Albisteak

Ate joka dira Narrondoko sankristobalak

Dena prest dute Narrondon aurtengo San Kristobal jaietarako. Bihar hasi eta igandera bitartean, auzoa festa giroan murgilduta egongo da, adin guztietarako egitarau zabalarekin.

Bihar, ostiralez, Kristobal Deunaren egunarekin hasiko dira jaiak. Goizeko 08:00etan botako dute txupinazoa, eta 11:00etan herri meza egingo dute. Ondoren, hamaiketakoa izango da. Arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara, puzgarriak, zezen mekanikoa eta txokolatada izango dira, eta eguraldi ona eginez gero uretako puzgarriak ere jarriko dituzte. 19:30ean inguruko baserrietako sagardo dastaketa egingo dute pintxoekin batera, Ostolaza eta Larrañaga trikitilarien doinuekin. Gaua dantzaldiarekin amaituko da.

Hemen duzue egitaraua, osorik:

  • Uztailak 10, ostirala
    • 08:00 Txupinazoa.
    • 11:00 Herri meza eta, ondoren, hamaiketakoa.
    • 16:00-20:00 Puzgarriak, zezen mekanikoa eta txokolatada. Eguraldi ona egiten badu, uretako puzgarriak izango dira.
    • 19:30 Inguruko baserrietako sagardo dastaketa pintxoekin eta Ostolaza eta Larrañaga trikitilariak. Ondoren, dantzaldia.
  • Uztailak 11, larunbata
    • 12:00 Bidegorriko I. Poteoa Bizikletarekin.
    • 15:30 Mus eta Eskoba txapelketa.
    • 20:30 Sardina jana. Sardinak doan, saiheskiak eta edariak ordainduta. Ondoren, Elizagoien ahizpak eta Imanol trikitilariak.
  • Uztailak 12, igandea
    • 11:00-14:30 IV. Artisau azoka eta talogileak. Talogileak egun guztian zehar egongo dira.
    • 12:30 Zapotxin pailazoaren Baratxuri zoparen sekretua emanaldia.
    • Ondoren, bazkaltzeko aukera izango da karpan, bakoitzak bere janaria eramanda. Edariak mostradorean erosi beharko dira.
    • 18:00 Herri kirol erakustaldia. Aizkolariak: Andoni Iruretagoiena “Izeta VI”, Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugerza eta Eneko Otaño. Harri-jasotzaileak: Estefi Etxebeste eta Udane Ostolaza.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide