Albisteak

[ELKARRIZKETA] Arroagoiko Festa Batzordea, festak herritik eta herriarentzat

Azken Danbolin aldizkarian auzoetako festa batzordeen inguruko erreportajea argitaratu genuen. Paperaren mugak medio, artikuluak auzotarrek esandakoen hainbat zertzelada besterik ez zituen biltzen, hortaz datozen asteetan festa batzorde bakoitzari egindako elkarrizketak argitaratuko ditugu webgunean. Arroagoiko festen atarian, beraien txanda iritsi da.

Gaurtik astelehenera bitartean ospatuko dituzte santio-santanak Arroagoian. Lau egunetarako adin eta gustu guztiak dituztenentzako ekintzak prestatu ditu hango festa batzordeak. Egitarau zabal horren atzean dagoen lana azaldu digute.

Zein da zuen auzo edo festen berezitasun handiena?
Arroaerrekako eta Arroagoiko herritarrak elkartzeko duten gaitasuna da. Gazteak zein helduak batzen dira egun horietan, eta auzo osoaren topagune bihurtzen dira festak.

Zuen ustez, festak parte-hartzaileak dira edo gehiago kontsumora bideratutakoak?
Bi alderdiak uztartzen dituzte. Parte hartzeko aukera ematen duten ekintza ugari antolatzen dira, baina aisialdira eta kontsumora bideratutako jarduerak ere badira. Oreka polita lortzen dela uste dugu.

Zein da auzotarrek gehien maite edo espero duten ekintza?
Herri afaria, zalantzarik gabe. Sarrerak berehala agortzen dira eta giro oso berezia sortzen da urtero.

Urteekin zerbait galdu dela sentitzen duzue? Zer?
Egia esan, ez dugu ezer galdu dugunik sentitzen. Kontrakoa esango genuke: gero eta jende gehiago gerturatzen da festetara.

Eta alderantziz, gaur egungo festetan badago berritzailetzat jotzen duzuen zerbait?
Azken urteetan gazte asko hurbiltzen ari da festetara, baita inguruko auzo eta herrietatik ere. Parte-hartze handiago hori da nabarmenduko genukeen aldaketa positiboa.

Nolakoa da zuen festa batzordearen funtzionamendua?
Urtero bilerak egiten ditugu aurreko urtean ondo eta gaizki atera dena aztertzeko. Hortik abiatuta adosten dugu zer ekintza antolatu, eta ondoren ardurak banatzen ditugu: kontratazioak, antolakuntza lanak eta bestelako egitekoak.

Zenbat lagunek osatzen duzue gaur egun batzordea?
Sei lagunek osatzen dugu festa batzordearen oinarria. Hala ere, badira bileretan parte hartzen duten beste hainbat lagun ere, eta festa garaian auzotar gehiagok ematen du laguntza.

Noiz hasten zarete festak prestatzen?
Geroz eta lehenago. Azken urteetan otsaila aldera hasten gara lanean, dena garaiz lotzeko.

Errelebo falta sumatzen duzue?
Bai. Gazteak badaude, baina ez dira festa batzordean sartzen. Horregatik, errelebo falta sumatzen dugu eta etorkizunerako kezka sortzen digu.

Zerk bultzatzen zaituzte festa batzordean parte hartzera?
Festek jarraipena izatea nahi dugu. Gure atzetik inor etorriko ez balitz, jaiak ahultzen edo desagertzen joan litezkeela uste dugu, eta hori saihestu nahi dugu.

Eta zer da gehien nekatzen edo erretzen zaituztena?
Jende askok ez duela bere ekarpena egiten sentitzen dugu batzuetan. Gainera, festak iristen direnean kexak entzutea da gehien molestatzen gaituen gauzetako bat.

Nolakoa da zuen harremana udalarekin?
Harreman zuzena baina nahiko justua dela esango genuke. Festa batzordeak prestatzen du egitarau osoa, eta dena lotuta dagoenean, udalari aurkezten zaio. Dirulaguntzarekin eta materialarekin laguntzen dute.

Udalak gehiago egin beharko lukeela uste duzue? Zertan?
Bai. Festak antolatzea gero eta garestiagoa da eta laguntza ekonomiko handiagoa eskertuko genuke.

Zer eskatuko zeniokete udalari?
Alde batetik, dirulaguntzak handitzea. Bestetik, uzten dizkiguten materialen mantentze-lana hobetzea; adibidez, txosnetan askotan ura sartzen da eta antzeko arazoak izaten dira.

Festa batzorderik gabe, auzoko festek irabazi edo galdu egingo luketela uste duzue? Zergatik?
Galdu egingo lukete, zalantzarik gabe. Festa guztien antolakuntza gure gain dago eta ez dugu uste egungo jai eredua mantenduko litzatekeenik festa batzorderik gabe.






Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide