Albisteak
Ekainean hasiko dira ontzi arinak edukiontzi bidez jasotzen
— 2021-05-06Ekainetik aurrera, ontzi arinak edukiontzi bidez jasoko ditu Udalak. Aldaketa herrigunean, Arroabean eta Iraetan izango da. Errefusa eta organikoa ohiko egun eta ordutegietan aterako da.
Gaikako zaborraren bilketan aldaketak egitea onartu zuen Udalak iragan abenduan. Gaur, osteguna, aldaketa horien berri emateko prentsaurrekoa egin dute Udaletxean Mikel Arregi Ertxin alkateak eta Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko presidenteak.
2014az geroztik, kubo bidez jaso dira ontzi arinak herrian baina ekainetik aurrera, kaleko edukiontzi bidez jasoko dira. Bereziartuak azaldu du duela bi legealdi hasi zirela gaikako bilketa egiten mankomunitateko zazpi herrietan. Ordutik hona, eskualdeko gaikako bilketa maila “nabarmen” igo dela esan du. Hala ere, sistemak urtero errepasatzen dituztela azaldu du sistema bera “egokitu eta efizienteagoa” izateko urratsak emateko.
Mikel Arregi Ertxin alkateak adierazi du gure egunerokoan hondakinetan plastikoak eta ontzi arinek “zama handia” dutela. Hori dela eta, askotan, Zestoan, ontzi arinak biltzeko kuboak bi bider jarri behar izaten dituztela mankomunitateko langileek, kuboetan plastiko kopuru handia pilatzen delako. Horrek garraioan igoera bat suposatzen duela esan du eta garraioa handitzeak CO2 isuria handitzea dakarrela azpimarratu du. Ontzi arinak edukiontzi bidez jasotzearekin CO2 isuria murriztu egingo dela nabarmendu du alkateak eta aldi berean aldaketa horrek aurrezpen ekonomikoa ekarriko duela gaineratu du.
Alkateak uste du bilketa sistema aldatzeak ez lukeela kalterik izan behar jasoketaren kalitatean: “Zestoako herritarrak egun indarrean dugun sistemarekin behar bezala familiarizatuta daude eta ontzi arinak edukiontzi bidez jasotzean gaikako bilketak ez luke kalterik izan behar”. Orain arteko bilketa maila “berdina edo hobea” izatea espero du. Hala ere, gehiengoak “ondo” egin arren arazo batzuk daudela ere esan du. Hori dela eta, bilketa ondo egitearen garrantzia azpimarratu nahi izan du Arregik: “Bilketa ondo egitea funtsezkoa da, eta denok ondo egitea komeni da. Gutxi batzuek gaizki egiteak, askotan, sistema osoaren funtzionamenduan eragin dezake”.
Eragina herrigunean, Iraetan eta Arroabean
Aldaketak herrigunean, Iraetan eta Arroabean izango du eragina eta ontzi arinei soilik eragingo die; errefusa eta organikoa ohiko egun eta ordutegian atera beharko dira. Arregik azaldu duenez, momentuz, landaguneko beste auzo guztietan ez da aldaketarik egingo. Hala ere, gune horietan bilketa sistemarekin “arazoak” dituztela plazaratu du alkateak eta etorkizun hurbilean, mankomunitatearekin elkarlanean, gune horietan aldaketa batzuk egin beharko dituztela gaineratu du.
Edukiontzi berriak
Ontzi arinak biltzeko edukiontzi berriak jarriko dituzte. Horrekin batera, kartoia eta beira biltzeko edukiontziak aldatuko dituzte. Bolumen handiagoko edukiontziak jarriko dituzte, horrela ez dute espazioa handitu beharrik izango: “Lehen baino espazio gutxiagoan lehen biltzen genuen kopuru bera biltzeko gai izango gara” azaldu du Arregik.
Egin zaitez bazkide