Apirila 2026
— 2026-05-04Irakurri 281. zenbakia hemen.

Atzo egin zuten Arroa Beheko VI. Udaberriko Argazki Rallya, eta guztira 24 lagunek hartu zuten parte. Horietatik sei 16 urtetik beherakoak izan ziren. Parte-hartzaileen artean 13 Arroabearrak ziren, eta gainerakoak Zumaiatik, Ondarroatik eta Hernanitik etorritakoak. Horrela eman zitzaien amaiera Arroabeko San Isidrotako ospakizunei.
Goizean zehar parte-hartzaileak auzoan barrena ibili ziren rallyko ariketak osatzen. Isilean aritu baziren ere, nabarmena izan zen argazki rallyaren giroa kaleetan izan ere, haur parte-hartzaileek, koloretako txapelak jaso zituzten eta auzoa kolorez bete zuten.
Parte-hartzaileek 13:00etarako entregatu zituzten egunean ateratako argazkiak, eta orain maiatzaren 24ra arteko epea izango dute beren behin betiko aukeraketa egiteko eta antolatzaileei bidaltzeko.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, epaimahaiaren erabakia ekainaren 1ean argitaratuko dute, eta sari banaketa ekainaren 5ean egingo dute, ostiralez, 19:00etan, Arroabean. 16 urtetik beherakoen eta gorakoen kategoriez gain, argazki dibertigarrienaren, artistikoenaren eta herri botoaren sariak ere banatuko dituzte.