Albisteak

[ERREPORTAJEA] Logelak alokatzea negozio iturri

Zestoar batek baino gehiagok herriko hormetan itsatsitako kartelen bidez jakingo zuen: Arretxe eraikinean logelak alokatzen dira 450 euroren truke. Orain dela hilabete batzuk, Julen Zabalo higiezinetan inbertitzen ari den zumaiarrak berak eman zuen horren berri sare sozialetan. Urola Erdiko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu egin zuen jarduera. Dirua irabazi nahi duen asko ari da inbertitzen etxebizitzetan, eta aterpe duina izatea gero eta zailagoa da. Legeak babesten ditu, ordea, inbertitzaileok: logelak alokatzea legala da.

Herriko hormetako karteletan ezagutu dugu askok Julen Zabalo zumaiarra. Sare sozialetan esan dituenak (gaztelaniazkoaren itzulpena da ondorengoa) jaso ditu Urola Erdiko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Zabalok hala dio: “Bete-betean sartu naiz higiezinen inbertsioan. Gaur egun Rent to rent eremuan egiten dut lan, zeinaren arabera higiezin bat alokatzen den eta gero logelaka berralokatzen den. Gaur egun hamabost logela kudeatzen ditut Gipuzkoan (Euskal Herria)”. Arretxe eraikinaren etxe-aurrearen argazki bat erakusten du eta beste argazki batean bera ageri da eraikinaren aurrean. Zabalok iragartzen zuena zen, Zesareo Diaz Enparanza kalean, 4. zenbakian, hamar logela zituela alokatzeko, bakoitza 450 eurotan. Gutxienez hiru hilabeterako eskaintza egiten zuen, eta bikote batek eskatuz gero logela 500 euroan eskaintzen zuen. Etxebizitza Sindikatuak salatu eta gero, sare sozialetatik informazio guztia kendu zuen.

Eraikinak ez ditu bizigarritasun baldintzak betetzen

Alegia, orain Arretxe eraikinean ezin da inor bizi, baina ez logelak alokatzea legez kanpokoa delako, ez baita ilegala, baizik eta obrak behar bezala egin ez direlako. Eraikinaren jabeak eskatu zion Zestoako Udalari aldaketa batzuk egiteko baimena eta lan horiek egiteko baimena eman zitzaion. Etxe-jabeak Zabalori alokatu zion eraikina eta azken horrek bere negozioaren berri eman sare sozialetan. Sareetako informazioa eta Etxebizitza Sindikatuaren salaketaren berri izanda, udalak ikuskaritza egitea eskatu zuen, ez baitzetozen bat jabeak aurkeztutako proiektua eta Zabalok emandako informazioa. Eraikina ikusita, eta egindako obrak udalak emandako lizentziarekin bat ez zetozenez, erabaki zuen bizigarritasun-baimenik ez ematea, eta beraz, gaur egun ez du erabilerarako baimenik.

Kontua da udalak erabaki hori hartzerako, jendea bizitzen ari zela Arretxen. Mikel Arregi alkateak adierazi digunez, langile profileko maizterrak ziren eta bakoitzarekin negoziatu zuten irteera, “ezin baikenituen egun batetik bestera bota, hilabetetako eta baita urtebeteko kontratuak ere eginak zituzten eta”.

Danbolinek etxe-jabearekin hitz egin du eta aldizkari honi adierazi dionez, hasieratik udalarekin kolaboratu nahi izan du. Bere ustez, erreformak egiteko eskaera ondo aurkeztu zuen, baina behin lanak hasita, egiteko gauza berriak agertu zirela dio. Gaitzetsi du jendeak ulertu izana eraikinean hamar logela egin dituela, eta baieztatu du eraikinak berak hamar logela zituela erosi zuenean. Bost komun egin dituela ere adierazi du. Jabea ez dago ados eraikinari bizigarritasun-baimena kendu izanagatik, haren ustez baldintzak betetzen dituelako. Irailaren 29an aurkeztu zuen proiektu berria eta erantzunaren zain dago. Jabea jakitun zen etxearen maizterrak logelak berralokatzeko asmoa zuela.

Logelak alokatu daitezke

Eta gertatu daiteke hori Arretxen berriz, baldin eta jabeak bizigarritasun-baimena lortzen badu. Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak dira etxebizitza eta logela turistikoak eta ez dago inongo araurik logelak alokatzea debekatzen duenik. Zestoako Udalak etxe-jabearekin hitz egin du Arretxeren egoeraz, eta jakinarazi dio udalak ez duela onargarritzat logela alokatuen eredua.

Eta gai honetan eraginik ba al du joan den udaberrian Zestoa tentsiopeko eremu izendatu izanak? Espainiako 12/2023 Etxebizitza Eskubidearen Legeak sortu zuen figura hori, etxebizitza merkatuan tentsio handia duten herrietan alokairuaren prezioak arautu eta bestelako neurriak aplikatzeko aukera emateko. Kontua da tentsiopeko eremurako hartutako neurri sortak ez diola heltzen berralokatutako logelen kontuari. Hutsune legalak bere horretan segitzen du. Katalunian, adibidez, EAEn ez bezala, erkidego mailako legeak jasotzen du logelak berralokatu daitezkeela baldin eta etxe-jabea bertan bizi bada, bestela ez.

Bizitokiak espekulatzaileen atzaparretan

Eneko Larrañagarekin, Urola Erdiko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidearekin, hitz egin du Danbolinek. Sindikatu honek salatu zuen Arretxe eraikinean gertatutakoa, sare sozialetan horren berri izan eta gero. Larrañagaren ustez, gertaerak argi azaltzen du maizterraren asmoa, hau da, hamar logela alokatzea aurreikusi zuen etxebizitza duin bat zer den (logelak, sukaldea, egongela eta abarrak) ulertzen dugunetik harago: “Hamar logela alokairuan jarrita ahalik eta diru gehien atera nahi zuen, eta errentetatik bizi. Gure ustez, hori espekulatzaile bat da. Negozioa egiteko modu bat da eredu hori”. Eredu hori gero eta gehiago zabaltzen ari da eta sindikatuan badakite Urola bailaran horrelako adibide gehiago daudela. Arretxerena, ordea, ezohikoa izan da eraikin osoa alokatu duen pertsonak horren berri eman duelako sare sozialetan: “Negozioa egiten ari dela berak zabaldu du, harro erakutsi du. Hirietan, sare sozialetan… horrelakoak ikusten dira, baina hemen eta hemengo pertsona bat tartean dela, guk ez dugu ezagutu. Gainera, nolabait jendea bultzatzen zuen gauza bera egitera”. Larrañagak gehitu du gure inguruan negozio mota horren aurkako diskurtsoa barneratuta dagoela eta horregatik sortu duen oihartzuna handiagoa izan dela.

Sindikatuaren egitekoa, besteak beste, etxebizitzaren arazoaren muina salatzea eta herritarrak sentsibilizatzea da. Hala, etxebizitza espekulaziorako erreminta bihurtu da, “lehenago merkatuan beste zerbait izango zen errentagarritasun handia ematen zuena, orain etxebizitza da”. Gaur egun etxebizitza bat edukitzea jende askorentzat da arazo, “salbu eta negozio horretaz baliatzen denarentzat. Hau da, etxebizitza jendearentzat arazo izatea espekulatzailearentzat aukera bat da”, eta ondorioz, etxea erostea gero eta garestiagoa, eta alokatzea ere bai.

Arretxekoa maizterrak berak jarri digu begien bistan, baina bailaran oihartzunik eman gabe horrela alokatzen diren etxebizitza dezente egongo direla aitortu du Larrañagak. Logela alokatzaileak, gehienetan, enpresak eta hainbat etxebizitza dituzten etxe-jabeak izaten dira, baina bada hirugarren profil bat ere, hau da, beharrak eraginda beraiek bizi diren etxea berralokatzen duten pertsona zaurgarriak, sarri migratu duten pertsonak.

Merkatuan, etxebizitzen eskaintzatik baldintza txarrenak dituena izango da logelena, baina pertsona askok aterpe bat bilatzeko bestelako aukerarik ez dauka. Aukera horretara jotzera behartuta dauden pertsonen profila marrazterakoan Larrañagak egoera sozioekonomiko okerrenean daudenak aipatu ditu, askotan migratu duten pertsonak, eta baita bertan jaioak diren gazteak ere. Eredua legala da, baina besterik gabe ilegalizatzeak ondorio larriak izango lituzke: “Ez dira baldintza duinetan bizi, baina beste aukerak okerragoak dira. Logela alokatzeko aukera kentzen badiezu, ezin dute etxebizitza bat alokatu. Okerrenen artean aukera onena dute, etxe-jabeek badakite bezeroak izango dituztela. Adibidez, badakigu bailara honetako tokiko erakunderen batek etxe-jabeari deitu izan diola galdezka ea logelarik duen larrialdian dagoen pertsona bat horra bideratu ahal izateko”.

Zein da aterabidea?

Etxebizitza Sindikatuaren iritziz, etxebizitza eskubidea gauzatzeko arazoak ez dauka aterabiderik etxebizitzak merkantzia izaten jarraitzen baldin badu, hau da, negozioa egiteko tresna. Gaur egungo gizarte honetan ez, beraz, baina sindikatuak etorkizunerako marrazten duen estatu sozialistan helburua litzateke etxebizitzak kalitatezkoak, doakoak eta unibertsalak eskaintzea. Bitartean, gaur gaurkoz herritarren kontura baino errentatzailearen kontura neurriak hartzea proposatzen dute. Adibide bat jarri du norabide aldaketa egiteko beharra azaltzeko: erakunde publikoek dirulaguntzak ematen dizkiete herritarrei alokatu ahal izateko eta diru hori zuzenean etxe-jabearen edo berralokatzen ari den pertsonaren poltsikora doa. Horren aurrean, etxebizitzarekin negozioa egiten ari diren etxe-jabe eta maizterren irabaziak mugatzea proposatzen dute, besteak beste jabetza kopurua mugatuta, eta prezioak mugatuta bai saltzeko etxeei eta bai alokatzeko etxeei.

 

Onintza Irureta Azkune




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide