Albisteak

[ARGAZKIAK] Lurra oinarri, ospakizun eta topagune bilakatu zen Amillubi

Larunbatean ospatu zuten Amillubiren III. udaberriko festa, eta “Lurra oinarri, utopien bidean” lelopean jendetza bildu zen, bide horretan sinesten dutenak asko direla erakutsiz. Denbora luzez prestatutako egitarauak fruitu ederra eman zuen eta giro ederrean joan zen eguna.

Bertaratutako askok Iraetan utzi zuten autoa, eta barazki seinaletikari jarraituz iritsi ziren Amillubira. Eguraldia mehatxuka ibili bazen ere, ez zuen espero adinako euririk egin, eta antolatzaileek aurrez egindako gomendioei esker, jendea prestatuta joan zen egunaz gozatzera.

Goizean harrera eta hitzaldiak izan ziren, elikadura burujabetza eta proiektu kolektiboak ardatz hartuta. “Lurra oinarri, utopien bidean” izeneko lehen solasaldian Lakabe, Ametxe eta Aginaga Biziberritzen egitasmoetako kideek euren esperientziak partekatu zituzten, “Ametsak lurra hartzen dutenean” izenburupean. Ondoren, “Lur bizia, herri bizia” lelopean, agroekologia eta ekoizpen proiektuen inguruan aritu ziren Aleka, Errigora eta Etartie egitasmoetako ordezkariak.

Goizari amaiera emateko, inguruko ate irekiak egin zituzten, Amillubi proiektua bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiz.

Bazkaltzeko, talde handi batek paella erraldoiak prestatu zituen lurrean egindako sua erabilita. Inguruko produktu ekologikoekin osatutako bazkariak harrera beroa izan zuen, eta ez zen janik ez edanik falta izan.

Bazkalostean ospakizunak hartu zuen lekukoa. Poesia, bertsoak, musika eta dantzak bata bestearen atzetik iritsi ziren, Amillubiko lurrak kultur topagune bihurtuz. Bitartean, haurrek ere beraientzako prestatutako gunean gozatzeko aukera izan zuten, goizetik arratsaldera lagunarte eta giro onean.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide