Albisteak
‘Eibarko kantak’ diskoa kaleratu dute Beñat Etxabek eta Joseba Regilek Ustekabe txarangarekin
— 2021-12-16Eibarko Ustekabe txarangak 20. urteurrena ospatzeko ‘Eibarko kantak’ izeneko diskoa kaleratu du. Eibarko 11 abesti edo doinu zahar adierazgarri biltzen ditu diskoak eta gaur, osteguna, aurkeztuko dute Eibarko Coliseo antzokian.
2.000. urtean hasi zuen ibilbidea txarangak Eibarko musika eskolako 16 ikaslerekin. Urte guzti hauetan zehar, musikari ezberdinek hartu dute parte taldean, horien artean, Beñat Etxabe eta Joseba Regil zestoarrak. 2014an sartu zen taldean Etxabe eta bi urte beranduago, Regil.
Etxabek adierazi du konfinamendu aurretik hasi zirela proiektua lantzen eta pandemian dela eta, denboran luzatu behar izan dute diskoaren grabaketa. Lanari buruz galdetuta, Etxabek azaldu du Eibarko kantutegi zaharra “berritu” eta “gazteengana hurbildu” nahi zutela. Taldeko bost kideren artean egin dituzte abestien konponketak eta Eibarko musika eskolako koro gazteak ere hartu du parte lanean. Diskoaz gain, abesti bakoitzaren letra eta historia kontatzen duen liburuxka ere jaso dute lanean: “Abesti bakoitzaren historia kontatu nahi genuen eta hori jaso dugu liburuxkan. Horrez gain, konponketak nondik nora egin ditugun ere azaldu dugu”.
Aurkezpen kontzertuak
Gaur eta bihar, diskoa aurkezteko kontzertu bana eskainiko dute, arratsaldeko 20:00etan, Eibarko Coliseo aretoan. Irene Hernando aktoreak egingo ditu aurkezle lanak. Eibarko koro gaztea ere bertan izango da eta Etxaberen esanetan, beste hainbat kolaborazio ere izango dituzte. Diskoa eskuratu nahi dutenek, kontzertu ondoren izango dute erosteko aukera eta Zestoan ere izango da eskuragai, Laiak denda, hamar euroren truke.
Egin zaitez bazkide