Albisteak

Elizako erlojuaren solasaldia izan da arratsaldean Portalekoa etxeko udal aretoan

Xabier Alvarez Yeregui, erlojuaren zaharberritzaileak eta Mikel Arregi alkateak eman dituzte azalpenak Portalekoako udal aretoko aurkezpen-solasaldian. Hogeita hamar lagunetik gora bildu dira bertan. Yeregik eskerrak eman dizkie erlojuaren zaharberritze prozesuan lagundu eta aholkuak eman dizkieten guztiei. Gauzatu diren lanak eta erlojuak dituen ezaugarriez ere hitz egin du.Solasaldiaren aurretik, alkateak erlojua zein testuingurutan kokatu behar den azaldu du. Gotzaindegiarekin harremanak izan dituztela baina Koldo Intxausti apaiza gaixo egotean, interlokuzio arazoak ere izan direla aipatu du. Jakina denez, erlojua jabetzaz udalarena da baina elizan zegoen kokatua. Elizarekin argitu beharreko kontu ekonomikoak dituztela ere gaineratu du. Dena den, 2020ko aurrekontuetarako diru partida bat onartu dela erlojua kontutan hartuta.Herritarrek galderak egin eta iritziak emateko aukera izan da amaieran. Yeregi ez da zehazki erlojua kanpandorrera igotzeak zein kostu izan dezakeen esatera ausartu baina 8000-10.000 euro inguruko kopuru bat bota du. Erlojua kanpandorrera igotzea baino, automatizatzea da gehien kostatzen dena. Bere esanetan, astean bi aldiz eman behar zaio kuerda eta udaleko langileek egiten zuten orain arte. Lan hori egin beharrik ez izateko, automatizatzeko proposamena egiten du Yeregik.

Probisionalki behintzat areto horretan geldituko da erlojua herritarrek ikusteko moduan eta epe laburrean gaia argitzeko asmoa adierazi du alkateak. Herritarrei zalantzarik ez izateko, erlojua ondo zaindua izango dela esanez bukatu da ekimena.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide