Albisteak

Ekain kobaren aurkikuntzaren 50. urteurrena ospatzeko egitarau zabala prestatu dute

2019ko ekainaren 8an, Ekain aurkitu zela 50 urte beteko dira. Hori dela eta, Ekain Fundazioak, Aranzadik eta Ekainberrik, urte guztirako ekintzak antolatu ditu eta horien berri eman zuten atzo, Gipuzkoako Foru Aldundian egin zen aurkezpenean.

Logotipoari 50. urteurrenaren adierazle izango den gehigarri bat eranstea dago pentsatuta eta honez gain, jarraian zehazten diren ekitaldiak antolatzea aurreikusten da:

  • Euskal kostaldeko Museoen hilabetea. Martxoan ospatzen den ekitaldi honetan, Euskal kostaldeko museo eta zentro desberdinak batzen dira. Ekainberrik antolatuta, Danbolinzulo koba bisitatzeko aukera eskainiko da. Koba hau ere publikoari itxita dago bertako margoak kontserbatu daitezen eta horregatik aukera aparta eta bisita berezia izango da honakoa.
  • Martxoaren 24an, Lurpea Euskal Herriko Kobazuloen elkartearekin, X. Koben Eguna ospatuko da Ekainberrin ere. Helburu argia dute taldeko kobazulo denek, lurpeko bisitariari “seigarren kontinentea” deskubritzeko aukera ematea, hurbil izan arren hain ezezagun zaizkigun baliabide hauek ezagutzeko aukera eskainiz.
  • Ekainberri Ice Age Europe historiaurreko museo sarearen kide da eta martxoaren 14tik 16ra Altamiran (Cantabria), eta urriaren 6tik 9ra Belgikako Préhistomuseumen bilduko da gainontzeko kideekin.
  • Nazioarteko Museoen Eguna ospatuko da maiatzean eta Ekainberrik programazio berezia aurkeztuko du egun honetarako.
  • Ekainean, uda garaiaren hasierarekin batera, Ekainberriko pareko zelaian bere historiaurreko kanpalekua inauguratuko du. Orain arte oreinak eta zaldiak izan dituen zelaia berpiztu eta historiaurreko garaietara bidaiatuko du.
  • Ekainaren 7a ospakizun egun handia izango da, ekitaldi nagusia. Arratsaldeko 19:00tatik aurrera Donostiako Victoria Eugenia antzokian tipologia anitzeko ekitaldi bat dago aurreikusita: dokumentala, musika, dantza, hitzaldi pilulak eta omenaldia egongo dira. Bertan bilduko dira Ekain eta Ekainberri orain ezagutzen ditugun bezala ezagutzeko lan egin duten pertsonaia nagusiak.
  • Urteurreneko ekitaldi nagusien barruan liburu baten aurkezpena eta publikazioa programatu dira. Lau hizkuntzatara itzuliko da eta salgai egongo da.
  • Urteurreneko ekitaldi nagusiekin jarraituz, arte erakusketa ibiltari bat egongo da.
  • Ekainaren 8an, Ekain koba deskubritu zen egun berean Ekainberrin jarduera bat egingo da. Aukeren artean, UNESCOren plaka bat ezartzea aipatzen da.
  • Ekainean, Ekainberrik Nazioarteko Koben Egunarekin bat egingo du aurtengoan ere.
  • Ekainean (data zehazteke) duela 14.000 urte gure arbasoak nola bizi ziren irudikatzeko aitzakia paregabea eskainiko du X. Ekainfest jaialdiak. Sua nola egiten zuten, ehiza egiteko teknikak, orduko janzkera eta artea bertatik bertara ikusteko parada izango da, eta, nola ez, urtero ospatzen diren Historiaurreko Olinpiadak ere izango dira.
  • Uztailean, Ekainberrin Ekain Gizateriaren Ondare izendatua izan zeneko hamaikagarren urteurrena ere ospatuko da. Egun benetan berezia Ekain Fundazioa eta Ekainberrirentzat.
  • Irailaren 11a Ekainberriko urtebetetze eguna izango da. Egun honetarako programazio berezi bat aurkeztuko da eta sorpresaz beteriko eguna izango da.
  • Urrian, eta urtero egin den moduan, Ekainberrik Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat egingo du.
  • Azaroan, Gizateriaren Ondarearen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du, kategoria honetan sartu zela 11 urte egiten dira.

 

(Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide