Albisteak

Ekintzaileentzat interesgarriak diren liburuen bilduma argitaratu du Urola Erdiko Ekintzailetza-Mahaiak

Urola Erdiko Ekintzailetza-Mahaiak Zestoako, Azkoitiko eta Azpeitiko Udal liburutegiekin lankidetzan, ekintzaileentzat interesgarriak diren liburuen bilduma osatu eta argitaratu du. Ekintzailetza-Mahaia, 2015ean Urola Erdiko ekintzailetasuna sustatzeko asmoz sortu zen eta gaur egun, Ikastetxeen mahaiak, Iraurgi Berritzen bailarako garapen agentziak, Urkome landa-garapenerako elkarteak eta Urolab ekintzaileen laborategiak osatzen dute.

Marketinga, finantzak eta bestelako gai asko izan behar dira kontuan arrakastatsua izango den negozio eredua sortzerakoan. Egun, informazio iturri asko ditugu eskura, eta askotan hori ere arazo bihurtzen da. Horregatik eta lagungarri gisa, Urola Erdiko Ekintzailetza mahaiak baliagarri diren hainbat libururen zerrenda osatzeari ekin zion orain hilabete batzuk. Egindako lanaren emaitza, orain aurkeztu duten bilduma da.

Enpresa sortu berrietan eta bere ibilbidean, txikietan zein handietan, sortzen diren erronka zein arazoei aurre egiteko tresnak eskainiko dieten liburu profesionalen bilduma da aurkeztutakoa. Baina egindako lana ez da katalogo hutsera mugatzen. Zestoako, Azkoitiko eta Azpeitiko liburutegietan ekintzaileentzako txoko berezitu bat zabaldu da proiektu honen baitan eta bertan arloko liburu eta materiala pilatu dute liburutegietako lankidetzari esker.

Katalogoa oso era erraz eta erabilgarrian antolatuta dago arloka (kudeaketa eta giza baliabideak, ekintzailetza eta enplegutasuna, coachinga eta lidergoa, enpresa kudeaketa eta finatzak, marketinga eta salmentak; eta komunikazioa) ikusgarri eta era ulerterrazean.

Ekintzaileei zuzendutako katalogoa esteka honetan duzue ikusgai: https://issuu.com/iraurgiberritzen/docs/gidaliburua_01-11

Proiektuaren gaineko informazio guztia Iraugi Berritzen garapen agentziaren webgunean duzue.

Argazkia: Iraurgi Berritzen




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide