Apirila 2026
— 2026-05-04Irakurri 281. zenbakia hemen.

Bihar, maiatzaren 19an, Gorrotokrazia izeneko solasaldia egingo dute Alonderon, 18:30ean hasita. Euskararen Loraila egitasmoaren barruko hitzordua izango da, eta azken urteotan indarra hartzen ari diren gorroto diskurtsoak eta horiek gizartean duten eragina izango dituzte hizpide.
Antolatzaileek azaldu dutenez, gorrotoaren kultura gero eta hedatuago dago hainbat esparrutan, eta horren aurrean gogoeta kolektiboa sustatu nahi dute biharko saioarekin. Euskararen eta euskal komunitatearen aurkako jarrerez gain, emakumeek, LGTBI+ kolektiboak, kultura islamiarreko herritarrek edo egoera zaurgarrian dauden pertsonek ere maiz pairatzen dituztela eraso eta bazterkeria egoerak nabarmendu dute.
Hiru hizlarik hartuko dute parte saioan, bakoitzak bere esparrutik gaiari helduz:
Leire Ibarguren Azpeitiko Feministen Sareko eta Astindu Armairutik taldeetako kidea da. Mugimendu feministatik eta kolektibo disidenteen ikuspegitik ariko da, azken urteotan sare sozialetan zein kalean areagotzen ari diren jarrera matxista eta baztertzaileak aztertuz.
Hajar Samadi Bidaya emakume musulman gazteen elkarteko kideak, berriz, emakume musulmanek eta kultura islamiarreko herritarrek pairatzen dituzten aurreiritzi eta estigmez hitz egingo du. Diskurtso islamofoboek eguneroko bizitzan duten eraginaz eta elkarbizitzaren erronkez ariko da bere parte-hartzean.
Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak hizkuntza eskubideen ikuspegitik landuko du gaia. Euskararen aurkako jarrerek eta hizkuntza gutxituen kontrako diskurtsoek azken urteotan hartu duten presentzia izango ditu hizpide, baita horrek hiztunengan eta komunitatean duen eragina ere.
Gorrotokrazia Euskararen Loraila egitasmoaren barruan antolatu dute Euskara Foroak eta Zestoako Udalak elkarlanean. Maiatzean zehar hainbat hitzaldi eta ekitaldi ari dira egiten herrian, “euskara loratzeko gure zaintza behar duelako” ideiari helduta. Egitasmoaren helburua euskara erdigunean jartzea eta hizkuntzaren egoeraren inguruko hausnarketa kolektiboa sustatzea dela azaldu dute antolatzaileek.