Albisteak

ELA sindikatuak Zestoako Bainuetxeko langileen prekarietatea salatu du

ELA sindikatuak jakinarazi duenez % 30,9ko erosahalmenaren galera metatzen dute 2008tik, eta kategoria batzuetako soldatak Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren ia baliokideak dira. 2009ko Gipuzkoako ostalaritzako hitzarmenaren soldaten azpitik jarraitzen dute.

Tres Mares enpresa Relais Termal taldekoa da, eta Zestoako Bainuetxea kudeatzen du 2003tik. Egun 50 langile ditu, % 82 emakumeak dira eta % 32 migratzaileak. Bainuetxea 10 hilabetez dago zabalik, martxotik abendura arte. ELAk salatu du plantillak pairatzen jarraitzen duen prekaritatea: 2008tik % 30,9ko erosahalmen-galera metatu dute. Kategoria batzuetako soldatak ia lanbide arteko gutxieneko soldataren parekoak dira.

Gainera, kontrolik gabeko lanaldi irregularrak dituzte, lan karga handiak, bajak eta bete gabeko ordezkapenak… ELAk egutegiak salatu ditu Lan Ikuskaritzan eta enpresarekin negoziatzeko saiakera guztiek huts egin dute.

ELAk eskatu du Gipuzkoako Ostatuen hitzarmena aplikatu diezaietela lan baldintzak nabarmen hobetzeko, hala nola: kategoria bakoitzak 400 eta 500 euro arteko igoera izango luke hilean, 6.000 eta 7.000 euro artekoa urtean, 17 orduko lanaldi murrizketa, 31 ordukoa pisuetako zerbitzarien kasuan. Gainera, Gipuzkoako hitzarmenak beste baldintza batzuk hobetzen ditu: plusak, lizentziak, antzinatasuna, gaueko lanaren aitorpena… 2013an, enpresak Gipuzkoako Ostalaritzako hitzarmena aplikatzeari utzi zion, eta % 25eko soldata murrizketa ezarri zuen. ELAk grebara deitu zuen. Hamabi urte geroago, prekaritatea nagusi izaten jarraitzen du.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide