172. Gabon jai atseginak eta Urte Berri on!
— 2019-12-20Urtean zehar eskuartean ibili izan ditudan gai, irakurketa eta materialekin egin ohi izan dut urteroko Gabon postala. Aurtengoan, Joxe Azurmendi pentsalari bikain bezain deserosoaren liburu batek, (Oraingo gazte eroak) eman dit hizpidea: “(…) eta, batez ere, oraindik ez dugu ikasi gu guztion festan lagunari hankak zapaldu gabe dantzan egiten”. Eta Azurmendik argazkira eraman nau. Bainuetxean, udako edo udazkeneko egun jakin batean neskameak dantzan (beste argazki bati esker badakigu gizonezkoek ere egiten zutela dantzan, kanpotarrek ez dakigu). Eta bainuetxeko argazkiak eta garaiak (1920ko hamarkada) Anne Sextoren poema honetara eraman nau, hemen ere dantza eta 1930a aipatzen dira-eta (buruak egiten dituen loturak eta jolasak). Munduko Poesia Kaierak bilduma zoragarritik hartu dut Sextonen poema. Beñat Sarasolak, proiektuaren zuzendariak, hitzaurrean dioen bezala, “ez da bidaia samurra Anne Sextonen poemetan barna egiten dena. Lerro gutxi batzuk irakurrita aski izango du irakurleak bere egiteko letra artean topatzen den oinazea. Sextonen poemek borroka egiten baitute etengabe bizitzaren mindurarekin, eta maite jolasean ari heriotzarekin.”
Azkenean, Azurmendik –elkarri hankak zapaltzea– eta Sextonek –inkomunikazioa– bizitzako alderdi mikatzak eta deseroso batzuk nabarmentzen dituzte, Gabon jaiek dituzten alderdi deserosoei keinu egin nahiko baliote bezala, baina aldi berean elkartasuna eta festaren erakargarritasuna azpimarratzen digute. Eta exotismoa. Oxigeno hutsa zen edan genuen xanpaina. Xanpainak urpekari baten eran hartzen zuen arnas. Zoragarria, eta ederra Harkaitz Canoren itzulpena.
Bada, horixe, Gabon jai atseginak eta Urte Berri on denoi!
“(…) eta, batez ere, oraindik ez dugu ikasi gu guztion festan lagunari hankak zapaldu gabe dantzan egiten” (Joxe Azurmendi).
Oxigeno hutsa zen edan genuen xanpaina,
eta fina, buruz buru, gure toparen txin-txina.
Xanpainak urpekari baten eran hartzen zuen arnas,
edalontziak kristalezkoak ziren, eta ezkongaiek
ametsetan heldu zioten elkarri,
1930eko dantza-maratoia irudi.
Gure ama, dantzaldiko erregina izan zen,
hogei gizonekin dantzatzen.
Zu, nirekin, hitz erdirik esan gabe.
Besarkatu ninduzunean, sugea mintzatu zen zure ordez.
Sugea, burlati, jainko izugarri baten eran
esnatu eta trinkotu zen nire kontra,
eta elkarrekin makurtu ginen,
bi zisne bakarti bezala.
Anne Sexton (itzulpena, Harkaitz Cano)
Egin zaitez bazkide