Ekaina 2026
— 2026-07-02Irakurri 283. zenbakia hemen.

Zestoa ez da ohiko udalerria. Herriguneaz gain, nortasun handiko hainbat auzo ditu: Arroabea, Arroagoia, Aizarna, Iraeta, Narrondo, Lasao, Ibañarrieta eta Endoia. Batzuk biztanle gehiago eta jardun handiagoa duten guneak dira; beste batzuk, berriz, sakabanatuagoak eta txikiagoak. Batzuk udalerriaren erdigunetik gertu daude, eta beste batzuek lotura estua dute inguruko herriekin ere.
Arroabea, Arroagoia, Aizarna eta Iraeta dira biztanle gehien biltzen dituzten auzoak. Narrondo, Lasao eta Endoia, aldiz, sakabanatuagoak dira, eta berezitasun gehigarri bat ere badute: egunerokoan beste udalerri batzuekin ere harreman zuzena izaten dute. Narrondok Zumaiarekin du lotura estua; Lasaok Azpeitiarekin; eta Endoiak Itziarrekin. Hiru auzoetako zati bana, gainera, aipatu udalerrien parte da.
Festen egutegiak ere aniztasun hori erakusten du. Gehienek udan ospatzen dituzte jaiak, baina badira salbuespen nabarmenak. Iraetan Santa Ines jaiak urtarrilaren 21aren bueltan ospatzen dituzte, negu betean; Lasaon, berriz, San Martin jaiak azaroaren 11ren inguruan izaten dira. Endoian udaberrian ospatzen dituzte Asentzioak. Gainerako auzoetan, berriz, uda da festen garaia.
Desberdintasun horien gainetik, ordea, bada auzo guztiek partekatzen duten ezaugarri bat: festak ez direla berez antolatzen. Jai egitarauen, herri afari eta kontzertuen atzean hilabeteetako lana dago, eta lan hori auzotarrek eurek egiten dute, borondatez. Auzoetako Festa Batzordeetako kideekin hitz egin dugu, auzoetako festen atzean dagoen errealitatea ezagutzeko. Paperaren mugak medio, artikulu honek auzotarrek esandakoen hainbat zertzelada besterik ez ditu biltzen; datozen asteetan, danbolin.eus webgunean argitaratuko ditugu elkarrizketak osorik.
Festak, auzoa elkartzeko aitzakia
Festa bakoitzak bere nortasuna du. Aizarnan oilasko-biltzea eta herri-afaria dira ekitaldi arrakastatsuenak. Narrondon sardina jana eta San Kristobal eguna. Iraetan pintxo lehiaketa eta Urrezko Aizkora. Arroagoian herri-afaria. Arroabean paella-lehiaketa. Lasaon bertso-afaria.
Ekitaldiak askotarikoak izan arren, guztiek azpimarratzen dute ideia bera: festak direla auzoa elkartzeko unerik garrantzitsuena. Gainera, ia festa batzorde guztiek aipatu dituzte jan-edanaren inguruko ekitaldiak auzotarrek gehien espero dituzten hitzordu gisa.
Lasao bezalako auzo batean urtean zehar bakoitza bere baserrian bizi da, baina festetan auzotar guztiak elkartzen dira. Arroagoian, berriz, herri afaria bihurtu da Arroaerreka eta Arroagoia elkartzen dituen hitzordu nagusietako bat eta sarrerak berehala agortzen dira. Narrondon, inguruko herrietatik ere jende ugari gerturatzen da sardina jatera, nahiz eta haientzat San Kristobal eguneko hamaiketakoa den bereziena. Aizarnan hainbat belaunaldi elkartzen da herri afarian eta herri kiroletan.
Parte-hartzerik gabe ez dago festarik
Festa batzordeetako kide guztiek euren jaiak parte-hartzaileak direla uste dute.
Aizarnan argi dute: «Parte-hartzea nahitaezkoa da; bestela ez legoke festarik». Narrondon antzera pentsatzen dute, eta Lasaon ere kontsumotik baino gehiago parte-hartzetik eraikitako jai eredua defendatzen dute.
Hor dago, hain zuzen ere, auzoetako festen berezitasunetako bat. Herrigunean udal brigadek eta teknikariek egiten dituzten lan asko auzotan herritarrek eurek egiten dituzte. Mahaiak jarri, karpak muntatu, txosna prestatu, afaria zerbitzatu edo ekitaldiak koordinatu. Jaiak auzolanean egiten dira.
Horregatik, festa batzordeetako askok ez dute euren burua antolatzaile huts gisa ikusten. Herriaren parte dira, eta herriak egiten ditu festak.
Belaunaldi aldaketa: batzuentzat kezka, besteentzat itxaropena
Erreleboaren gaia da festa batzorde guztietan agertzen den kezketako bat.
Arroagoian aitortzen dute jende berria erakartzea zaila dela. Gazteak badaudela diote, baina ez direla erraz sartzen antolakuntza lanetan. Arroabean ere antzeko egoera bizi dute. Urteak daramatzaten kideek lanean jarraitzen dute, baina jende
berria erakartzea ez da beti erraza.
Beste auzo batzuetan, ordea, baikortasun handiagoz hitz egiten dute. Aizarnan urte batzuetan gazte kuadrilla sendo baten falta sumatu bazuten ere, gaur egun belaunaldi berria indartsu datorrela diote. Narrondon ere antolatzaileek argi adierazi dute: «Betikoak hemen gaude, baina inguruan dugun gazte taldearen laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Haiek behar gaituzte, baina guk beraiek gehiago».
Lasaon, berriz, belaunaldi aldaketa oraintxe gertatu da. Gurasoek urte luzez egindako lana hartu dute seme-alabek, eta gaur egun haiek dira festen antolakuntzaren gidaritza hartu dutenak.
Iraetan, berriz, auzoko bizilagun zaharren eta berrien arteko desberdintasunez aritu dira. Haien esanetan, auzoa lotarako dutenek zailagoa izaten dute festen antolakuntzan inplikatzea. Horren harira, gizartearen aldaketa eta auzolanaren gainbehera ere aipatu dituzte hainbat auzotan.
Hala ere, denek onartzen dute erronka bera dutela: ez da nahikoa jendea festetara joatea edo ekitaldiaren unean bertan laguntzea (nahiz eta eskertzen den). Festak antolatzeko prozesuan ere parte hartzea beharrezkoa da. Izan ere, festa batzorde guztiek azpimarratu dute proposamen berriak ongi etorriak direla, baina horiek lanerako prestasunarekin batera datozenean dutela benetako balioa.
Lan ikusezina
Festak iristen direnean dena prest egoten da. Baina prestaketa lanak hilabete asko lehenago hasten dira.
Arroabean azaroan hasten dira hurrengo urteko jaiak prestatzen. Aizarnan urtarrilean egiten dute lehen bilera. Narrondon urte amaieran hasten dira musikariak eta hornitzaileak lotzen. Iraetan azaro aldera hasten dira lanean.
Eta hor dago askoren ustez lanik nekagarriena.
Auzo guztiek burokrazia aipatu dute gehien erretzen dituen elementu gisa. Fakturak, dirulaguntzak, eskaerak eta administrazio prozedurak gero eta konplexuagoak direla diote.
Aizarnan eta Lasaon jendea mugitu behar izatea ere aipatu dute. Festa egunean laguntzeko prest dagoen jendea egoten da, baina aurreko lanetan inplikatzea gero eta zailagoa da. Arroabean ere antzeko sentsazioa dute: askotan jendearen atzetik ibili behar izaten dute gauzak aurrera ateratzeko.
Lanak eta parte-hartzea ia mesede gisara eskatu beharra ere aipatu dute askok, jendea konpromisoan jarri beharra. Hori bereziki nekagarritzat jo dute.
Udalaren laguntza beharrezkoa da, baina…
Udalarekin harremana, oro har, ona dela diote auzo guztietan. Auzoko festetan gehiago egin beharko ote lukeen galdetuta ere, erantzunak ez dira bereziki zorrotzak izan. Auzotarrek azaldu dute urte luzez horrela antolatu dituztela festak, eta askotan ez dela faltan botatzen inoiz izan ez dena.
Hala ere, ia auzo guztietan nabarmendu dute laguntza ekonomiko handiagoa eskertuko luketela. Izan ere, ekitaldiak antolatzea gero eta garestiagoa da, eta udalaren ekarpena ez da neurri berean hazi.
Dena den, auzo guztiek ez dute egoera bera. Arroabean, adibidez, aurrekontuari buruzko kezka gutxiago azaldu dute. Zestoako auzorik handiena izanik, udalaren dirulaguntza handienetakoa jasotzen dute, baina ez da hori arrazoi bakarra. Festa batzordeak festa aurretik inguruko enpresetara jotzen du babes eta laguntza ekonomiko bila. Haien esanetan, lan horretan arreta berezia jartzen da.
Narrondon ere antzeko adibide bat aipatu dute. Azken urteetan ospe handia hartu duen sardina jatea auzotar baten enpresaren laguntzari esker antolatzen dute, eta horrek ekitaldiari eustea ahalbidetu du.
Aizarnan, ordea, gau bateko musika emanaldi batek aurrekontuaren zati handiena irents dezakeela azaldu dute. Auzoetako batzordeetako hainbat kidek uste dute azken urteetan jaietako zenbait ekitaldik indarra galdu badute, neurri batean behintzat musika eta ikuskizunen kostuak garestitu direlako izan dela. Aurrekontuak mugatuak direnean, zailagoa da jendea erakartzeko gaitasun handia duten taldeak edo ikuskizunak kontratatzea, eta horrek festen erakargarritasunean ere eragina duela diote.
Bestalde, auzo guztietan aipatu dute administrazioaren eskakizunak handitu direla. Lehen modu informalagoan egiten ziren hainbat gastu gaur egun fakturekin justifikatu behar dira, eta horrek ere kostuak garestitu dituela diote. Herriko musikari bati edo laguntzaile bati lehen baino zailagoa zaio ekarpena egitea, baldintza gehiago bete behar direlako.
Iraetan, gainera, egoera berezia bizi dute. Santa Ines jaiak urtarrilean ospatzen direnez, udalaren dirulaguntza festak igaro ondoren jasotzen dute. Horren ondorioz, festa batzordeko kideek euren poltsikotik aurreratu behar izaten dute dirua hainbat gasturi aurre egiteko.
Hala ere, bada datu deigarri bat: inork ez du eskatu udalak festen antolakuntza bere gain hartzea. Kontrakoa adierazi dute guztiek. Udalak lagundu dezakeela uste dute, baina jaiak herritik eta herritarrengandik sortu behar direla. Festa batzorderik gabe, diotenez, festek ez ezik, auzoek eurek ere nortasunaren zati handi bat galduko lukete.
Harremana, oro har, ona dela adierazi badute ere, auzotarrek nabarmendu dute herrigunetik datorren presentzia urria dela, bai herritarren aldetik, bai udal ordezkarienetik. Sentsazio hori bereziki indartsua da beste udalerri batzuekin mugakide diren auzoetan.
Azpiegiturek ere egiten dituzte festak
Auzoetako festak ez dira soilik aurrekontuaren araberakoak. Azpiegiturek eta espazioek ere eragin handia dute antolakuntzan eta jaietako giroan.
Narrondon, adibidez, ez dute eremu estalirik. Horregatik, urtero karpa alokatu behar izaten dute, eta gastu horrek aurrekontuaren zati handi bat eramaten du.
Iraetan kontrako egoera dute. Estalitako gunea badute, baina ekitaldi guztiak toki berean egiten direnez, etengabe muntatu eta desmuntatu behar izaten dituzte mahaiak, oholtza edo bestelako egiturak. Lan handia eskatzen duen antolaketa da.
Aizarnan ere eguraldiak eragin zuzena du festetan. Euria egiten duenean jendea txosnaren estalpean babesten dela azaldu dute, eta horrek ekitaldi batzuen garapena baldintzatzen duela. Festa batzordeko kideen esanetan, askotan bi tanta nahikoa izaten dira plaza hustu eta jendea estalpera biltzeko. Horren ondorioz, dantzaldiak edo kalean egiteko pentsatutako ekitaldiak indarra galtzen dute, nahiz eta jendea festan bertan egon.
Espazioei buruz hitz egitean, auzo guztietan agertu da beste elementu bat, elkarte gastronomikoena. “Soziedadeak” herri bizitzaren eta festen antolakuntzaren erdigune dira kasu askotan. Elkarteetako zuzendaritza alde edo kontra izateak festen bilakaeran eragin zuzena duela ikusi da. Izan ere, elkarteen izaera publiko-pribatuarekiko pertzepzioa ere aldatu egin da, gizartearen isla. 
Horren adibide positiboa da Lasao. Duela bederatzi urte eraikitako Aisialdirako Egoitza dute bertan, eta eraikin horrek auzoaren bizitza soziala erabat aldatu duela diote. Elkarte gastronomikoa izateaz gain, auzo elkartearen bilgunea ere bada, eta biak primeran uztartzen direla adierazi dute. Festa batzordeko kideek azaldu dute espazio horri esker belaunaldi berriak elkartzeko aukera izan dutela, eta neurri batean horrek ekarri duela azken urteetako berpizkundea.
Herria bizirik mantentzeko modu bat
Festa batzordeetako kideei zerk bultzatzen dituen galdetuta, erantzunak desberdinak dira, baina funtsa bera.
Batzuek ilusioa aipatzen dute. Beste batzuek, ardura. Askok “norbaitek egin behar duelako” esaten dute. Baina erantzun guztien atzean ideia bera dago: auzotar sentitzea eta herria bizirik mantentzea.
Izan ere, auzoetako festak ez dira soilik lau eguneko ospakizunak. Urte osoan zehar auzotarrak lotzen dituen haria dira. Belaunaldiak elkartzen dituzte, harremanak sendotzen dituzte eta auzo bakoitzari nortasuna ematen diote.
Eta horregatik, festa batzordeetako kideek antzeko mezuak helarazi nahi izan dizkiete auzotarrei: festak guztionak dira. Kritikak egiteko eskubidea dago, noski, baina parte hartzeko aukera ere beti dago zabalik. Izan ere, auzo guztietan errepikatu da: festak herritik eta herriarentzat antolatzen jarraitu behar direla.