Albisteak

Ekain guraso elkarteko kideak: “Guraso elkartean asko ikasten da”

Ekain guraso elkarteak batzar orokorra egingo du bihar, osteguna, arratsaldeko 18:00etan, eskolako jangelan. Bilera honen harira, guraso elkarteko kide diren Izaskun Indamendi, Isabel Ruiz, Josune Izeta eta Aitziber Zubizarretarekin egon gara.

Zenbat gurasok osatzen duzue elkartea?

Guztira 15 gara. Guraso bakoitza hiru urtez egoten da elkartean. Urtero bost guraso irten ohi dira eta beste bost sartu. Aurten ordea, arrazoi pertsonalak direla eta beste hiru gurasok ere elkartea utziko dute beraz, guztira, zortzi partaide berri izango ditugu. Zozketa bidez osatzen da taldea, batzuetan, ordea, gutxi batzuk euren burua boluntarioki aurkezten dute. Iaz eta aurten guraso elkartearen ehuneko ehuna emakumeak gara.

Ze zeregin dituzue?

Gauza asko. Eskolarekin harremanetan egon, hitzaldiak antolatu, eskola kirola eta kirolez josta, psikomotrizitate eta logopeda zerbitzuaren kudeaketa, festetako haurrentzako ekintzen antolakuntza, ikasturte bukaerako ekintzak, guraso formazioak…

Zenbatean behin biltzen zarete?

Hilean behin bai. Eskuartean dugunaren arabera, bilera gehiago ere egiten ditugu.

Zer landuko duzue osteguneko bileran?

Pasa den urteko memoria eta datorren ikasturteari begira antolatu nahi diren ekintzei buruz hitz egingo dugu. Guraso elkartea osatzeko zozketa ere ostegunean izango.

Zergatik da garrantzitsua bilerara joatea?

Jendeak ikus dezan guraso elkarteak ze lan egiten duen. Askotan jendeak uste du “merendola” bat bakarrik antolatzen dugula baina gure lana hortik haratago doa. Guraso askok “beldurra” izaten dute taldean sartzeko baina ez da hainbesterako kontua. Gainera, lau azpi taldetan banatuta gaude, beraz, lanak ere banatu egiten dira. Guraso elkartean egonda eskolako gauza askorekin ohartzen zara eta asko ikasten da.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide