Albisteak
Elkarretaratze jendetsua plazan, Gaztetxea lekualdatzeko proiekatua babesteko
— 2023-02-18Gazte asanbladak deituta, Gaztetxea zentora orain! lemapean elkarretaratze jendetsua egin dute gaur eguerdian plazan. Gaztetxea zentrora lekualdatzeko bidean “urrats bat gehiago” emateko deitu dute elkarretaratzea gazte asanbladako kideek. Haien esanetan, urte eta erdi igaro da prozesua hasi zutenetik, eta “legealdia amaitzear dagoenez, iniz baina garrantzitsuago da hitzeman zitzaigun espazioa eskuratzeko prozesuarekin amaitzea”.
Hemen elkarretaratzearen amaieran egindako irakurketa:
“Gaur, beste behin, gaztetxea zentrora lekualdatzeko bidean urrats bat gehiago emateko bildu gara. Urte eta erdi igaro da prozesu honekin hasi ginenetik eta egun, legealdia amaitzeko garaiotan, inoiz baina garrantzitsuago da hitzeman zitzaigun espazioa eskuratzeko prozesuarekin amaitzea.
Guztiok jakingo duzuen moduan, oztopoak oztopo, duela bi aste udal-gobernuak (EH Bildu), elizak eta gazte asanbladak osatutako hiruko mahaia biltzea lortu genuen. Bertan ordea, espazio hau eskuratzeko negoziaketak hastetik urrun, eraikina tasatu beharra zegoela aipatu zuten, honela, prozesua gehiago luzaraziz. Azken udalbatzarrean, udal-gobernuko alkateak, gaztetxearen auziaren harira orain arte egin ez duen adierazpen publikoa egin zuen. Adierazpen hauek, denbora tarte guzti honetan hitzemandakoarekiko kontraesankorrak zirela ikusita, prentsaurreko bat deitzea erabaki genuen udal-gobernuaren jarrera salatu eta proiektua babestea exigitzeko.
Egun batzuk igaro ondoren, Udal Gobernuak, gazte asanbladak egindako agerraldiari erantzun zion publikoki. Adierazpen hau, fokua desbideratzeko tresna izanik, herriari asanbladaren eta arazo errealaren irudi faltsu bat emateko erabili zuen. Honen aurrean, asanbladatik argi utzi nahi dugu inoiz ez dugula eztabaida publiko antzuetan erortzeko prestutasunik eduki eta horren adierazle da alkatearekin harremanetan jarraitzeko pausoak eman ditugula.
Hala ere, aipatu bezala, denbora luzez ari gara borrokan eta prozesuari aterabide bat orain eman behar zaiola azpimarratu nahi dugu. Bide luze honetan elizak, Udal Gobernuak eta hauen burokraziak ipinitako oztopoek, instituzio hauen funtzionatzeko modua zein den erakutsi digute. Hori dela eta, Zestoako Gazte Asanbladatik garbi dugu auzi honi aterabide bat emateko ezinbestekoa dela aipatutako instituzioekiko presioa sortzea. Beraz, gaurko mobilizaziotik hasita presio mekanismoak martxan jarriko ditugu.
Gaurko elkarrateratze honek balio dezala udala eta elizari beren interesei horrenbeste begiratu beharrean, herritarren interesei begiratzeko. Balio dezala negoziatu eta guztiontzat ona izango den akordio batera iristeko. Balio dezala gaztetxea zentrora lekualdatzeko”.
Egin zaitez bazkide