Albisteak

[ELKARRIZKETA] Amancay Gaztañaga: “Emakume horiek irudikatzea oso potentea izan da denontzat”

Bihar, asteazkena, “Alardea” telesaila estreinatuko da ETB1en. K200 etxeak ekoitzi eta David Perez Sañudo eta Pedro Fuentesek zuzendutako lanak Hondarribi eta Irungo alardeetan libreki inspiratutako istorio bat kontatzen du. Emakume talde batek alarde tradizionalean ateratzeko nahia azaltzen du eta horrek fikziozko Uriola herrian sortzen duen gatazka plazaratzen du telesailak. Amancay Gaztañaga, Itziar Ituño, Carmen Climent, Klara Badiola edo Sara Cozarrek osatzen dute  aktore-zerrenda. Martxoko konfinamendu aurretik hasi ziren telesaila grabatzen. Astebeteko grabaketa egin zuten orduan eta uztailean berrartu eta amaitu zituzten grabaketa lanak. Amancay Gaztañagarekin izan gara eta “Alardea” grabatzea “sekulako esperientzia” izan dela azpimarratu du.

Urteetan eztabaida sortu duen gaia da alardearena. Nolakoa izan da horrelako istorio bat kontatzea?
Emakume horiek irudikatzea oso potentea izan da denontzat. Lan talde ederra osatu dugu, emakumez betea. Momentu gogorrak kontatu ditugu baina aldi berean oso polita izan da.

Telesailean parte hartzea proposatu zizutenean zer pentsatu zenuen?
Sekulako sorpresa izan zen. Pedro Fuentesek deitu eta telesaila egin behar zutela esan zidan. Niretzat paper bat zuela aipatu zidan. Nik banekien telesaila egitekoak zirela baina ez nekien zer eta nola kontatu behar zuten. Alarde parekide baten aldeko telesaila egin behar zutela esan zidan eta berehala esan zion baietz, hor egon nahi nuela eta istorio hori kontatu nahi nuela. Horrelako lan batean parte hartzea opari bat izan da niretzat. Gainera, profesional oso ederrez inguratuta egon naiz eta oso filmazio polita izan da, egun askotakoa, eta horrek familia txiki bat sortzen laguntzen du.

Zein da zure papera?

Nire pertsonaia Maite da, talde feminista bateko kidea. Taldeko kideok alardean parte hartu nahi dugu eta horretan saiatzen gara. Emakume alarguna da, lau urteko alaba dauka. Nahiz eta talde feminista bateko kide izan ez du kontzientzia feminista handirik. Maite oso metxa laburreko emakumea da eta oso garbi dauka bere alabari ze ondare utzi nahi dion. Telesailean zehar kanpo erasoak jasaten ditu eta pixkanaka konturatzen hasten da alardearen istorioak ze dimentsio duen. Hasiera batean, pertsonaia txikiagoa zen baina geldialdiaren ondoren beste gidoi bat eman ziguten eta pertsonaia asko hazi zen.

Identifikatuta sentitu al zara berarekin?
Bai eta ez. Nik ez daukat Maitek bezain metxa laburra baina gustatuko litzaidake berak duen jenio hori ateratzea batzuetan.

Perez Sañudok azpimarratu du “istorio feminista” bat dela. Zure lanak ikuspegi feminista batetik egin ohi dituzu.

Feminismoarekin oso elkartuta sentitzen naiz. Nire azken urtetako sorkuntza guztia horretara bideratuta dago. Feminismoaren eraikuntzara bideratzen ditut nire lanak, sistema pixka bat suntsitze aldera, horretan saiatzen naiz behintzat. Zuzendariak gizonezkoak dira baina beren maskulinitatea nola bizi, nola kritikatu eta nola elikatzen duten ikustea plazer bat izan da. Ez digute inoiz testu edo ideia bat inposatu, gure iritzia eskatu digute beti. Niretzat opari bat izan da horrelako bi gizon topatzea.

Egoera gatazkatsuak filmatu dituzue. Barruak mugitzeko modukoak, ezta?
Biolentzia handiko momentuak grabatu ditugu. Nire pertsonaiak, horrelako bi momentu bizi ditu. Bata oso esanguratsua da, alardean irteteko momentua kontatzen da. Benetako biolentzia sentitu genuen, bultzadak, kolpeak… Azkenean, gu telesail baterako eszena bat grabatzen ari ginen baina hori benetan gertatukoa da. Emakume horiek bizi izan zutena eta gaur egun oraindik bizi dutena pentsatzean hotzikarak sartzen zaizkit. Beti pentsatzen dut, ez dakit neuk adorerik izango nukeen emakume horiek egin zutena egiteko.

Herri txikitan ohikoa den presio soziala ere agerian uzten da telesailean.
Bai, azkenean gerra zibil txiki bat da. Zure bizilagunarekin ari zara liskarrean eta horrek biolentzia areagotu egiten du, ezagutzen dituzun pertsonak direlako. Egunero jasan izan dituzte erasoak eta eraso horiek aurpegi ezagun batetik datozenean are eta bortitzagoa da.

Lan talde ona osatu duzuela aipatu duzu.
Emakumeen istorio bat emakumez inguratuta kontatzea ederra izan da. Nire lanak ados nagoen gaien inguruan egitea gustatzen zaizkit. Oso konplikatu izango litzateke niretzat ados ez nagoen gai baten inguruko lan bat egin edo sortzea. Kasu honetan konbikzio bat zegoen, eta lantalde osoak genuen argi zer egin behar genuen. Horrelako filmazio batean asko ikasten da. Lehen lerroko aktorek izan ditugu, Itziar Ituño esaterako, eta bera eta gainontzekoak lanean ikustea oso aberasgarria izanda.

Pandemia garaian grabatu duzue, asko aldatu al da gauza?
Bai. Segurtasun neurriekin grabatu dugu. Astero egiten ziguten PCR froga. Martxoan grabatu behar genuen telesaila uztailean grabatu dugu. Grabazio egun gogorrak izan ditugu. Neguko arropak erabili ditugu eta egun batzuetan 40 gradutan grabatu dugu.

Telesailak hautsak harrotuko dituela uste al duzu?
Bai eta hala izatea espero dut. Oraindik ez da telebistan estreinatu eta hautsak harrotzen hasi da jada. Gogorrena, emakumeak beste emakume batzuk iraintzea egiten zait. Guk ez dugu telesail hau emakume batzuk iraintzeko egin. Benetan sinesten dugu tradizioaren izenean egiten diren gauza batzuk onartezinak direla. Ni kasu honetan, oso seguru nago egin dugun lanarekin eta ez daukat beldurrik. Oso bakean sentitzen naiz, jendeak hitz egingo du baina lasai nago.

Zertan zabiltza orain?
Arte dramarekin hurrengo proiektua lantzen ari naiz. Otsailean estreinatuko dugu “Atzerrian ura garratz” antzezlana. Matriuskarekin ere emanaldi pila bat ditugu. Zestoako antzerki eskolarekin ere aste honetan hasi gara.
Pare bat proiektu berri ere baditut esku artean. Susa argitaletxea antzekiarekin zerikusia duen liburu bilduma bat egiten ari da. Bilduma horretarako liburu bat idaztea eskatu zidaten eta horretan nabil buru-belarri.

Hona hemen filmazioko argazki batzuk:

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide