Albisteak

[ARGAZKIAK] Egun osoko egitarauarekin amaitu zituzten atzo Arroabeko Karmenak

Atzo amaitu ziren Karmengo jaiak Arroabean, jende guztiarentzako jardueraz betetako egunarekin.
Eguna bereziki haurrei zuzendutako jarduera batekin hasi bazen ere, adin guztietako pertsonek gozatu zuten. Jose Migel plazara hurbildu zen jende guztiak parte hartzea eta primeran pasatzea lortu zuen Kalakak eskainitako jolas kooperatiboen proposamenak.

Eguerdian, Zestoako Musika Bandak jarri zuen giroa. Auzoan zehar musika joaz ibili ondoren, eszenatokira iritsi eta kontzertu atsegina eskaini zuten.

Arratsaldea programan berrikuntza batekin hasi zen: asto proba. Bi asto, bata Astigarragakoa eta bestea Oikiakoa, San Isidro kalean lehiatu ziren, 20 minututan plaza gehiago egiteko gai zein zen ikusteko. Jendetza gerturatu zen lehiaketa ikustera. Ondoren, plaza berriz ere bete zen Izer eta Alabierren erromeriarekin.

Azkenik, 22:00etan, bi itxafero jaurti eta Bombas Azcueko sirena zaharra aktibatu zen, aurtengo jaiei amaiera emanez.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide