Albisteak

Merkaturatze agroekologikoa izango dute hizpide igandean Amillubin

Eskola Haziak egitasmoko laugarren saioa egingo dute igandean Amillubin. Goizean zehar auzolana, ikaskuntza eta elkartrukea uztartuko dituzte, eta jardunaldia interesa duen edonorentzat izango da irekia.

Egitaraua 9:00etan hasiko da auzolanarekin; horretarako, eskularruak eramatea gomendatu dute antolatzaileek. Ondoren, 11:00etan, kafea hartu eta solaserako tartea izango dute parte-hartzaileek. 11:30ean hasiko da eguneko saio nagusia. Bertan, Elikagunearen funtzionamendua ezagutzeko aukera izango dute, eta, aldi berean, ekonomia agroekologiko eta feministaren inguruko gakoak eta hausnarketak partekatuko dituzte. Mirene Begiristain eta Ioritz Aizpuru izango dira hizlariak.

Bestalde, antolatzaileek jakinarazi dutenez, Amillubiren inguruan prestatzen ari diren dokumental laburraren grabazioa ere egingo dute jardunaldian. Garro anaiak bertan izango dira irudiak jasotzen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide