Albisteak
Ekaineko Udal Batzarra egin zen atzo arratsaldean eta Gazte Asanbladako kideek bat-bateko agerraldia egin zuten bertan
— 2024-06-28Udal Batzarra egin zen atzo arratsaldean pleno aretoan, 2024ko udal aurrekontuaren aldaketa, Ordenantza fiskalaren aldaketak eta Beatriz Zubia Arambarriren kargua lagatzea mintzagai nagusiak izan zirelarik, Gazte Asanbladako kideek bat-bateko agerraldia egin zuten aretoan.
2024rako aurrekontuen bigarren aldaketa eta Udalaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa
Udal batzarrak aho batez onartu zuen 2024rako aurrekontuen bigarren aldaketa, 294.000,86 euroko igoerarekin, aurrekontua 8.704.000 eurora egokituz. Aldaketa hori hasieran aurreikusi gabeko diru-sarrera zein dirulaguntzei eta beharrezko kreditu-transferentziei dagokie. Dirulaguntzen aldaketak medio Udalaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa eguneratu beharko da eta hori ere aho batez onartu zen. Irakurri zehaztapenak hemen.
Ordenantza fiskalaren aldaketa puntuala aho-batez onartua
Festetan, janari azkarreko ibilgailuak, baimentzeko ordenantza fiskalen moldaketa guztien oniritziarekin onartu zen, atzo, baita ere. 2023an arautu bazen ere, ordenantzetan islatuko da orain. Honen arabera, Zestoako bi herriguneetan, festetan: Amabirjinetan eta Karmenetan, janari azkarreko ibilgailuek, bete beharreko irizpideak arautuko dira. Puntuazio bidezko sistema bat ezarriko da, eta baldintzak betetzen dituztenen artean zozketa egingo du Udalak. Hautatutako jatetxe mugikorrek 75 euro ordaindu beharko dituzte postua jarri ahal izateko.
Beatriz Zubia Arambarrik zinegotzi kargua utzi du
Mikel Arregi alkateak, Beatriz Zubia Arambarri kargua utziko duela iragarri zuen. Eskertza zaparrada bat etorri zen ondoren, alkateak Beatrizengatik, sentsibilitatea nabarmendu zuen, beti pertsonen alde lanean aritu izana eta Garikoitz Mendizabalek, momentu zailetan pertsona ezberdinekin hor egoten jakin izana. Beatrizek, bere aldetik udal batzarkideei herriaren alde hartutako konpromisoa eskertu zien eta udaleko idazkariari ere, bere, urteetako lan fina aitortu zion. Honela amaitzen zuen idatzi bat irakurriz itxi zuen plenoa: “Utziko diot zinegotzi izateari, baino ez zestoar herritar izateari. Bihotz bihotzez eskerrik asko.”
Gazte Asanbladako kideek bat-bateko agerraldia egin zuten Udal Batzarrean
Plenoa arratsaldeko 17:30ean hasi zen eta 18:00ak aldera Gazte Asanbladako kideeak ateak zabaldu eta komunikatu bat irakurtzera sartu ziren. Zentroko Gaztetxearen desalojo data jakinarazi zaiela adierazi zuten eta udalari erantzunle zuzena izatea leporatu zioten. Ondoren Mikel Arregi, alkatatek, hartu zuen hitza eta gazteek egindako diagnostikoa okerra dela adierazi zuen.
Egin zaitez bazkide