Albisteak

[ELKARRIZKETA] Amancay Gaztañaga: “Obra komedia garratz bat da eta uste dut jendeak barre dezente egingo duela”

Erika Olaitzola, Iraia Elias eta Amancay Gaztañaga (Argazkia: Kulturaz Kooperatiba)

Kamikaz Kolektiboko partaide diren Amancay Gaztañagak, Erika Olaizolak eta Iraia Elias Ttak Teatroa konpainiako kideak Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi  antzezlana aurkeztuko dute igande honetan, hilak 28, Azpeitiko 39. Euskal Antzerki Topaketetan. Hirurak idatzi, zuzendu eta antzeztu dute obra. Duela urtebete pasatxo izan zuten obra idaztearen ideia eta apiriletik hona buru-belarri aritu dira lanean. Iganderako sarrerak eskuragai daude Kulturaz.eus atarian.

Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi obra estreinatuko duzue igande honetan Azpeitian. Zer kontatzen du obrak?

Obra komedi garratz bat da. Erikak eta biok Netflixeko Los Brigerton telesaila ikusi genuenean sortu zen ideia. Flipatu egin genuen eta horrekin zerbait egin behar genuela pentsatu genuen. Hari bati tiraka hasi ginen eta hari horri tiraka ari ginela, Iraia ere hortxe izan genuen. Telesail horrek fikzioaren inguruko hainbat galdera eginarazi zizkigun: zer elikatzen dugu fikzioaren bitartez? Nork sortzen du fikzio hori? Norentzat? Zertarako? Galdera horietatik abiatuta sortu dugu obra.

Prozesu erraza izan al da?

Prozesua oso erraza izan da. Orain oso nekatuta gaude, normala den bezala, baina benetan zoragarria izan da, barre pila bat egin dugu.

Komedia garratza izango da beraz, zuen obren identitate zeinu bat da hori.

Gure kodea azkenean hori da. Ez dugu inoiz esaten komedia bat egin behar dugunik. Lanean hasten gara eta gu gure bizitza errealean nahiko pailazoak garenez, hori egitea irteten zaigu. Kasu honetan, obra komedia garratz bat da, oso fisikoa eta uste dut jendeak barre dezente egingo duela, hori espero dugu behintzat.

Zer eman dio taldeko kide bakoitzak proiektuari?

Iraia eta ni Matriuska lana batera egitetik gatoz eta Erika eta biok beste film labur batean lanean ari ginen. Hirurok beti daukagu hartu eman asko. Oso ondo uztartzen garela uste dut. Nahiz eta imajinario konpartitu batetik gatozen, bakoitzak bere imajinario partikularra eman dio obrari eta inprobisazioari. Obra honen testua inprobisaziotik atera dugu, gidoia gero idatzi dugu, geuk. Bakoitzak bere ukitua eman dio lan honi.

Obra honez gain, Eromen Produkzioak-en Guateke antzezlana ere topaketetan izango da.

Sekulako ilusioarekin gaude. Lehengo urteko topaketetan hartu behar genuen parte Guatekerekin baina Covid-a zela eta, ezin izan genuen. Obra zoro bat da, bai ikusteko eta baita antzezteko ere, festa handi bat da.

Azpeitiko antzerki topaketetako plaza berezia al da zuretzat?

Azpeiti ia etxea da. Etxetik gertu lan egiten duzunean nerbio extra batzuk daude. Lagunak eta familiarrak etortzen dira ikustera. Alde batetik, zure lana partekatzeko sekulako ilusioa izaten duzu eta bestetik, beldur puntua.

2014an sortu zenuten Kamikaz Kolektiboa Miren Gaztañagak, Erika Olaizolak eta zeuk. Ze eboluzio izan duzue?

Urte batzuk pasa dira eta urte horietan pertsonalki eboluzionatzen joan garenez, gure lana ere eboluzionatzen joan da. Daukagun “harrikada” ez dakit aldatu den, esango nuke oraindik eta okerragoa dela urteen poderioz. Orain behintzat segurtasun handiagoa dugu gure “harrikada” horretan (barrez). Interesgarriena elkar elikatze horrek ekarri digun on guztia izan da. Elkarrengandik ikasi duguna.

Bira oparoa duzue aurretik.

Honezkero hamar emanaldi ditugu konfirmatuta. Gure helburua, lan hau asko mugitzea da.

Emanaldien inguruko informazio gehiago Kamikazkolektiboa.com-en.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide