzako zozketetan zuzenean hartuko duzu parte. Hori gutxi ez eta aurten ere festetan mariskoz betetako otarra zozketatuko dugu bazkideen artean. Ez da aukera makala jai egunetan familian edo lagun artean gozatzeko.
Aurten bereziki azpimarratu nahi dugu BAZKIDEA Danbolin proiektua bere osotasunean (aldizkaria, webgunea, eragiletza lana…) diruz laguntzen duen pertsona dela. Askotan aldizkaria etxean jasotzearekin lotzen dugu, baina Danbolin aldizkaria baino askoz gehiago da. Tarteka pluralarekin ere lotzen dugu, eta “gu bazkide gara” edo “gure etxean bagara” edo antzekoak entzun izan ditugu. Bazkidetza pertsonala da, ordea. Zorionez herriko etxe askotan bi bazkide ere baditugu.
Zeren zain zaude bazkide egiteko?
Hemen duzu aukera!
Egin zaitez bazkide