Albisteak

Elkarretaratzea egin dute, elizaren jarrera salatu eta auzipetutako gazteari babesa adierazteko

Gotzaindegiak Gazte Asanbladako kideen aurka jarritako salaketa dela eta gazte bat epaituko dute datorren asteartean, apirilaren 18an, Azpeitiko Epaitegian. Gazte Asanbladak deituta, elkarretaratze jendetsua egin dute gaur eguerdian plazan, Herriko gazte bat epaitua, absoluzioa orain! lemapean.

Auzipetutako gazteari babesa adierazi eta gotzaindegiaren jarrera salatu dute. Datorren astearteko epaiketa “proiektu kolektibo baten aurkako” epaiketa dela nabarmendu dute: “Epaitua izango dena ez da gazte bat soilik, Zestoako gazteria da”.

Hemen Gazte Asanbladako kideek egindako irakurketa:

“Gaur hemen bildu gara, Elizondo eraikinaren birjabetzea dela eta epaitua izango den herriko gazteari babesa adierazi eta egoera hau salatzeko. Era berean, salaketa jarri duen Gotzaitegiaren jarrera salatu eta hauek izan duten negoziatzeko borondate eza mahai gainean jarri nahi dugu, abandono egoeran duen eraikin baten jabetza lehenetsi baitute herriko gazteen proiektu emantzipatzailea baztertuz, Zestoako herrian honek izan dezaken ekarpen positiboa kontuan izan gabe.

Jakingo duzuen moduan, gazte asanbladatik 2 urte luze daramatzagu proiektu honen aldelanean. Bide honetan, herriko eragile zein norbanakoen babesa jaso dugu, honen adibide dira herriko hamaika eragileen babesa eta firma bilketan jasotako herritarren ehundaka sinadura. Baina duela bi hilabete, negoziaketen geldotasuna zela eta, Gazte Asanblada eraikina birjabetzera behartuta ikusi zen. Behin barruan, eliza zein udal gobernuarekin harremanetan jarri ginen baino jasotako erantzuna ez zen espero genuena izan. Alde batetik, udalak, jabetza elizarena zela aitzakitzat hartuz jarrera pasiboa erakutsi zuen; eta bestetik, Gotzaitegiak, harremana moztu eta negoziaketa erabat blokeatu zuen. Izan ere, Gotzaitegiaren erantzun bakarra bide judiziala hartu eta horrenbeste predikatzen duen bakearen ordez, indar polizialak bidaltzea izan zen: hauek gazteen aurka oldartu, mehatxatu eta zenbait gazte identifikatu zituzten. Ondorioz, hauetako bat epaitua izango da asteartean.

Lehen esan bezala, elizak bere interesak lehenetsi ditu: jabetza pribatua eta dirua. Bere erretorika faltsuen atzean zer eskutatzen den garbi utziz. Honen aurrean, gazte asanbladatik garbi utzi nahi dugu proiektu kolektibo baten aurkako epaiketa dela hau, eta epaitua izango dene ez dela gazte bat soilik. Baizik eta, Zestoako gazteria.

Hau esanda, elizari berehala salaketa kendu eta negoziatzera eseritzeko exijitzen diogu. Eta garbi utzi nahi dugu Zestoak behar duen gaztetxea lortu arte borrokan jarraituko dugula”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide