Albisteak

Egun osoko egitaraua antolatu du gazte asanbladak larunbaterako

Gaztetxea zentrora lemapean, egun osoko egitaraua antolatu du gazte asanbladak datorren larunbaterako. Goizeko 9:30ean, asanbladako kideek harrera egingo diete bertaratzen direnei. 10:00etan, auzolanean hasiko dira, eta egin beharrekoak amaituta, bazkaria egingo dute 14:30ean. Bazkalondoren, solasaldirako parada izango dute. Arratsaldeko 19:00etan, manifestazioa egingo dute herriko kaleetan zehar, Gaztetxea zentrora, soluzioa orain! lemapean.

Asanbladako kideek inguruko hainbat eragileren babesa izan dute. Hain zuzen, Azkoitiko Gazte Asanbladak, Azpeitiko Gaztetxeak, Esklabak Zentro Sozialistak, Argizulo Elkarteak, Etxape Zentro Sozialistak eta Danda Gazte Asanbladak eman diote atxikimendua egitarauari.

“Zentroa eskuratu badugu ere, hau bermatzeko dugun tresna bakarra udala eta gotzaitegiari presioa egiten jarraitzea da; udal-gobernuari duela hiru urte irekitako auziarekin behin betiko amaitzeko dituen tresna guztiak erabiltzea eta elizari jarrera aldatu eta hitz egitera exeritzea exijituko diogu” azaldu du asanbladak.

Huste arriskuan

Gazte asanbladako kideek huste arriskuan daudela jakinarazi berri dute. “Gotzaitegiak salaketa jarri du. Honek esan nahi du desalojo ariskuan gaudela, eta berehalakoa izan daiteke. Herritarrei zentrora hurbiltzeko deia egiten diegu” adierazi dute.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide