Urria 2026
— 2026-10-29Irakurri 286. zenbakia hemen.

Euskal Herriko txoko ezagun zein ezezagunenak algaraz betetzen ari da Maria Blanco Mendizabal (Zestoa, 1995) azken urteotan. Herrian bertan hasi zuen oholtza gaineko ibilbidea, eta kontsultako lana areto zein plazetako jardunarekin uztartzen du egun.
Noiz igo zinen lehen aldiz oholtza gainera?
2014an Zestoako antzerki eskolan hasi nintzen. Amak apuntatu ninduen, bat-batean. Amancayk antzerki eskolak ematen hasi behar zuela jakin zuen eta…
Nola gogoratzen duzu garai hura?
Ba, egia esan, ilusio handirik gabe; inertziaz izan zen. Lehenengo urtean gogo gutxirekin. Denbora aurrera joan ahala, ordea, oso gustura ibili nintzen. Ikaragarrizko taldea geneukan. Herriko jende pila bat ezagutu nuen antzerkiari esker. Antzerki taldeak hori zeukan, herriko adin desberdinetako jendea elkartzen ginen, izugarrizko popurria. Giro polita eta sanoa geneukan, asko zaintzen genuen elkar, eta asko ikasi nuen.
Denborak aurrera egin ahala piztu zitzaizun, beraz, antzerkirako gogoa.
Erabat. Ez da txikitatik nahi izan dudan zerbait. Beti izan naiz nahiko teatrera edo; ez dakit zer izan naizen. Mugitua naiz, mugitua eta dramatika. Nik uste dut amak horregatik apuntatu ninduela antzerkian; nonbait sartu nahi ninduen. Amarekin hitz egin izan dut horri buruz, galdetu izan diot ea zergatik bidali ninduen antzerkira, baina orain ez dut gogoratzen… Aitziber Garmendia gure urrutiko lehengusina delako agian…
Zure amari esker zaude hemen, orduan.
Bai, bai, erabat. Amari eta Amancayri esker. Berak sortu zuen herri txiki batean horrelako espazio bat. Eta lagunak… hasieratik babestu naute lagunek, haiek gabe ez nuke bide honetan jarraituko.
Zenbat urte egin zenituen antzerki taldean?
Hamar, uste dut. Bukaeran esfortzu handia zen niretzat taldearen dinamika jarraitzea. Ikasturte amaierako emanaldiak… Antzerki taldeak ematen du ematen duena, eta nik zerbait gehiago nahi nuen; saiatu, behintzat. Gorputzak gehiago eskatzen zidan.
Orduan eman zenuen bakarrizketetara saltoa?
Tartean kotxeko istripua bat izan nuen, eta horrekin gauza asko birplanteatu nituen. EITBn Barre Librea izeneko umore saioa zegoen martxan Jon Plazaola eta Aitziber Garmendiarekin. Euskal Herriko aktore eta umoregileek bakarrizketak egiten zituzten. Aitziberri idatzi nion eta galdetu nion ea ezaguna ez zen jendeak bazuen aukerarik bakarrizketak. Baietz esan zidan, eta lagun bat eta biok castinga egitera joan ginen; eta baiezkoa eman ziguten.
Zer suposatu zuen salto horrek?
Oso esperientzia polita izan zen. Hotza, ze telebista hotza da niretzat. Foko asko, baina jendearen berotasun gutxi. Nahiago dut kaleko berotasuna, plazandrea naiz. Telebista erosoa da, errazagoa: makilatu egiten zaituzte, printzesa baten moduan tratatu… Baina niri, egia esan, hori ez zait hainbeste gustatzen. Ondo ordainduta baldin badago bai, noski, kar, kar, kar. Esandakoa, niri plaza gustatzen zait, jendearekin egotea. Berdin da areto bat beteta dagoen edo erdi hutsik, baina jendea hor dago, zuri begira, zurekin. Hori da niretzat onena.
Eta telebistatik, plazara.
Halaxe izan zen. Barre Librea eta gero hasi nintzen bakarrizketak egiten. Julen Portillo zarauztarra ezagutu nuen. Bera bakarrizketak egiten hasia zen, eta elkartu egin ginen. Gero Ane Lindane eta beste asko ezagutu nituen. Bakarrik joan zen, bat-batean etorri zen, ez nintzen bila joan. Gutxitan gertatu zait hori. Bakarrizketena halaxe izan zen.
Bakarrik etorri zen, baina hor jarraitu duzu.
Hor egoten jakin behar duzu. Hasi nintzenean, ez nekien ezer. Bueno, egia esango dizut: oraindik ez dakit nola egiten den bakarrizketa bat: liburuak irakurri ditut, teoria irakurri, aplikatzen saiatu… Ausartu egin nintzen, eta kito.
Beti jendez inguratuta zaude, baina bakartia al da bakarrizketarien mundua?
Aitziber Garmendiak bere garaian esan zuen moduan, bakarrizketariok oso bakarrik gaude, oso bakartia da. Ana Goitia edo Antton Telleria ez bazara… Horiek jendea mugitzen dute, baina besteok… Oso zaila da plazak betetzea eta jendea mugitzea. Horregatik elkartu ginen bakarrizketak egiten genbiltzan batzuk. Denok bat egiteko. Errazagoa da guretzat. Hortik etorri zen Bostok taldea, Eztanda…
Nola pasatzen da ideia bat izatetik eszenatokian jendea barrez jartzera?
Ez da erraza izaten inspiratzea, ideiak izatea. Nire eguneroko bizitzan gertatzen zaizkidan gauzek inspiratzen naute: nire bizipenak, lagunenak, ingurukoenak… Ez dakit, edozer izan daiteke. Ideia bat dagoenean eszenatokira pasatzea da politena.
Nolakoa da emanaldi egun bat?
Deitzen didatenean zuzenean Google Mapsen sartzen naiz. Ea non dagoen, zenbat denbora beharko dudan… Euskal Herriko txoko asko ezagutu ditut. Eta egunean bertan… Normalean, anbulatoriotik irten eta arratsaldetan izaten dira emanaldiak. Urduri baldin banago, gutxi jaten dut eta hala joaten naiz. Antolatzaileekin hitz egin, testua errepasatu… Eta oholtzara.
Eta amaitzen denean zer?
Ondo atera bada eta jendeak zoriontzen banau, sekulako ilusioa egiten dit eta txute bat da. Gero lo egin ezinda egoten naiz ia beti, adrenalina topera.
Edozer al da umorea? Ba al duzu mugarik?
Bai, noski, mugak badauzkat. Jendea sentikorra da. Baina bueno, azkenean umorea umorea da, librea da, ez dakit. Batzuek gauza batzuk ez dituzte ondo ulertzen… Norbanako bezala izaten dugu askotan arazoa, ez dakigu gure buruaz barre egiten. Zenbat gauza uzten ditugu bizitzan egin gabe lotsa hutsagatik? Dantzako klasetara joan, hondartzara joan, antzerkian izena eman, gustuko duzun pertsonari idatzi…
Ba al dago zure saioetan erabiltzen ausartzen ez zaren gairik?
Bai. Donostian egin nuen bakarrizketa batean atera nuen gai bat, eta damutu egin nintzen. Oso ondo atera zen, baina… ez nuen gai horri buruz hitz egin behar, oso pertsonala zen. Askotan, ingurukoak babesteko, hobe da isilik egotea.
Espoilerrik ezin da egin, ezta?
Oraingoz ez. Agian beste momenturen batean eutsiko diot berriro gaiari…
Umoregilea eta emakumea. Titulu horrek asko saltzen al du?
Lepo. Martxoan agenda leporaino beteta izaten dut. Martxoaren 8a pasata, gauza jaisten joaten da. Baina martxoa gertu dagoenean… superizar bat zara bat-batean. Eta horrek sekulako amorrua ematen dit. Askotan emakumeoi kupoa betetzeko deitzen digute.
Zer esan nahi duzu horrekin?
Lau pertsonak joan behar badute bakarrizketa bat egitera, hiru mutil eta neska bat joango dira. Inoiz ez dira izango lau neska. Eta bai, egia da, gehienak mutilak dira, baina kantitateak ez du kalitatea esan nahi. Zergatik egiten dute gizonek hainbesteko grazia eta emakumeok hain txikia? Zergatik daude umoregintzan hainbeste gizonezko erreferente eta hain emakume gutxi? Patriarkatu batean bizi garen momentutik, emakumeok beti gaude bigarren lerroan. Hori arazo estruktural bat da. Eta neketsua da, oso neketsua. Baina, bueno, hor jarraituko dugu ahal dugun bitartean. Egunen batean martxoa bakarrik ez, beste hilabeteak ere hartuko ditugu. Ematen du hilabete horretan bakarrik existitzen garela, eta ez, urte osoan gaude hor. Askotan sentsazioa dugu deitu digutela ez guk egiten duguna gustatzen zaielako, baizik eta emakumeak garelako eta kartelean emakume bat behar dutelako.
Zer suposatzen du horrek zuretzat?
Ba gauzak birplanteatzen hasten zara. Jo, ba agian ez naiz ona, ez dut hain ondo egiten… Horrelako pentsamenduak maiz etortzen zaizkit. Eta hor hasten da zure buruarekin gatazka emozional irrazional bat.
Eszenatokira igotzen zaren bakoitzean epaitua izatearen sentsazioa al daukazu? Nola daramazu presio hori?
Ba ez dakit. Lehen lasaiago joaten nintzen, baina orain presio gehiago sentitzen dut nire gain. Ze, jo, jendeak niregandik zerbait espero du, eta ondo egin behar dut. Bakarrizketa hasi aurretik presioa sentitzen dut, eta testua errepasatzen hasten naiz, baina askotan paralizatuta gelditzen naiz. Gero pasatzen zait…
Gaur egun, badirudi sare sozialetan ez bazaude ez zarela existitzen.
Gorroto ditut sare sozialak. Uste dut kuadrillan azkena izan nintzela Instragrama izaten. Ez nuen nahi horren parte izan. Ez dago benetako ezer. Baina, bestalde, niri ate asko zabaltzen dizkidate sare sozialek. Jende asko jartzen da nirekin kontaktuan Instragrametik. Azkenean, lanerako tresna gisa hartzen dut. Gorroto dut hau esatea, baina ikuskizun munduan egon nahi baldin baduzu nahitaezkoa da sare sozialak izatea.
Bizitzeko ematen al du?
Honetatik bizi? Ba, ez dakit. Agian hilabete batean fakturak ordaintzeko gai izan zaitezke, baina hurrengo hilabetean zer? Oso ezegonkorra da, eta horrela ezin zara bizi. Pare bat hilabetez egon nintzen honetatik bakarrik bizitzen, baina oso zaila da, ia ezinezkoa. Oso gutxi dira honetatik soilik bizitzeko gai direnak.
Gustatuko litzaizuke?
Bai, bai, noski. Hitz egiteagatik ordaintzea? Nire gauza faboritoa da, kar, kar, kar.
Aho eta hortz higienista zara ofizioz. Kontsulta ere umorez betetzen al duzu?
Bai, saiatzen naiz behintzat. Horrelako lekuetan jendea burumakur eta erdi triste egoten da. Gure kontsulta, odontologia, pediatria ondoan egoten da ia beti, eta niri umeak asko gustatzen zaizkit. Jende edadetuarekin ere oso ondo moldatzen naiz eta saiatzen naiz beti laguntzen, irribarre bat ateratzen… Egia esan, Osakidetzako lana gustatzen zait, errutina bat markatzen dit.
Goizean kontsultan eta arratsaldean eszenatokian. Nola daramazu erritmo horretan bizitzea?
Ba oso gaizki, itota. Gauzak ahaztu egiten zaizkit. Aurreko batean 80 urteko amona batek Bergarako harategian esan zidan gauzak ahazten zitzaizkiola, eta nik esan nion niri ere gertatzen zitzaidala eta 31 urte ditudala, eta lasai egoteko! Osakidetzan ere ordezkapenak egiten ditut; beraz, ia ezinezkoa da hilabetea planifikatzea. Batzuetan egutegiari begiratzen diot eta pentsatzen dut oso ondo antolatu dudala, eta, bat-batean, hurrengo egunean ez dakit zer ordezkapen egiteko deitzen didate, edo prentsaurreko bat emateko ez dakit non… Niri dena kontrolpean izatea gustatzen zait, eta nire egunerokoan hori ia ezinezkoa da. Egunean egunekoa.
Aurten Punpairez bideopodcasta sortu duzue, eta aurkezle lanetan zabiltza. Nola sentitzen zara paper horretan?
Oso ondo. Naiz irratiak bultzatutako proiektu potente bat da. Zestoan ere izan ginen, eta mundiala izan zen. Naroa, Mikel, txarangakoak… oso polita izan zen, pila bat disfrutatu nuen. Orokorrean ondo eta gustura sentitzen naiz.
Zer ematen dizu publiko aurrean jartzeak?
Jendea bizirik dagoela sentitzen dut, barrez, hizketan… Egiten dudanak horrekin hartzen du zentzua. Askotan planteatzen dut ea merezi duen egiten dudan guztiak, baina bakarrizketa bat ondo ateratzen denean jendea gustura ikusten duzu, ondo pasatzen, barrez… Hori da nire bizitzeko arrazoietako bat, behar dudan gasolina. Dena ematen dit, ez dakit azaltzen.
Zein da eszenatokian bizi izan duzun momenturik kuttunena?
Ana Goitiaren Katana ikuskizuneko sarrera egin nuenean, Bilbon. Kristona izan zen. Eta beste bat…Aurtengo udan Baliarrainen izan nintzen neu bakarrik bakarrizketa bat egiten. Ordu erdiko saioa egin behar nuen, eta azkenean ordubete aritu nintzen. Publikoa oso gustura zegoen eta ni ere bai. Izugarrizko giroa zegoen.
Burua beti martxan duzu. Ideiak amaituko al dira inoiz?
Ba ez dakit, baina ideiak bukatzeak beldurra ematen dit. Agian egunen batean batere gabe geldituko naiz, eta hori kezkagarria izango da.
Zer daukazu egiteko?
Hasteko, Zestoara itzultzea, kar kar kar. Tarte hau aprobetxatuko dut Zestoan etxe bila ari naizela esateko. Hori albo batera utzita, gauza asko dauzkat buruan. Gauza dezente ditut idatzita, eta proiektu horiei forma ematea gustatuko litzaidake.
Ze etorkizun ikusten diozu bakarrizketa formatuari?
Uste dut formatu erraza eta irisgarria dela. Mikrofono bat eta bozgorailua bakarrik behar dugu. Kulturari espazio bat eman behar diogula uste dut. Musika errazago kontsumitzen dugu, baina bakarrizketak, antzerkia… gehiago kostatzen zaigu. Bolada batean bakarrizketari berri pila bat agertzen ziren, txanpiñoiak bezala, baina horrek behera egin du. Nik uste dut denontzat dagoela lekua. Antton Telleria eta Ana Goitia ere nekatuko dira, eta erreleboa egongo da.
Zer esango zenioke 2014an antzerki eskolan hasi zen Mariari?
Flipatu zer datorren.
Zein da hurrengo erronka?
Aktore bezala zerbait egitea gustatuko litzaidake.
Nola ikusten duzu zure burua 20 urte barru?
Zestoan bizitzen.
Itsaso Waliño Errasti